Etiketaren artxiboa: HAURDUNALDIA

Ze antisorgailu aukeratuko dut?

Antisorgailuei buruz izan daitezkeen zalantzak argitzeko asmoz etorri zaigu aste honetako SexSua saioa. Zenbat daude? Zertarako da bakoitza? Niri zein etorriko zait ondoena? Mila galdera sortzen dira antisorgailuak aukeratzeko garaian eta horiek denak argitu dizkigu Jon Gomez Garaik, Olatz Berastegi Desira etxeko sexologoarekin batera.

Olatz Berastegi sexologoa

Olatz Berastegi sexologoa

Hasteko, merkatuan dauden antisorgailuak erakusten hasi dira. Horietan ezagunena gizonentzako preserbatiboa da. Baina badaude gehiago, emakumeentzako preserbatiboa, baginako eraztuna, pilulak eta partxeak, DIUa…

Bakoitzaren ezaugarriak galdetzen hasita, hormona bidezkoak eta hesi bidezkoak banatu daitezke. Hormona bidezkoek haurdunaldiak ekiditeko soilik balio dute; emakumeen hormonetan izaten baitute eragina. Hesi bidezkoek, aldiz, izenak dioen bezala, hesi baten funtzioa betetzen dute; isurketa bertan gelditzen denez, bai espermatozoideak bai gaixotasunak kutsatu ditzaketen agenteak bertan gelditzen dira.

Baginako eraztuna, partxeak eta pilulak hormonazkoak dira; eta bi preserbatibo motek, bai gizonezkoenak bai emakumeenak, hesi funtzioa betetzen dute.

Beraz, norberak pentsatu beharra dauka nolako antisorgailua komeni zaion momentu bakoitzean. Eta horretarako, kontutan hartu behar dira nolako sexu-harremanak izaten ari garen garai horretan: bikote finkoa eta konfiantzazkoa daukagun, harreman ugari pertsona ugarirekin…

Dena dela, eta egoerak egoera, ETB1eko saioan argi utzi dute merkatuan eskuragarrien dagoena, merkeena eta erabiliena gizonezkoen preserbatiboa dela. Baina ba al dakigu preserbatibo bat nola jarri behar dugun? Segidan daukazuen bideo honetan Olatz Berastegi sexologoak ematen dizkigu azalpen guztiak.


GIBa, HIESa eta gaixotasunak

Arantza Arrillaga, sexu transmisioko gaixotasunen prebentziorako arduraduna

Arantza Arrillaga, sexu transmisioko gaixotasunen prebentziorako arduraduna

Izan ere, lehen esan dugun bezala, preserbatiboek hesi funtzioa betetzen dute eta hauek dira sexu bidezko gaixotasunak kutsatzea ekiditen duten bakarrak. GIBa eta HIESa, gonorrea, sifilia, genitaletako herpea… asko dira sexu organoen bidez kutsatzen diren gaixotasunak Arantza Arrillagak azaldu duenez.

Duela gutxi arte, adibidez, GIBa eta HIESa drogen kontsumoarekin lotzen ziren. Baina azken aldian, Euskal Herrian kutsatu diren gaixoen %80 sexu harremanen ondorioz kutsatu dira. Oso kontutan hartzeko datua da.

Gaur egun, gainera, GIBa daukagun ala ez jakiteko test azkarrak ere badaude. Beraz, aitzakiarik ez dago norberaren egoeraren berri jakin eta behar diren neurriak hartzeko.

Axi Muniain surflaria

Axi Muniain surflaria

‘SexSua’ saioa amaitzeko, Axi Muniain surflariari egin dio elkarrizketa Jon Gomezek. Surfean, bizitzan orokorrean eta sexuan hartzen ditugun arriskuak izan dituzte hizpide.

 

 

 

Saio osoa ikusi nahi izatera, hementxe daukazue:

Usteak, erdiak ustel!

Usteak, erdiak ustel!

Usteak, erdiak ustel!

Asko dira sexu arloan dauden mito eta usteak. Gaur, gure blogean horietako asko gezurra direla frogatuko dugu.

Mito ezagunenetako bat mutilaren zakilaren tamainarena da. Baina zientifikoki frogatuta dago honen tamainak ez duela eraginik izan behar emakumearen plazerean. Are gehiago, tamaina handiegiko zakil batek mina eragin dezake, eta G puntua ez du zertan hobeto estimulatu.

Beste mito asko emakumeen orgasmoen ingurukoak dira. Askok uste dute emakumeek mota bakarreko orgasmoa izan dezaketela. Hau ez da guztiz egia. Zuzena da, bai, orgasmoa bakarra dela, baina honetara iristeko bidea eta eraginkortasuna ezberdinak dira, gure blogeko aurreko atalean ikusi genuen bezala. Gainera, jende askoren ustez, orgasmora iristen denean emakumeak ez du isurketarik. Hau guztiz okerra da.

Honen harira, emakumeen G puntua fikzio hutsa denaren ustea oso zabalduta dago. Hau uste dutenak oker daude, ordea, baginako aurreko paretan dago kokatuta.

Azkenik, uste ustel asko haurdunaldien ingurukoak dira. Badago lehen aldiz harreman sexualak izatean haurdun geratzea ezinezkoa dela uste duenik. Hau okerra da, noski. Gainera, askok uste dutenaren aurka, haurdunaldian sexu harremanak izatea guztiz segurua da, medikuak kontrakoa esaten ez duen bitartean.

Beraz, badakizue: horrelako usteak sinetsi aurretik, behar bezala informa zaitezte.

Haurdunaldia eta sexua

sexoNeska eta mutil askok ez dute gustuko haurdunaldian sexua praktikatzea. Batez ere, gizonezkoak dira sexuari uko egiten diotenak, fetua mintzeko edota haurdunaldia konplikatzeko beldur izaten direlako.

Gainera, haurdunaldia aurrera doan heinean, beldur hori areagotu egiten da. Halere, argi izan behar dugu sexua ez dela kaltegarria haurdun dauden emakumeentzat, beti ere, ginekologoak kontrakoa esaten ez badu behintzat. Hori dela eta, komeni da haurdunaldi arriskutsua duten emakumeek sendagilearekin zalantza guztiak argitzea

Desio falta

Kasu askotan gerta daiteke mutilak bere bikotearen desio falta sumatzea. Normalean mutilek oso erakargarri ikusten dituzte neskak haurdun daudenean, baina, emakumeek, hormonen nahasmena eta nekea direla eta, desioa galtzen dute maiz. Egoera honen aurrean garrantzitsua da bikotean komunikazioa egotea, hau da, mutilak neskari bere egoera azaltzea eta hutsik ez egitea. Gehienetan, erditzea gertatu eta hilabete batzuetara sexu harremanak normaltasunera itzultzen dira, nahiz eta, haurdunaldian egoera asko konplikatzen den.

“Emakumeentzat zein da ume bat izateko adin aproposa?”

Hemen duzue irakurle batek Olatz Berastegiri helarazi dion galdera eta Eingo al deu sexu-blogeko sexologoak gazte honi emandako erantzuna:

embarazada

Irakurlearen zalantza:

“Emakumeentzat zein da ume bat izateko momenturik aproposena? Hau da, zenbat urterekin da gomendagarria haurdun geratzea? Hobeto da oso gaztea izatea? Baina zien puntura arte? 20 urte? 28 urte? 35 urte?”

Olatz Berastegiren erantzuna:

“Kaixo, biologikoki adin egokia zein den galdetzen didazu. Lehenengo aipatuko dizut, sexologian eta bizitzan, orokortasunak, batez bestekoak… aurrean dugun pertsonaren ezaugarriak galtzera eramaten gaituela. Hau da, zuk zehatz-mehatz zure haurdunaldirako momentu egokiena (biologikoki) zein den jakiteko, azterketa pertsonal bat egin beharko zenuke.

Biologikoki, badira emakumeak haurdun geratzeko arazoak dituztenak, baita 45 urtekin berehala geratzen direnak ere. Dena den eta ikerketei begiratuta, eta orokortasun batean hartuta, 30 urtetik aurrera, ugalkortasuna jaisten doa.

Ondo izan”

“Larrua jo eta sei egunera, garaiz nabil hurrengo eguneko pilula hartzeko?”

NESKA

Irakurlearen zalantza:

“Sei egun igaro dira azken aldiz larrua jo nuenetik. Egun hartan “martxa atras” metodoa erabilita izan genituen harremanak. Handik bi egunetara hilerokoa tokatzen zitzaidan baina oraindik ez zait jaitsi eta oso urduri nago. Entzun dut hurrengo eguneko pilula bost egun beranduago ere har daitekeela. Hartzen badut oraindik efektua egingo dit? Erantzun mesedez!”

Olatzen erantzuna:

“Kaixo

Hurrengo eguneko pilula eraginkorra da hurrengo 72 ordutan hartzen bada. Zure kasuan, sarketa praktikatu zenuenetik egun gehiago pasa dira, beraz, hurrengo eguneko pilula hartzeak ez du ezertarako balio.

Orain, eta hilerokoa ez bazaizu etortzen, haurdun zauden ala ez jakiteko froga egin beharko duzu. Frogaren emaitzaren arabera, aukera ezberdinak ikusten joan beharko zarete.

Dena dela, gauzak lasaitasunez hartzeko esango nizuke, askotan hilerokoaren atzerapena izaten dugu eta ez da haurdun gaudelako. Hori bai, zure kasuan arriskua egon daiteke, beraz farmazia batera joan zaitezkete eta froga erosi, haurdun zaudeten ala ez jakiteko.

Ondoren, informazioa zehatza duzunean, eta aukera guztiak lasaitasunez aztertzeko, laguntza behar izanez gero eskatu ezazue.Lasai, eta orain zure buruarekin arduratsu jokatzea tokatzen da.

Ondo izan”