Hileko artxiboak: azaroa 2010

“Nire lehenengo aldia desastre hutsa izan zen”

pareja-olorBeste irakurle batek ere bere lehenengo aldia nolakoa izan zen kontatu digu. Animatu eta bidali zuk ere mail bat gazteaweb@eitb.com helbidera zure lehen sexu esperientzia kontatuz. Edo bestela utzi iruzkin bat eta hurrengo protagonita zu izango zara.

“Desastre hutsa, horixe izan zen nire lehendabiziko aldia. Pelikuletan ikusten ditugun sexu eszenen antzera, lehendabiziko aldi hori idealizatu egin nuen eta unea iritsi zenean…ai amatxo maitia… sekulako desilusioa eraman nuen.

Aspaldi izan zen, ja, ja… 17 urte nituen eta garai hartako mutilagunaz auto baten atzekaldean hasi ginen, ahaleginetan…

Gogoratzen ditudan sentsazioak? Urduritasuna, hotza, deserosoa eta minbera… Hasieran esan dudan bezala, desastre hutsa! Eskerrak gerora hobetzen joan den asuntua!”

Kontatu zure lehenengo sexu esperientzia

‘Eingo al deu’ sexu blogean proposamen berri batekin gatoz. Irakurle batek bere lehen sexu esperientzia nolakoa izan zen kontatu digu eta zuei guztioi ere gauza bera egitera animatu nahi zaituztegu. Nolakoa izan zen zure lehenengo aldia?

Ganas_de_mi_primera_vez_01

Hona hemen irakurle honek kontatu diguna:

Denok nahi dugu gure lehenengo aldia baldintza ezin hobeetan izatea: pertsona egokiarekin, toki paregabean eta esperientzia ikaragarria izatea. Baina, zoritxarrez, ez da beti horrela izaten. Nire lehenengo aldia behintzat, guztiz kontrakoa izan zen; ez baitzen ez eguna, ez pertsona, ez tokia.

Egun horretan nire herriko festak ziren, eta gau ero horietako bat izan zen. Lagunekin edan eta edan ibili ginen, eta harrapatu nuen mozkorra inoiz baino handiagoa izan zen. Nik, aspaldidanik, mutil bat ‘fitxatuta’ nuen eta gau horretan, niri ez zidan begia gainetik kendu ere egin. Hori aprobetxatuta, egun hori nire birjintasuna galtzeko aukera zela pentsatu nuen.

Gau horretan nuen mozkorrarekin, ez dut gauza handirik gogoratzen… Baina, hitz egiten ari ginen, eta bera nirekin ligatzen ari zela argi eta garbi nabaritu nuen. Konturatzerako, musukatzen ari ginen eta pixkanaka gauza berotzen joan zen… Izugarrizkoa zen sentitu nuen zirrara horrelako mutil bat hain hurbil nuelako!

Jendez inguratuta ginen, eta berak hartu zuen toki lasai batera joateko erabakia. Beti pentsatu izan nuen lehenengo aldian urduri egongo nintzela, baina dirudienez, alkoholak nire urduritasun eta lotsa guztiak eraman zituen. Bera ez zegoen mozkorra eta dirudienez bera esperientziaduna zen, beraz, ez zen hain esperientzia txarra izaten ari. Dena okertu zen arte…

Ni ez nintzen konturatu ere egin, baina kale izkina baten geunden, eta ez zegoen bereziki ezkutatuta… Larrua jotzen ari ginen momentuan hiru neska pasatu ziren gure ondotik. Horietako bat begira geratu zitzaigun, eta negar batean garrasika hasi zen.

Mutil erakargarri horrek momentuan bertan kendu zidan gainetik, eta orduan ulertu nuen… Bere neska-laguna zen, eta nik ez nekien ezer. Beraz, nire lehenengo aldia inork nahi ez duen horietako bat izan zen: kale erdian izan zen, nire egoera ez zen batere ona, eta gainera, mutilak bikotekidea zuen. Nire lehenengo aldiak ezin zuen okerragoa izan!

Momentuan oso gaizki pasatu nuen, baina orain hori gogoratuz barre besterik ezin dut egin. Pertsona guztien lehenengo aldiak, nahi ala ez, ez baitira espero ditugun bezalakoak…”

Eta zuen lehenengo sexu esperientzia nolakoa izan zen? Animatu eta kontatu gazteaweb@eitb.com helbidera mezu bat bidalita edota hemen bertan iruzkin moduan utzita.

“Zenbat denbora behar da, behin isurita, espermatozoideak berriro sortzeko?”

espermatozoide1

Irakurlearen zalantza:

“Zenbat denbora behar da, behin isurita, espermatozoideak berriro sortzeko? Edo kalitatezko esperma bat sortzeko? Mila esker”

Olatz Berastegi sexologoaren erantzuna:

“Kaixo, mutilak pubertaroan hasten dira espermatozoideak sortzen, pubertaroa eremu zabala da, honengatik adin konkretu bat ezin dugu aipatu, gorputz bakoitzak bere ibilbidea duelako.

Batzuk hamaika urterekin hasten dira espermatozoideak sortzen, eta beste batzuk aldiz hamabi, hamahiru edo hamabost urterekin. Honekin lotuta aipatuko dizut espermaren produkzioa ere mutil batetik bestera aldatzen dela, eta mutil bakoitzean, bere adinaren arabera, eta momentuaren arabera ere alda daiteke.

Hori bai, barrabilak etengabe lanean daude espermatozoideak sortzen, baina, behin isurketa izan denean, berriro isurtzekotan ez da aurrenekoan bezainbeste kantitate isurtzen. Norbera joaten da ikusten, behin isurketa ondoren, zenbat denbora behar duen, beste isurketa bat edukitzeko, eta norberarengan ere egun batetik bestera denborak, eta kantitateak aldatzen dira.

Honetaz gain, kalitateari buruz hitz egin duzu, horretan faktore ezberdinak eragina daukate,hala nola, norberaren genetika, pasatutako gaixotasunak, elikadura ohiturak, kirol ohiturak, estres maila,adina….

Ondo izan”

Ordenagailuak kalte egin diezaioke gizonezkoen ugalkortasunari

belkin-refrigeradores-para-portatilGizonezkoen barrabilen etsaia da beroa. Tenperatura igoerek kalte egin diezaiekete. Zientzialari estatubatuarrek ordenagailu eramangarria izterren gainean ez jartzeko aholkatu dute, horren beroak barrabilen tenperaturak gora egitea eragiten duelako, eta hori arriskutsua izan daiteke gizonezkoen ugaltzeko gaitasunerako.

Azterketa berri hau Fertility and Sterility aldizkariaren web orrian publikatu dute. Bertan, uztailean egindako azterketa baten emaitzak azpimarratzen dituzte. Córdobako (Argentina) Nascentis ugalketarako medikuntza zentroko zientzialariek egindako ikerketa baten emaitzak kaleratu zituzten orduan. Argentinako azterketa horren emaitzak semen laginen analisiekin lortu zituzten. Oraingoa, berriz, New York Estatuko Unibertsitateko Yelim Sheynkin urologoaren esku egon da, eta eskroto edo barrabil-zorroaren tenperatura igoeren eragina aztertu dute bertan.

Azterketa horren emaitzen ondorioen artean, sofan eserita ordenagailu eramangarria izter gainean jarrita lan egiten duen gizonezko batentzat aukera gutxi utzi dituzte zientzialariek: hankak itxita edo irekita izan, estalki babesle bat erabili zein erabili ez, ezin da barrabilak berotzeko arriskua saihestu. Ikertzaileen esanetan, “barrabil-zorroaren tenperaturak gora egin zuen nabarmen, hankak batera zein bestera jarri eta izterretan babesgarria izan arren”.

Azterketa egiteko, ikertzaileek osasun arazorik ez zuten 29 gizonezko bildu zituzten, eta ordenagailu eramangarriak izter gainean jarrita 60 minutuko saioak egin zituzten. Proba guztietan barrabil-zorroen tenperaturak gora egin zuen, baina igoera handiagoa izan zen hankak itxita izan zituztenean. Gizonezkoek hankak irekiz gero, barrabilen tenperaturak motelago egin zuen gora; gradu zentigradu bat lehenengo 28 minutuetan.

Ordenagailu eramangarriek gizonen ugalkortasunean duten eragina ez da oraindik gehiegi ikertu, baina New York Estatuko Unibertsitatearena bigarrena izan da gradu bat igotzeak haziari kalte egiteko nahikoa izan daitekeela erakusten.

“Larrua jo eta sei egunera, garaiz nabil hurrengo eguneko pilula hartzeko?”

NESKA

Irakurlearen zalantza:

“Sei egun igaro dira azken aldiz larrua jo nuenetik. Egun hartan “martxa atras” metodoa erabilita izan genituen harremanak. Handik bi egunetara hilerokoa tokatzen zitzaidan baina oraindik ez zait jaitsi eta oso urduri nago. Entzun dut hurrengo eguneko pilula bost egun beranduago ere har daitekeela. Hartzen badut oraindik efektua egingo dit? Erantzun mesedez!”

Olatzen erantzuna:

“Kaixo

Hurrengo eguneko pilula eraginkorra da hurrengo 72 ordutan hartzen bada. Zure kasuan, sarketa praktikatu zenuenetik egun gehiago pasa dira, beraz, hurrengo eguneko pilula hartzeak ez du ezertarako balio.

Orain, eta hilerokoa ez bazaizu etortzen, haurdun zauden ala ez jakiteko froga egin beharko duzu. Frogaren emaitzaren arabera, aukera ezberdinak ikusten joan beharko zarete.

Dena dela, gauzak lasaitasunez hartzeko esango nizuke, askotan hilerokoaren atzerapena izaten dugu eta ez da haurdun gaudelako. Hori bai, zure kasuan arriskua egon daiteke, beraz farmazia batera joan zaitezkete eta froga erosi, haurdun zaudeten ala ez jakiteko.

Ondoren, informazioa zehatza duzunean, eta aukera guztiak lasaitasunez aztertzeko, laguntza behar izanez gero eskatu ezazue.Lasai, eta orain zure buruarekin arduratsu jokatzea tokatzen da.

Ondo izan”