Etiketaren artxiboa: gazteak

Unibertsitateko zein ikasketatan ligatzen da gehien?

índiceIkasleen ezagutzak gehitzeko ez ezik, ligatzeko aukera ere ematen du unibertsitateak kasu askotan. Jende berria ezagutzen dute gazteek, eta, zalantzarik gabe, harremanak garatzeko toki ezin hobea da.

Baina unibertsitateko zein ikasketatan ligatzen da gehien? Meetic aplikazio ezagunak egindako ikerketak erakusten du mutilen eta nesken kasuan fakultate arrakastatsuena ez dela berbera.

Hala, emakumeek Zuzenbide ikasketetan ligatzen dute gehien, eta ondotik jarraitzen diete Irakasle-ikasketek. Hirugarren tokian Medikuntza dago, eta laugarren eta bosgarren lekuetan kokatu dira, hurrenez hurren, Arkitektura eta Erizaintza.

Mutiletan, berriz, Enpresa Zientziak edo Ekonomikak aukeratzen dituztenek errazago ligatzen omen dute. Ingeniariek jarraitzen diete aipatu bi karrerei, eta zerrendan ondoren datozen ikasketak errepikatu egiten dira: Medikuntza, Arkitektura eta Irakasle-ikasketak.

Drogen eta sexualitatearen arteko harremana

Aste honetako ‘SexSua’ saioak drogen eta sexuaren arteko konbinazioa aztertu du. Zer motatako drogak kontsumitzen ditugu harreman sexualak izateko? Nolako efektuak dituzte drogek gure sexu-harremanetan? Sortutako galdera guztiei erantzuna aurkitzen saiatu da Jon Gomez aurkezlea, drogetan adituak diren profesionalak elkarrizketatuz.

Unai Lizarralde, droga-menpekotasun teknikaria

Unai Lizarralde, droga-menpekotasun teknikaria

Droga ezberdinek sexua praktikatzen duen horrengan duten eragina aztertu aurretik, ezinbestekoa da drogak zer diren eta nola erabiltzen ditugun ezagutzea. Horregatik, drogamenpekotasun teknikari Unai Lizarralderekin bildu da Jon Gomez, eta, elkarrizketaren hasieran, honakoa nabarmendu du teknikariak: “Drogak betidanik egon dira, gure inguruan daude eta beti egongo dira”. Honenbestez, drogekin ditugun hartu-emanak modu egokian kudeatu eta hezkuntzan egin beharreko lana azpimarratu du Unai Lizarraldek.

'SexSua' saioa, EHUko ikasleekin izan da

‘SexSua’ saioa, EHUko ikasleekin izan da

Jon Lizarralderen ustez, gizartean onartuta daudenak edota legalak direnak dira drogarik arriskutsuenak (tabakoa, alkohola…). Droga mota hauek besteak baino hobeto ikusita daudenez, askoz ere eskuragarriagoak dira. Izan ere, euskal gazteak 13-14 urterekin hasten dira alkohola kontsumitzen.

Alkolismoan urteak eman dituen ama baten testigantza entzun dugu 'SexSuan'n

Alkolismoan urteak eman dituen ama baten testigantza entzun dugu ‘SexSuan’n

Alkoholarekin jarraituz, droga honek harreman sexualetan duen eragina ezagutu nahi izan du Jon Gomezek. Askok limurtzen laguntzen duela uste badute ere, alkoholak sexu-harremanean duen eragina oso bestelakoa da. Emakumezkoen kasuan, orgasmora heltzeko gaitasuna murrizten du eta gizonen kasuan, erekzioa mantentzeko ezintasuna eragin dezake.

Droga sintetikoak hobeto ezagutzeko, Jon Gomez Gasteizen izan da, AiLaket! droga-kontsumitzaileen elkartean. Honen helburu nagusia drogen kontsumitzaileei eta kontsumitzaile ohiei aholkularitza zerbitzua ematea da. Gainera, droga-laginen azterketak egiten dituzte, arriskuak murrizteko asmoz.

Leire Altuna, AiLaket! elkarteko kidea

Leire Altuna, AiLaket! elkarteko kidea

Leire Altuna AiLaket! elkarteko kideak droga-lagin bat aztertzeko ematen dituzten urratsak azaldu dizkio aurkezleari. Honez gain, diseinuzko drogak loditzeko erabiltzen diren materialez mintzatu da Leire. Droga sintetikoak gorpuzteko erabiltzen diren substantzien artean, kafeina eta azukrea dira ohikoenak. Kokainaren kasuan, askotan, dentistek erabiltzen duten anestesiko bat erabiltzen dela aipatu du AiLaket!-eko kideak.

Drogek sexu-harremanetan duten efektuaz aritu dira saioan

Drogek sexu-harremanetan duten efektuaz aritu dira saioan

Drogen efektu desinhibitzailearen inguruan ere mintzatu dira saioan. MDMA edo estasia da helburu honekin erabiltzen den droga. AiLaket!-eko kideak adierazi duenez, 80. hamarkadan, estasiaren efektuari “maitemintze faltsua” deitzen zitzaion. Droga mota hau kontsumitzen duten bi pertsonek bizi dezaketen haluzinazioen erakusle da maitemintze faltsua. Garai horietan estasiaren efektuak guztiz ezagutzen ez baziren ere, gaur egun egiten den kontsumoa masiboa dela esan daiteke. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, EAEn, urtero 60.000 gaztek onartzen du sintesi drogak probatu izana.

Estasi edo MDMAren kasuan ere, dauden mitoak gezurrezkoak direla froga daiteke. Desinhibizioa eta euforia eragiten dutela egia bada ere, harreman sexual arruntak izateko orduan, nahiko desegokiak dira. Izan ere, desira piztu ordez, kitzikapena eten eta sexuaz gozatzeko oztopoak eragin ditzake MDMA edo estasiaren kontsumoak.

Gai honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, hemen duzue saio osoa:

Japoniarrek ez dute sexuan interesik

sexo

Japoniako gazteek ez dute sexu harremanetan interesik.

Duela gutxi egindako ikerketa batek erakusten duenez, agintari japoniarrak arduratuta daude teknologia berriek sexuari garrantzia kendu diotelako.

Tradizioa alde batera utzi eta Internet bidez asetzen dute gazteek sexurako grina. Dirudienez, ezkontzari
beldurra diotelako jotzen dute harreman birtualetara. Neskek zein mutilek “trabatzat” dute amodioa.

Harrigarria bada ere, unibertsitate garaian dauden ikasleen erdiak ez du sexu harremanik eduki nahi, eta horietatik %40k ez du sekula sexurik izan.

Harreman birtualak

Japoniako 30 urtetik beherako mutilen herenak ez du inoiz bikoterik eduki. Gainera, 24 urtetik beherako mutilen %25ari ez zaio sexua interesatzen. Nesken kasuan, %45ekoa da kopuru hori.

Esan bezala, nahiago dute Internet bidez asetu sexurako grina. Askok panpina zibernetikoak aukeratzen dituzte horretarako, eta beste batzuek pornografia dute lagun.

Guzti horrek, biztanleriak behera egitea ekarri du, eta hainbat komunikabidetan zabaldu denez, horrela jarraituz gero, 2060an gaur egungo biztanleriaren herena izango du Japoniak.

Entzun “Akabo Bakea” saioko “Luzia eta Sexua” atalean kontatu digutena.

Maitale berriarekin, arau berriak

Argazkia: Cosmopolitan.

Argazkia: Cosmopolitan.

Maitasun harreman berri baten hasieran, urduritasunak, lotsak, presak… lehenengo sexu-harremanari kalte egin diezaiokete. Hori dela eta, lehenengo sexu-harreman hori atseginagoa izateko zenbait aholku prestatu dizkizuegu Gaztean.

Lehenengo araua: utzi presak alde batera.

Pertsona berezi horrekin egoteko gogoz egon arren, lasai hartu behar da lehenengo sexu-harremana. Sarketaren aurreko jolasei eta laztanei euren tartea eskaini behar zaie; sexu-hezitzaileen iritziz, bikotekideak gustuko duena ezagutzeko une paregabea da lehenengo sexu-harremana.

Bigarren araua: umore puntu batekin hartu egoera.

Bikote baten lehenengo sexu-harremana ez da pelikuletan agertzen den modukoa izan behar. Segur aski une deserosoak izango dira, lotsak eragindakoak.

Gainera, lehenengo sexu-harremana izaterakoan, hamaika pentsamendu etortzen zaizkigu burua: Gustatuko ote zaio nire gorputza? Hau edo hori egiten badut, zer pentsatuko ote du? Horrelako ardurek areagotu egiten dute bikotekideen arteko tentsioa. Egoera naturala sortzeko, hobe da egia esatea, eta kezkatzen zaituenaren inguruan hitz egitea.

Hirugarren araua: esaiozu gustuko duzuna.

Zure bikotekideak gustuko duzun zerbait egiten duenean, esaiozu. Carole Altman sexu-hezitzailearen arabera, gizonak gehiago berotzen dira euren bikotekidea gozatzen ari dela ikusten dutenean.

Lehenengo sexu-harremanean zaila da besteak ohean gustuko duena ezagutzea, horregatik, oso lagungarria da pistak ematea. Kontrako kasuan ere komeni da zintzotasunez aritzea: ez baduzu gustuko zure bikotekideak egiten duen zerbait, esaiozu. Plantak egitea askoz okerragoa da.

Laugarren araua: utzi konplikazioak beste egun baterako.

Ez da komeni lehenengo sexu-harremanean jarrera konplikatuak probatzea. Horrek ez du esan nahi misiolariaren jarrerarekin nahikoa denik; erdibideko puntu bat bilatu behar da.

“Emakumeentzat zein da ume bat izateko adin aproposa?”

Hemen duzue irakurle batek Olatz Berastegiri helarazi dion galdera eta Eingo al deu sexu-blogeko sexologoak gazte honi emandako erantzuna:

embarazada

Irakurlearen zalantza:

“Emakumeentzat zein da ume bat izateko momenturik aproposena? Hau da, zenbat urterekin da gomendagarria haurdun geratzea? Hobeto da oso gaztea izatea? Baina zien puntura arte? 20 urte? 28 urte? 35 urte?”

Olatz Berastegiren erantzuna:

“Kaixo, biologikoki adin egokia zein den galdetzen didazu. Lehenengo aipatuko dizut, sexologian eta bizitzan, orokortasunak, batez bestekoak… aurrean dugun pertsonaren ezaugarriak galtzera eramaten gaituela. Hau da, zuk zehatz-mehatz zure haurdunaldirako momentu egokiena (biologikoki) zein den jakiteko, azterketa pertsonal bat egin beharko zenuke.

Biologikoki, badira emakumeak haurdun geratzeko arazoak dituztenak, baita 45 urtekin berehala geratzen direnak ere. Dena den eta ikerketei begiratuta, eta orokortasun batean hartuta, 30 urtetik aurrera, ugalkortasuna jaisten doa.

Ondo izan”

Zer da sextinga?

Sakelako telefonoekin gorputz biluztuei argazkiak atera eta irudiak mezu bidez bidaltzeko moda zabaldu da AEBetako gazteen artean.

‘Sexting’ izenarekin ezagun egin den tendentzia honek bi faktore garrantzitsu uztartzen ditu: nerabeak eta teknologia berriak.

Normalean hurbileko lagunei bidaltzen dizkiete argazkiak, halere, zenbait kasutan txantxa hau umilazio bilakatzen da, hori dela eta, bihurrikeria den ala umeen pornografia izatera hel daitekeen aztertzen dabiltza.

Iturri ezberdinek emandako informazioaren arabera, 13 eta 17 urte bitarteko gazteen %20k bidali du noiz edo noiz biluzik edo erdi biluzik agertzen den argazkiren bat.

Dirudienez, dibertitzeko edota beste nerabe batzuekin ligatzeko erabiltzen dute moda hau estatubatuarrek. Dena den, aurrerantzean kontuz ibili beharko dute, batez ere, baimenik gabe lagunen baten irudiak bidaltzen dituztenean.

Horrelako kasuetan neurri gogorrak hartzen hasi dira agintariak eta AEBetako estatu askotan pornografiatzat eta esplotaziotzat jo dituzte mota honetako kasuak.