Hileko artxiboak: apirila 2009

Orgasmoaren intentsitatea

Sexua orgasmoan oinarrituta egon behar dela uste du jende askok eta ulertzekoa da, batez ere, klimaxak dituen onura fisiko nahiz psikologikoak kontutan hartzen baditugu.

Orgasmora iristen garenean, gure bihotza minutuko 140 taupada izatera heltzen da. Esperientzia arina da orgasmoa, gutxi gorabehera 3 eta 10 segundo artean irauten duena.

Askotan orgasmoaren intentsitateak aurretik izandako prozesuarekin du zerikusia, prozesu horretan sexu-estimulazioa areagotuz baitoa. Baina, pertsona bakoitzak orgasmo mota ezberdinak ditu.

Mutilen kasuan adibidez, isurketa goiztiarrak dituzte askok eta nesken kasuan, berriz, orgasmora iristeko zailtasunak izaten dira sarri. Egoera bata zein bestea nahiko ezatseginak direnez, gazteen artean ardura sortzen duten bi gai dira. Baina, orgasmora iristeko zailtasuna ez da emakumeen kontua soilik izaten.

Orokorrean bere buruaz gehiegi kezkatzen diren pertsonek, sexuaz disfrutatzeko arazo gehiago izaten dituzte, hortaz, eurentzat zailagoa izaten da orgasmoa intentsitate osoz bizitzea.

Normalean koitoarekin lotzen dugu orgasmoa, baina, jakina da neska askorentzat ez dela koitoa klimaxera iristeko biderik aproposena.

Zuk nola bizi dituzu zure orgasmoak? Intentsitate handiko orgasmoak dituzu? Eta nolako inportantzia ematen diozu sexu-harremanetan orgasmora iristeari?

Esperimentu baterako bikote bila

Britainia Handiko enpresa bat urrutitik intimitatea izatea ahalbidetzen duen asmakizuna probatzeko prest dauden bikoteen bila ari da. Enpresak, Distance Lab eskoziarrak, Mutsugoto izeneko asmakizun berriak interes handia piztu duela adierazi du.

Makina, kamera, argi artifizial eta ordenadoreen bitartez, bikotekideei elkarrekin egongo balira bezala ukitzeko aukera emango die, nahiz eta errealitatean hainbat kilometrotara egon bata bestearengandik.

Aparatuak maitaleei elkarrekin egongo balira bezala ukitzeko aukera ematen die.

Bikotekideek atzamarretan eraztunak eraman behar dituzte; horiek ohearen gainean kokatutako kameraren ikusmiran daude. Kamerek eraztunek gorputza laztantzen egiten dituzten mugimenduak jarraitzen dituzte.

Mugimendu horiek beste pertsonaren gorputzera izpi argi bezala igorri eta proiekta egiten dira.

Tomoko Hayashi japoniarra da Mutsugotoren asmatzailea eta bere lan berria abuztuan Edinburgoko Jaialdian aurkeztuko du.

Teknologia berrien iraultza sexu-harremenatara ere iritsiko da?

Banatu dugu sagardotegiko bi lagunentzako afaria!

Dakizuen moduan sexu-blogak aholkuak ez ezik, sariak ere banatzen ditu eta oraingoan horren berri ematera gatozkizue.

Duela bi aste, Astigarrako Iretza sagardotegian bi lagunentzako afaria zozkatzen genuela iragarri genizuen eta horretarako sexu-blogean iruzkinen bat utzi behar zuten parte hartu nahi zuten guztiek.

Bada, azken bi aste hauetan pila bat komentario jaso dituzte gure postek eta horietako bat, Iker izeneko gazte batek masturbazioari buruz egindakoa, azken zozketa honetako saritua izan da.
Zorionak gure irakurleari eta eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.

Mutilen ‘G puntua’

Beste behin ere, irakurle batek igorritako zalantza baten inguruan hitz egin digu Olatz Berastegi sexologoak, askori buruko min asko ematen dien gai bati buruz hain zuzen.

‘G puntua’ izenez ezaguna den emakumeen puntu erogenoa baginan dagoela entzun dugu behin baino gehiagotan. Mutilen ‘G puntuaren’ inguruan sortutako mitoak, aldiz, nahasmen handiagoa sortu dute. Non dute mutilek ‘G puntua’? Existitzen al da?

Hona hemen zalantza honen gainean Olatzek emandako azalpena:

“Urteak daramatzagu gorputz osoaren sexu-atsegina aldarrikatzen, guztiarekin ederki gozatu dezakegula azaltzen. Hala ere, gizartean mezu ezberdinak zabaltzen dira eta sexu-harreman batzuek beste batzuek baino indar edo garrantzia gehiago hartzen dute. Gainera, plazerra orgasmo kantitatearekin lotzeko ohitura dago eta gure gorputzaren sentsibilitatea ‘G puntu’ izeneko zona batzuetara mugatzen da.

Hasiera batean, sarketa praktikari indarra emateko emakumeen ‘G puntua’-ri buruz hitz egiten zen eta hau baginaren barruan zegoela ondorioztatu zuten. Geroago, gizonezkoei protagonismorik ez kentzeko, euren ‘G puntuaz’ hitz egiten hasi zen gizartea.

Zientifikoki ez dago ‘G puntua’ existitzen den baieztatzen duen frogarik eta egotekotan ezinezkoa da puntu hori ukitzean plazer handiagoa lortzen den ala ez jakitea, sexu-atseginaren sentsazioan beste aldagai batzuk ere kontutan hartu behar direlako, kitzikapen maila, desioa eta bakoitzak une horretan bizi duen momentu pertsonala, besteak beste.

Bukatzeko, esan beharra dago, ‘G puntua’ edukitzeak edota aurkitzeak ez duela gure harreman sexualetan hainbesteko eraginik izan behar.

Ez al da hobeto ‘G puntua’-rekin obsesionatzen ibiltzea baino gure gorputz osoa ‘G puntu’ bihurtzen saiatzea?

Sexua; mila galdera, mila eta bat erantzun

Legazpiko gazte batek Olatz Berastegi sexologoari egindako galdera baten inguruko posta landu genuen atzo ‘Eingo al deu’ sexu-blogean eta gaur, irakurleek gazteaweb@eitb.com helbidera bidalitako zalantza gehiagoren erantzunak argituko ditugu. Hona hemen gure jarraitzaile gazteen kezka nagusiak:

1. Egia al da emakumeek bi orgasmo mota dituztela?

Orgasmoa bakarra da kasu guztietan, kontua da, pertsonaren arabera, klimaxa bizitzeko era aldatzen dela, hots, orgasmoak intentsitate ezberdinarekin bizi ahal direla. Horretan, faktore askok dute eragina, besteak beste, kitzikapenak nahiz egoerak orokorrean.

Hori bai, orgasmoa lortzeko bide ezberdinak egon daitezke: organo genitalak ukituz edota astinduz, sexu-harreman diferenteak edukiz, fantasien bidez…

2. Emakumeen zein portzentaje heltzen da orgasmora sarketaren bidez?

Ez dut honen inguruko ikerketa fidagarririk ezagutzen, baina, argi dago emakumeentzat orgasmora iristeko modurik errazena klitoria ukitzea dela eta hau era askotara egin daiteke, baita sarketa praktikatuz ere.

Aipatu bezala, portzentajerik ez dakiten arren, sarketa bidez ere orgasmora iritsi daiteke.

3. Zergatik izaten dute emakume batzuek isurketa eta beste batzuek ez?

‘Isurketa’ fluxu baginalaren araberakoa izaten da. Emakume denak ez dira berdin lubrifikatzen, batzuek fluxu gehiago isurtzen baitute. Zergatia emakume bakoitzaren segregazioan dago. Guztiok izerdi berdina botatzen ez dugun bezala, fluxua ere ezberdina daukagu.

4. Zer da sodomia? Arriskutsua da?

Sodomia kontzeptuak jatorri erlijiosoa du eta normalean uzki-sexua izendatzeko erabiltzen da. Beste askotan, eta herentzia judo-kristauaren kutsuagatik, jarrera sexual ezberdinak izendatzeko erabiltzen da, hala nola, homosexualitatea, sexu orala, masturbazioa…, beti ere kutsu negatiboa emanez.

5. Asko masturbatzeak bikotearekin sexu-harremanak izateko gogoa murriztu dezake?

Galdera honek bi erantzun ditu. Alde batetik, zer da asko masturbatzea? Pertsona bakoitza behar adina masturbatzen da eta hori da pertsona horrentzako neurri egokia. Asko horrek konparazioa dakar eta sexualitatean ez da alderaketarik egin, bakoitza mundu bat garelako.

Bestalde, masturbazioak ez du bikotearekin ditugun sexu-harremanetan eraginik izan behar. Bikotearekin sexua izateko gogoa, berarekin egoteko gogoarekin lotuta dago, berarengan duzun desioarekin, elkarrekin gozatzeko nahiarekin…

6. Mutiletan, isurketa asko izateak haziaren kalitatean eragina izan dezake?

Ez, haziaren kalitatean bizimoduak du eragina. Elikadurak, kirolak, drogen kontsumoak eta estresak adibidez, eragin zuzena dute semenaren kalitatearekin.

7. Gerta liteke haurdun egotea eta lehen hilabeteetan hilerokoa izatea?

Batzutan gertatzen da. Emakume batzuek haurdunaldiaren lehenengo hilabetetan odola isurtzen dute, baina, aurreko hilerokoaren hondarrak izaten dira.

8. Posible da neskak tanpoia jarrita duenean sarketa praktikatzea?

Aukera badago, bagina muskulu bat delako eta flexiblea delako, baina gehienetan ez da oso erosoa izaten, ez mutilarentzat ezta neskarentzat ere, bagina gehiago ireki behar delako.

9. Zein da emakumeen gozamenerako jarrera edo ‘postura’ egokiena? Eta gizonen gozamenerako atseginena?

‘Posturena’ pertsona bakoitzarekin lotuta dagoen beste kontu bat da. Norberak bere gorputza nola bizitzen duen, nolako lotsa daukan, nola sentitzen den seguruago, zer nolako kontrola behar duen sexu-harremanak dituenean. Faktore guzti hauek zerikusia dute ‘postura’ bilatzeko orduan ere.

10. Komenigarria da sexu-organoak depilatuta edukitzea?

Erosoago sentituko denari depilatzeko aholkatzen diot eta alderantziz, erosoago sentituko ez denari ez depilatzeko. Genitaletan dagoen ile kantitateak zerikusia izan dezake honetan, baita pertsona bakoitzaren gustu estetikoak ere. Beraz, kuriositatea baduzue, probatu eta kontatu gure blogean.

‘Bigarren aldia lehenengoa baino askoz okerragoa’

Irakurleotako batek bidalitako zalantza bati erantzuna emanez idatzi digu gaurko posta Olatz Berastegi sexologoak. Irakurri Legazpiko gazte honi gertatutakoa, beharbada zure kezkaren bat argitzeko ere balioko du eta.

“Kaixo, Legazpiko gazte bat naiz. Duela bi aste birjintasuna galdu nuen eta dena nahiko ondo atera zitzaigun. Ez geunden oso urduri eta elkar oso ondo ezagutzen genuenez, barrezka eta pozik hartu genuen biontzako lehen aldia zen esperientzia hura. Nik odola bota nuen, dezente, bueno eskuak zikintzeko adina bai behintzat. Halere, alboko iturri batean dena ondo garbitu, kuleroak zakarrontzira bota eta ezer gertatuko ez balitz bezala itzuli ginen etxera.

Orain, bi aste geroago, arduratuta nago. Kondoia erabili genuen eta hortik aldetik ez daukat ardurarik, baina, gaur berriro saiatu gara duela bi asteko esperientzia errepikatzen eta zerbait ‘arraroa’ gertatu zait. 18 urte ditut eta nire bikoteak 19 eta esperientzia ezak mota honetako zalantzak ekartzen dizkit sarri.

Autoko momentu goxo hura errepikatzeko desiatzen geunden eta nire mutila etxean bakarrik zegoela aprobetxatuz, hara jo genuen elkar biluztu eta bigarren aldiz larrua jotzeko irrikaz. Kontua da, zakila sartu zidanean berriz odola bota nuela eta lehenengo aldi hartan baino gehiago gainera. Horrek urduritasuna ekarri zigun eta aurreko asteko barre eta algarak, negar bihurtu ziren bion aldetik.

Hori dela eta zuregana jotzen dut pare bat galdera egin eta lasaiago geratzeko asmoz. Hasteko, odolaren kontu horri buruz galdetu nahi dizut. Argi dago, lehenengo aldi hartan himena apurtu zitzaidala. Orduan zergatik bota dut bigarren aldian ere hainbeste odol? Normala al da?

Horrez gain, beste galderatxo bat ere egin nahi dizut. Lagunekin hitz egin ostean lasaiago nago, baina, igandeko nerbioak ez ditut hain errez ahaztuko eta une hartan ez nuen (mutilaz aparte) lasaitu edo azalpen bat emateko inor. Kasu horietan nori eskatu ahal zaio laguntza? Euskal Herrian ba al dago zentroren bat sexu-zalantzak argitzen dituena?”

Honen aurrean, hona hemen Olatz Berastegik emandako erantzuna:

Zaude lasai. Bigarren aldiz sarketa praktikatzen denean berriro odola ateratzea gauza normala da, baita hirugarren aldian gertatzea ere. Baina zergatik gertatzen da? Arrazoi ezberdinak egon daitezke:

1- Batzutan, lehenengo aldian himena ez da guztiz apurtzen horregatik, berriz sarketa praktikatzerakoan, gerta daiteke aurreko batean puskatu ez zen zatitxoren bat apurtzea. Himen guztiak ez dira berdinak; neska batzuek lodiagoa nahiz malguagoa izan dezakete.

2- Beste kasu batzutan, baginan eduki ditzazkegun zauri txikiek eraginda atera daiteke odola.

Ez zara kezkatu behar, dena den, sexu-harremanak izaten hasi zarenez, ginokoloarengana ostera bat egitea gomendatzen dizut. Bestalde, mota honetako kontsultak egiteko tokiak non dituzun esango dizut:

Euskal Autonomi Erkidegoan Atseginez deitzen den elkarte bat dago, eskubide sexualen inguruan lan egiten du eta telefono bidezko aholkularitza zerbitzua dauka asteburuetan: ostiraletan, larunbatetan eta igandetan, 18:00etatik 22:00 etara. Telefonoa: 622366868 da.

Horrez gain, Azpeitiko, Arrasateko, Zarauzko eta Urnietako Udaletako Gazte Informazio bulegoetan aholkularitza zerbitzuak egoten dira.

Sexua eta hilerokoa; bateragarriak ala bateraezinak?

Hilerokoak etsipenak nahiz pozak ekarten ditu, egoeraren arabera. Kasu askotan, egun batzuetako atzerapenak urduritasuna eta estutasuna eragin dezake, baina, beste zenbaitetan asmo erotikoak zapuzteko bide ere izaten da.

Nork ez ditu entzun ‘mutil batekin geratu naiz eta justu hilerokoarekin nago’ bezalako komentarioak? Behin baino gehiagotan aipatutako kontuak dira horiek, baina, zergatik egin behar zaie uko sexu-harremanei emakumea hilerokoarekin dagoenean?

Beharbada mutil askorentzat ezatsegina izan daiteke hilerokoarekin dagoen neska bati ‘cunnilingusa’ egitea, horrek, ordea, ez du beste praktika batzuk baztertu behar direnik esan nahi.

Nahikoa da elkarrekin sexua izan nahi duten bi pertsonen arteko adostasuna, hilerokoarekin edo hileroko gabe harremanak izateko. Hori bai, kontutan eduki behar da, hilerokoarekin ere haurdun geratzeko aukerak daudela eta HIESA bezalako gaixotasunak bedin-berdin transmititu daitezkeela. Bestelakoan, lasaitasun osoz gozatu daiteke sexuaz.

Zuk izaten al dituzu sexu-harremanak hilerokoarekin zaudenean? Kontatu zure esperientzia.

Sexu blogean parte hartzeak saria du

Gazte askorentzat ez da erreza izaten naturaltasun osoz sexuari buruz hitz egitea. Horregatik, Gaztearen sexu-blogean zalantzak argitzeko eta zuen esperientziak kontatzeko aukera duzuela gogora ekarri nahi dizuegu.

Ezizen batekin identifikatuta nahikoa duzue, Gazteak ez baitu iruzkinak egiteko orduan sartutako helbide elektronikoa erakutsiko. Gainera, dudak argitzeko ez ezik, sariak eskuratzeko bidea ere bada ‘Eingo al deu’ sexu-bloga.

Oraingoan, adibidez, Astigarragako sagardotegi modernoenera joateko bi sarrera zozkatzen ditu Gazteak eta horretarako, postetako batean zuen komentarioa sartu baino ez duzue egin behar. Iruzkina sartzen duzuen guztion artean, datorren astelehenean, bi lagunentzako afaria zozketatuko dugu.

Utzi atzean lotsa eta ez galdu denborarik, zuen iruzkinek saria izan dezakete eta!

Zorte on guztioi.

Ongi masturbatzeko aholkuak

Zaila da guztiontzat egokia edo atsegingarria den masturbazio batetaz hitz egitea. Argi dago emakumeak eta gizonak ez direla modu berean masturbatzen, baina, sexu bereko pertsonen artean ere ezberdintasunak egon daitezke. Horregatik, guztiontzat baliagarriak izan daitezkeen zenbait aholku eman nahi dizkizuet.

Zergatik masturbatzen gara? Zein da helburua? Askoren ustez orgasmoa bilatzea da masturbazioaren helburu nagusia eta ez gara konturatzen horrela pentsatzeak arazoak ekar ditzakeela. Jomugatzat orgasmora heltzea duten pertsonek azkar masturbatzeko ohitura izaten dute, ahal bezain pronto klimaxera iristeko, eta horrek sexu-arazo larriak eragin ditzake, isurketa goiztiarra, besteak beste.

Horrek ez du esan nahi masturbazioak norberaren bizitza sexualean parte hartu behar ez duenik. Halere, kontutan izan behar da masturbazioa gure gorputza hobeto ezagutzeko bide bat izan behar dela, puntu erogenoak aurkitu ahal izateko eta estimulu ezberdinen aurrean nola erreakzionatzen dugun ikusteko.

Garrantzitsua da era berean, masturbatzea bekatua ez dela argi izatea. Lo egitea edota jatea bezala, gure burua laztantzea ere ohitura osasungarri eta atsegina da.

Bada, ordea, masturbazioarekin disfrutatzen ez duten jendea. Horregatik, kontutan hartu beharreko pare bat aspektu aipatuko ditugu: pribatutasuna, sexu-gosea eta deskantsatuta egotea. Ez da gauza bera energiaz gainez gauden uneetan sexua izatea edota erdi lo gaudenean. Estresak ere ez du sexu-harreman ‘on’ batean laguntzen.

Behin gomendio hauek emanda, zu nola masturbatzen zaren eta aholku berriren bat duzun jakin nahiko genuke. Animatzen zara zure esperientzia kontatzen?

Kondoiak: nola, noiz eta non

Guztiok dakigu zer den kondoi bat, non eros dezakegun eta zertarako balio duen, baina, preserbatiboen mundua uste baino zabalagoa da eta mundu hori ongi ezagutzeak bizitza sexuala hobetu dezake.

Kondoiak, sexuaren bidez transmititzen diren gaixotasunak saihesteko balio duten antisorgailu bakarrak dira eta, era berean, haurdun ez geratzeko ere balio dute. Ongi erabiliz gero, antisorgailurik fidagarriena da (% 97ko fidagarritasuna) eta forma, tamaina, zapore eta kolore ezberdinetakoak daude. Dena den, garrantzitsua egoera bakoitzerako zein kondoi aukeratu behar den jakitea da.

Gehienetan latexarekin edo poliuretanoarekin eginda egoten dira. Orokorrean, latexarekin egindakoak fidagarriagoak dira, baina, apur bat garestiagoak izan arren, poliuretanozkoek ere oso ongi egiten dute euren lana eta latexari alergia dioten pertsonentzat irtenbide ezin hobea dira.

Lubrifikazioa

Latexezko kondoiak urezko lubrifikatzaileekin soilik erabili daitezke, olioek (baselinak adibidez) edota kremek latexari kalte egiten baitiote. Baina zertarako lubrifikatu? Bi arrazoi nagusi daude: Alde batetik, ‘busti’ gabeko kondoi batek apurtzeko aukera gehiago ditu eta, gainera, baginan mina eta odol-jarioa sortu ditzake. Bestalde, lubrifikazio faltak, emakumeengan nahiz gizonengan, sexu-harreman mingarriak eragin ditzake. Uzki-sexuan, batez ere, nahitaezkoa da lubrifikatzaileren bat erabiltzea.

Lubrifikatzaileak botikan eros daitezke edo beste soluzio bat listua erabiltzea da. Lubrifikatzaile normaletaz aparte, bero sentsazioa sortzen dutenak eta kilimak eragiten dituztenak ere badaude.
Hurrengoan preserbatiboaren tamainari, formari eta zaporeei buruz hitz egingo dugu.