Egilearen artxiboa: Karmele Gurrutxaga

“Sexurako gogorik ez dudalako utzi nau mutil-lagunak”

sexoIrakurleak Olatz Berastegi sexologoari galdetutakoa:

“Duela egun batzuk nire mutil-lagunarekin neukan harremana bukatu nuen eta gure arteko eztabaiden arrazoietako bat sexu harremanak ziren. Azkenaldian nahiko gaizki sentitzen naiz nire buruarekin eta sarritan antsietatea izatean dut. Berak behin baino gehiagotan aurpegiratu dit ez dudala nire buruarekin hobeto sentitzeko ezer egiten, lanean hasi behar naizela eta, gainera, sexurako gogorik ez izatea leporatu izan dit askotan. Nik ez dut harremana betirako bukatu nahi, baina, badakit horretarako sexu grina berreskuratu behar dudala. 28 urte ditut eta berak 37 eta bere ondoan pertsona ‘aktibo’ bat nahi duela esaten dit. Zer egin dezaket sexurako gogoa edukitzeko? Ni oso maiteminduta nago eta berak ez dit beste munduko ezer eskatzen baina, ni ez naiz gai bere nahiak asetzeko. Nola lortu berriro gogotsu egotea?”

Olatzen rantzuna:

“Kaixo

Lehenik eta behin erru sentsazio hori burutik eta gorputzetik kentzeko esango nizuke. Pertsonak bizitzan egoera ezberdinetatik pasatzen gara, batzuetan gogotsu gaude beste batzuetan ez hainbeste, eta denak bizi behar dira. Honekin esan nahi dizut denboraldi txarrak edukitzea bizitzaren atal bat dela eta honengatik ezin gareral errudun sentitu, pertsonak osotasun bat gara eta gure egoera psikologikoak eragina du guregan eta gure harremanengan.

Pertsona batekin gaudenean onartu egin behar dugu prozesu ezbedinak biziko ditugula eta hor egotea, hau da, horietan laguntzea garrantzitsua dela. Egoera aldatzeko ezer ez duzula egiten leporatzen dizu, baina tira batzuetan indarrak falta zaizkigu eta, beraz, dena ez da gauzak egitean oinarritzen, gure gorputzari denbora ematea ere ondo etortzen da.

Horrek zure gogoan eragina duela uste duzu, eta agian izan daiteke, baina honetaz gain puntu hauek aztertzea ez legoke gaizki:

-Gogo sexuala aipatzen duzunean harreman sexual genitalak bakarrik sartzen dituzu zakuan edo edozein kontaktu izateko gogo eza sentitzen duzu?

-Harreman batean desio ezberdinak daudenean egoera ezin zaio bikoteko partaide bati leporatu, harremanean gertatzen den guztia bien ardura da.

-Sexurako gogoa falta denean gure bikotekidearen hainbat jarrera egon daitezke arazo honen atzean eta ongi legoke jarrera horiek aztertzea.

-Oso maiteminduta zaudela eta zure “izaera” aldatu nahi duzula esaten duzu. Kontuz!!!!!! Oso arriskutsua da gure izaera besteen beharretara moldatzea, kasu horretan beste pertsona horrek nahi duena egiten baitugu eta orduan gure desioak, nahiak ez ditugu kontutan hartzen. Jarrera hori, agian, momentuan lagungarria izan daiteke berarekin egoteko, baina luzaro eta harremana aldatzen denean, zuregan amorrua eta ezjakintasuna sor ditzazke.

Beraz, aldatu nahi baduzu zure buruarengatik izan dadila. Bueno neska asko maitatu zure burua, erantzuna lagungarri egitea espero dut.

Ondo izan”

“Eraztun baginalarekin beharrezkoa da kondoia erabiltzea?”

el-aro-vaginal-218x300Irakurlearen zalantza:

“Nuvaring hartzen hasi naiz eta zalantza batzuk sortu zaizkit. Eraztun berria ipintzen duzunean, kondoia erabili behar duzu zazpi egunetan zehar? Eta eraztun bat bestearen segidan sartzen baduzu? Hau da, pausa epea utzi barik, kondoia erabili behar da?”

Olatz Berastegiren erantzuna:

 “Antisorgailu hormonalak hartzerakoan hainbat aholku:

-Antisorgailu hormonalak hartzea erabaki baldin badugu komenigarria da ginekologoari bisita egitea. Lehenengo, antisorgailu hormonal guztiak (pilulak, partxeak, eraztun baginala) berdinak ez direlako eta ondorioz guztiongan eragina berdina ez dutelako. Hau da, gure bizimoduak eragina dauka gorputzean eta antisorgailuekin hormonak hartzen ditugu, hauek gorputzean eragina dute eta ondorioz informazio guztia ondo jakiteko eta guregan izan ditzaketen ondorioak ikusteko, ginekologora joatea komeni da.

 -Eraztun baginalaren erabilerari buruz galdetzen didazu. Eraztun baginalaren erabilera honakoa izaten da: eraztuna bagina sartu eta hogeita bat egun jarrian barruan eduki behar da, ondoren 7 egunetako atsedena dator eta berriro atseden horren ostean beste eraztun bat sartzen da.

-Nahiz eta zazpì egun horiek atseden egunak izan eta eraztuna ez eraman, ez dago haurdun geratzeko arriskurik. Hau da, ez duzu jarraian beste eraztuna sartu behar, babestuta zaudelako. Honetaz gain, kondoia ere ez duzu erabili behar, beti ere gaixotasunak kudeatzeko arriskua ez badago.

-Hori bai, lehen aldia bada Nuvaring erabiltzen duzuna, komeni da hasierako hilabetean preserbatiboa erabiltzea. Hurrengo hilabeetan, berriz, nahikoa izango da eraztun baginalarekin.

Espero dut erantzun izana, ondo izan eta beste bat arte.”

“Mutil batek isurketa duenean orgasmora iritsi dela esan nahi du?”

orgasmoIrakurlearen zalantza:

“Mutil batek isurketa duenean orgasmora iritsi dela esan nahi du? Hau da, posible da isurtzea orgasmorik izan gabe?”

Sexologoaren erantzuna:

“Kaixo,

Lehenik eta behin azaltzea, orgasmoa eta isurketa bi prozesu ezberdin direla. Honekin esan nahi dut, nahiz eta askotan elkarrekin joan, ez direla prozesu bakarra eta batek ez duela bestera eramaten. Horrela, gerta daiteke mutil batek orgasmoa edukitzea eta ondoren ez isurtzea, eta alderantziz isurketa izatea orgasmoa izan gabe.

Orgasmoa- eszitazio fasea bere puntu gorenera iristen denean ematen den prozesua da. Hau da, desio sexuala erantzun sexualaren lehenengo fasea izango litzateke, hau aurrera eraman ondoren, eszitazioa fasea dator. Fase honetan, estimulazioarekin aurrera eginez gorputzaren eszitazioa areagotzen doa, gorputzaren eszitazioa puntu goreneraino iritsi arte, gorputzean arnasa azkarrago dihoala somatu daiteke, eta zonalde pelbikoan kontrakzioak baita ere. Hori bai, eszitazioa eta orgasmoak sortzen dituen sentsazioak fisikoak izanik norberak sentitzen duena oso ezberdina da, pertsona batek orgasmo guztiak ez dituelako berdin bizitzen , eta pertsona batetik bestera ere sentsazioak aldatzen direlako.

Ondoren, eszitazioa fase gorenera iristen denean orgasmoa sentitzen da. Mutilen kasuan gehienetan isurketa dator, baina arestian aipatu dudanarekin erlazionatuta ( bi prozesu ezberdin izan da) gerta daiteke orgasmo ondoren ez isurtzea, eta isurketa izatea orgasmoa sentitu gabe.”

“Ez dut inoiz sexu harremanik eduki eta ez dut gogorik sexurik izateko”

el-arte-del-sexoIrakurlearen zalantza:

“20 urte ditut eta ez dut inoiz sexu harremanik izan. Egia esan ez dut gogorik. Gustuko dut mutilekin hitz egitea edo kafe bat hartzea, baina, ez nau batere erakartzen mutil batekin oheratzeak. Zergatik izan daiteke? Nahiz eta mutil hori gustuko izan ez daukat berarekin ezer egiteko gogorik, sexuarekin lotutako ezer esan nahi dut. Zergatik konformatzen naiz hain gutxirekin?”

Olatz Berastegiren erantzuna:

“Kaixo,

Lehenengo aipatuko dut, askotan esan ohi dudana, ezer ez egiteko gogoa aipatzen duzunean, hau da sexuarekin zerikusia duen ezer egiteko gogoa ez duzula esaten duzunean, zertaz ari zara? Sexu harreman genitalez soilik, kontaktuaz ere ari zara ( muxuak, laztanak, begiradak,…) hau da kontaktu grina, bere alboan egoteko gogoa, … Askotan, gogoaren fokua genitaletan jartzen dugu eta horrek beste guztia ikusteko zailtasunak sortzen ditu.

Beste gauza bat aipatzen duzuna da zure ustez gutxirekin konformatzen zarela. Nik esango nuke hemen beste norbaitekin konparatzen ari zarela eta honek ez du batere laguntzen, gutxi edo asko bezalako komentarioak konparatuz sortzen dira. Hemen garrantzitsua da, zuk aipatzen duzun “gogo eza” hau nola bizitzen ari zaren. Hau da, berdin du beste batentzat gutxi edo asko den, inportantea da norberak, guk geuk nola bizitzen ari garen sentitzen duguna.

Norberak duelako giltzarria, ikusteko sentitzen duen horrekin zer egin nahi duen, utzi dagoen bezala, berarentzat arazorik ez dagoelako edo eta konforme edo gustatzen ez bazaio, onartu, behatu beregan sortzen dituen ondorioak , eta honen arabera landu.
Hau da, zuk sentitu behar duzu niri aipatzen didazuna nola daramazun, eta horren arabera jokatu.

Zergatik gertatzen zaizun esaten didazu? Eta nik hori ez dakit. Lehenengo, agian zuk gaizki bizitzen ez duzulako, beraz kasu honetan zertarako bilatu zergatiak.Ez ditugu arazoak bilatu behar ez dauden tokian.Harreman sexualak, gogoa sexuala , bestearekiko gogoa, oso pertsonala da, eta bakoitzak bere ezaugarri eta intentsitatearekin bizitzen ditu.

Bestetik, egoera hau aldatu nahi duzun zerbait bada, lasai bizitzen ez duzun zerbait bada , puntu ezberdinak behatu ditzakezu:

Inguruko presioa- behatu zure inguruan harreman eta gogo sexualaren inguruko ideiak, zure bizipenetatik besteek egiten dizkizuten balorazioak… agian zuk egoera ondo bizi duzu eta ingurukoen komentarioak zerbait duzula pentsatzera eraman zaitu.

Kontuz!!!!!!!! besteen epaiketa eta komentarioak ezin gaituzte gure bizipenak epaitzera eraman

-Sexualitatearekiko zuk izan dituzun bizipenak, iritziak,…nola bizi izan duzu zure sexualitatea ( gogoak, desioak, beldurrak, lotsak…) nolakoak izan diren, eta nolakoak diren.

Honek guztiak, agian lagundu ahal dizu zure bizipenak kokatzen, eta zuretzat baliagarria den eredu bat sortzen.

Bueno espero dut erantzuna lagungarria suertatzea, bestela badakizu lasai idatzi,.

Ondo izan”

“Posible al da uzki bidezko sexuaren bidez haurdun geratzea?”

ANAIrakurlearen zalantza:

“Posible al da uzki bidezko sexuaren bidez haurdun geratzea?”

Olatzen erantzuna:

“Uzkiarekin sexu harremanak eduki ditzakegu, behatzak, zakilak… sartu daitezke. Zure galderari erantzunez, uzkia ez da ugalketa aparatuko zatia eta ez du inolako konexiorik ugalketa aparatuko organoekin (umetokia, falopio tronpak,obulutegiak eta bagina). Hau dela eta ezinezkoa da haurdun geratzea uzkian semena isuriz gero. Hori bai, uzkian sarketa praktikatzen baduzu babesik gabe eta harreman horretan semena baginarekin kontaktuan jartzen bada arriskua egon daiteke, beti ere semena baginarekin kontaktuan sartzen bada. Beste alde batetik, ez ahaztu gaixotasunak ere badaudela eta uzkian semena isurtzen bada gaixotasunak kutsatu daitezkela. Beraz, ez ahaztu, gozatu eta arriskuak dauden praktiketan neurriak hartu.

Ondo izan”

“Sarketa praktikatzen dudan bakoitzean zorabiatu egiten naiz”

Sexo_4Irakurlearen zalantza:

“Kaixo

Sarketa praktikatzen dudan bakoitzean mareatu egiten naiz. Normala al da? Ni ez naiz asko mareatzekoa baina ez dakit zergatik gertatzen zaidan. Emozioa? Urduritasuna? Tentsioa normala izaten dut eta beste edozein sexu praktikarekin ez zait gertatzen, soilik nire mutilak sarketa praktikatzen didanean. Zergatik izan al da? Eskerrik asko”.

Olatzen erantzuna:

“Kaixo,

Zure egoeraren arrazoi zehatza jakiteko datu gehiago beharko nituzke, zure biografia sexuala, zure osasun egoera… Honetaz gain, eta gertaera aztertzeko, eta zuregan duen eragina ikusteko faktore ezberdinak aztertu beharko genituzke.

Beraz, hau kontutan hartuta hemen erantzun orokor bat eskainiko dizut, ea lagungarria egiten zaizun:

-Zure gorputzeko tentsioa aipatzen duzunean normala dela esaten duzu eta agian zure egunerokotasunean kokatuta, zure gorputza sentitzerakoan nabaritzen duzuna hala da.

-Baina horrek ez du esan nahi askotan gure gorputzak tentsio ugari metatzen ez duenik. Hau da, ohiko bizimoduak (ikasketak direla, lana, lagunekin pasatu beharreko denbora, mutil edo neska laguna, familiari eskaini beharreko denbora…) tentsio dezente metatzera eramaten gaitu, eta gainera ingurukoak berdin daudenez ba normaltzat hartzen dugu.Gorputza mugitzeak, ariketa fisikoarekin, harreman sexualekin, tentsioa askatzen laguntzen digu, eta gerta daiteke, gorputzak tentsioa bat-batean deskargatu ondoren mareatua sentitzea.

Beste harreman sexualekin agian ez zaizu gertatzen, koitoarekin adrenalina edo tentsio gehiago deskargatzen duzulako.

-Honetaz gain,orgasmoa, gure gorputzaren deskontrolatzearekin erlazio zuzena dauka. Hau da, garrantzitsua da harremanetan disfrutatzeko deskontrolatzea, eta honetan ondo sentitzea. Baina, askotan horrekin beldurrak izaten ditugu, eta ondorioz orgasmoa eustera jotzen dugu,gure buruan plazerra ona dela, eta harremanak horretarako ditugula, baina gorputza ez da bakarrik fisikoa eta emozioak hortxe daude gure gorputzean. Honela, gorputzari erabat deskontrolatzen ez diogu uzten, eta orgasmoari eutsi egiten diogu.

Nik ez kezkatzeko esango nizuke, zure gorputzaz disfrutatzeko, deskontrolatzeko. Hau ez da bat-batean lortzen den zerbait, honetarako gure gorputza ondo ezagutu behar dugu, laztantzen, eta berarekin disfrutatzen ikasi behar dugu, harremanak beste pertsona batekin ditugunean bestearekiko konfiantza ere izan behar dugu, lasai sentitu behar dugu bere alboan, bere laztanekin, bere kontaktuarekin…

Beraz, badakizu. Lasai-lasai, asko maitatu zure burua eta disfrutatu merezi dugu eta…

Ondo-ondo pasa”

“Nire mutilak fimosisa dauka eta oso urduri gaude”

peeIrakurlearen zalantza:

“Orain dela egun pare bat, nire mutil lagunak fimosisa zuela esan zidan, berak oso larri eta urduri zirudien eta horregatik ez nion ezer esan, animoak eman nizkion eta operazioan dena ondo joango dela esan nion. Baina orain nire burua jaten ari naiz barrutik, badakit zer den fimosisa, baina ez nekien bere kasua bezalakoa zenik, nik uste nuen ez masturbatzeagatik gertatzen zela hori, baina berak esan didanez berak egoera normalean duenean jaisten zaio, baina gogortzean ez omen zaio jaisten. Praktikatu izan dugu sexua behin baino gehiagotan eta oso gustura nago emaitzarekin, baina orain beldur naiz ea min egingo ote diodan edo berak ez duen ni bezain beste disfrutatuko oheratzen garenean edo operazioa eta gero ez den berdina izango, ala agian hobeto egongo da, baina ni urduri nago. Horregatik idazten dut hemen .

Eskerrik asko zure denborarengatik.

Olatzen erantzuna:

“Zure mutilaren fimosisari buruz galdetzen didazu. Fimosisa- zakil azalarekin gertatzen den zailtasun bat da. Hau da, fimosisa duten mutilak ezin dute zakil azala atzera eraman, eta gainera mina ematen die. Hau ez da masturbazioaren ondorioz gertatzen, berez mutil batzuek izaten duten zailtasuna izaten da. Fimosisa dutenean, masturbatzetakoan eta koitoa praktikatzen mina izaten dutela aipatzen dute. Horrelakoetan, ebakuntza bat egiten zaie eta listo, honek ez dauka inolako ondoriorik plazerrean, mutilek berdin sentitzen jarraitzen dute.

Zuk aipatzen duzu, zure mutilak berez zakil azala atzera eman dezakeela, baina zakila tentetzerakoan ezinezkoa duela. Aipatzen duzun hori, agian “freniloa” ( zakil azala eta zakil punta lotzen duen oihaltxoa) motza duelako izan daiteke eta horren ondorioz ezin du zakila tentetzerakoan zakila atzera eraman. Dena den, argi eta garbi zer daukan jakiteko medikuarenagana joan eta berarekin zalantza guztiak argitu ditzakezu. Esaiozu lasaitzeko, eta beldurra ez izateko, hau mutil askori gertatzen zaiela, eta hobe dela zalantzak argitzea.”

“Noiz joan behar da lehenengoz ginekologoarengana?”

GINEAste honetan irakurle batek ondorengo galdera luzatu dio Olatz Berastegi sexologoari: Noiz joan behar naiz lehenengoz ginekologoarengana:

Irakurlearen zalantza:

“22 urte ditut eta hilerokoa lehenbiziko aldiz 12 urtekin izan nuen. Oraindik ez dut erlazio sexualik izan. Hilerokoa oraindik ez zait erregulatu, batzuetan 28-29 egunetik behin etortzen zait, beste batzuetan, 30-36 egun pasa ondoren.

Lehenbiziko bi egunetan kantitate handia izaten dut eta hurrengo hiru egunetan kantitate gutxi izaten dut. Mina aldetik, hilabete batzuetan mina izaten dut lehenbiziko egunean, eta gehienez jota bigarren egunean. Beste hilabete batzuetan, ez dut inolako minik izaten eta askotan ahazten zait hilerokoa dudala. Nire egoera dela eta, ginekologoarengana joan beharko nuke?”

Olatzen erantzuna:

“Kaixo, lehenengo ginekologoarekiko emakumeik dugun mamua kendu beharko genuke. Ginekologoa beste mediku bat bezala da eta dentistara joaten garen moduan, ginekologoarengana errebisioak egitera joatea ere komenigarria litzateke.

Noiz joan? norberak hartu beharreko erabakia da, beste medikuetara joatea erabakitzen dugun moduan. Badaude dentistarengana urtero joaten direnak, eta beste batzuk, aldiz beharra sentitzen dutenean joaten dira.

Ginekologoak gure organo genitalen errebisioa egiten digu eta noski nola ditugun jakitea garrantzitsua da. Eta harreman sexualak genitalak baldin baditugu zer esanik ez.
Zure kasuan, hilerokoaren gora beherak aipatzen dizkidazu, eta askotan erregularra ez edukitzea, bizitzan ditugun gora beherekin erlazionatuta egoten da, minarena ere hilabetero alda daiteke ( hilabete horretan lanean ibili den obuluaren arabera), eta fluxu kantitatea ere emakume batzuetatik beste batzuetara aldatzen da.

Hori bai, zure genitalak nola dauden jakin nahi baduzu, ba noski ginekologoarengana joatea ezinbestekoa da.”

“Emakumeentzat zein da ume bat izateko adin aproposa?”

Hemen duzue irakurle batek Olatz Berastegiri helarazi dion galdera eta Eingo al deu sexu-blogeko sexologoak gazte honi emandako erantzuna:

embarazada

Irakurlearen zalantza:

“Emakumeentzat zein da ume bat izateko momenturik aproposena? Hau da, zenbat urterekin da gomendagarria haurdun geratzea? Hobeto da oso gaztea izatea? Baina zien puntura arte? 20 urte? 28 urte? 35 urte?”

Olatz Berastegiren erantzuna:

“Kaixo, biologikoki adin egokia zein den galdetzen didazu. Lehenengo aipatuko dizut, sexologian eta bizitzan, orokortasunak, batez bestekoak… aurrean dugun pertsonaren ezaugarriak galtzera eramaten gaituela. Hau da, zuk zehatz-mehatz zure haurdunaldirako momentu egokiena (biologikoki) zein den jakiteko, azterketa pertsonal bat egin beharko zenuke.

Biologikoki, badira emakumeak haurdun geratzeko arazoak dituztenak, baita 45 urtekin berehala geratzen direnak ere. Dena den eta ikerketei begiratuta, eta orokortasun batean hartuta, 30 urtetik aurrera, ugalkortasuna jaisten doa.

Ondo izan”

“Egia da mutil homosexualak promiskuoagoak direla?”

Hau da aste honetan irakurle batek Olatz Berastegi sexologoari egin dion galdera. Eta hemen duzue erantzuna:

gays1

“Horrelako galderak, errazak dira erantzuten, hau da laburbilduz esan genezake, homosexual guztiak ez direla berdinak, eta beraz ezin dela orokortu. Hau da, sexologoek horrelako esaldi edo jarrerak orokortzen direnean, denek dakizue erantzuna: pertsona bakoitza ezberdina da eta ezin dira jokaerak orokortu.Baina gaurkoan daukagun zalantzak badu, oinarrian askotan izaten den nahasketa bat. Hau da, identitatea ( izaera, gustuak, ezaugarri fisiko eta psikologikoak, jokabideak..) eta orientazio sexuala nahastea. Horregatik, askotan, homosexual guztiak era batera janzten direla, edo erabatekoak direla pentsatzen da. Pertsona ezberdinei entzun diet pertsona bati bere izaeragatik homosexuala den edo ez antzematen zaiola. Eta honek, arestian aipatutako agerian uzten du, hau da identitatea, eta orientazioa nahasten ditugula.

Ondorioz, homosexual guztiak izaeraz, eta jokabidez, antzekoak direla pentsatzen da, eta honetaz gain beraien jarrera sexuala antzekoa dela uste dugu.Eta hau guztia okerra da. Pertsona bat homosexuala edo heterosexuala dela esaten dugunean ez gaude bere identitateaz hitz egiten ( jokaera, izaera, ….) bere orientazioaz baizik, hau da, bere gogo sexuala nola bizitzen duen, eta nola sentitzen duen. Gero noski bere gogo sexuala, homosexuala izan da ere, harreman sexualak izaterakoan, norberak bere gustuak ditu.

Batzuk harremana sexualak irekiagoak nahi ditu, beste batzuk harreman formalagoak nahiago dituzte. Hau da, homosexual ez diren pertsonen antzera. Eta noski, kasu honetan bizitzan beste hainbat arlotan bezala, orokortzen dugunean, berezitasunak, eta ezberdintasunak galtzen ditugu.

Ondo izan

Eskerrik asko”