Hileko artxiboak: maiatza 2016

Non du muga sexu askeak?

sexuHarreman aske bat izateko orduan badira zenbait faktore nahitaez kontuan hartu beharrekoak; besteak beste, zure asmo bera duen pertsona batekin elkartzea. Baldintza hori bete ezean, alegia, biek bikote askearen ideia argi ez badute, ezinezkoa izango da mota horretako harreman bat bideratzea.

Hala eta guztiz ere, ez da erraza harreman liberal baten alde egitea, nahiz eta geroz eta bikote gehiagok hautatzen duten sexu kontuetan askatasuna edukitzea.

Horixe da, hain zuzen ere, harreman aske batek bilatzen duena: bikotetik kanpo sexua praktikatzea, askatasun osoz, eta azalpen gehiegirik eman gabe.

Baina non jarri muga?

Garrantzitsua da aldez aurretik zenbait puntu zehaztea: adibidez, bikotez kanpoko harremanak ezkutuan eramatea ala ez. Hau da, beste norbaitekin sexua izateko askatasuna eduki arren, bikote aske batzuek nahiago dute neska- edo mutil-lagunak harremanetik kanpo egiten duenaren berri ez izan. Aitzitik, badira “etxetik at” dituzten harremanei buruz lasai asko hitz egiten duten pertsonak.

Bikote askea izateak ez du esan nahi aldamenean dugunari kasu gutxiago egin behar diogunik. Hobe da benetan maite dugun pertsona hori zaintzea, eta lehentasun moduan edukitzea; ostera, askoz zailagoa izango da harremana haserrealdirik gabe eramatea.

Gogoratu beharra dugu bikotea osatzen duten bi partaideentzat dela zilegi beste sexu-lagun bat edukitzea, hortaz, onartu beharra dugu gure bikoteak ere eskubide bera duela nahi duenarekin oheratzeko.

Entzun saio osoa, hemen.

Asteburuan, parrandan, ligatzeko hamaika gomendio

sexuPosible al da telefono mugikorra etxean utzita, parrandan atera eta, ligatzea? Hala da bai, eta orain arte horrelaxe ligatu izan dute teknologia berriez baliatzeko aukerarik izan ez dutenek.

Gaur egungo gazteek, ostera, ez dituzte horren ondo ezagutzen kalean ligatzeko ohiko trikimailuak, aplikazioei edota sare sozialei esker, bidea erabat errazten zaielako.

Orduan, nola bideratu afera?

-Hasteko, garrantzitsua da alkoholarekin ez pasatzea. Gehiago edateagatik ez gara erakargarriagoak izango, kontrakoa.

-Erakutsi pertsona segurua zarela, eta ez kikildu haren aurrean. Alegia, hurbil zaitez berarengana.

-Hitz egin gustuko duzun pertsona horren lagunekin, eta behin lotsa galduta, joan aukeratutako mutil horrengana ere. Hitz egiozu zuri buruz, baina pasatu gabe, gehiegi hitz eginda asperrarazteko arriskua izango duzu eta. Egizkiozu galderak, hau da, ez zaitez izan zu protagonista bakarra.

-Eskote erraldoiak edo minigona laburregiak ez dira beharrezkoak persona baten arreta pizteko.

-Begiradatxoak botatzeak eta irribarrea beti ahoan izateak, aitzitik, asko laguntzen dute.

-Hautatu zure keinu sexyenak, seguruenik gustuko izango ditu eta.

-Behin bidea eginda, eta pertsona hori gustura dagoela atzematen baduzu, gutxika saia zaitez bera ukitzen: sorbalda, aurpegia… Kontua izotzaldia urtzea da.