Etiketaren artxiboa: alua

Nola landu behar da sexuaren gaia hezkuntzaren alorrean?

Aste honetako ‘Sexsua’ saioan, Sexperientzia Ikastetxean izeneko erreportajea ikusteko aukera izan dugu. Aurreko saioetan hezkuntza sexualak duen garrantzia askotan aipatu bada, oraingo honetan, Euskal Herriko ikastetxe eta unibertsitateetan hezkuntza hau nola lantzen den ikustera hurbildu da ‘SexSua’.

Mireia Cifuentes sexologoa

Mireia Cifuentes sexologoa

Hasteko, aurreko saioetan ezagutu dugun Mireia Cifuentes sexologoarekin bildu gara, Lehen Hezkuntzako ikasleekin sexu-heziketa nola lantzen den ezagutzeko. Mireiak adierazi digunez, adin honetako umeekin lantzen diren gai nagusiak gorputzaren aldaketekin zerikusia dutenak dira. Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleekin, hilekoaren agerpenarena da gai garrantzitsuetako bat. Gai honetan, beldurrak usatzea du helburu sexu-heziketak. Horretarako, hilekoaren inguruan dauden mitoak deseraiki eta tanpoia, konpresa eta kopa menstrualaren inguruko informazioa ematen saiatzen dira sexu-hezitzaileak.

Lehen Hezkuntzako ikasleak

Lehen Hezkuntzako ikasleak

11-12 urterekin lantzen den beste gai garrantzitsu bat bikotearekin edo sexu-harremana mantentzen den pertsona horrekin izan beharreko harremana da. Mireiak argi uzten duen moduan, arlo honetan ezinbestekoa da errespetua eta komunikazioaren garrantzia azpimarratzea. Etorkizunean ume hauek izango dituzten praktiken kalitatea bermatuko du bakoitzak gustuko duena eta egin nahi ez duena argi uzteak.

Mireia Cifuentes sexologoaren ustez, sexualitatearekiko harreman arrotza garatzen dute Lehen Hezkuntzan sexu-heziketa egokia ez duten umeek. Izan ere, mota honetako heziketa jaso ez duten nerabeek sexualitatea genitaletara lotzeko joera dute. Identitatea, generoa eta harremanen ulerkuntza guztiz zailtzen du, gerora, sinplifikazio honek.

Bigarren Hezkuntzako ikasleak

Bigarren Hezkuntzako ikasleak

Haurren hezkuntzak dituen eragin zuzenak ikusteko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gela batean izan da Jon Gomez Garai. Bertan, Gaizka Tovarrek eta Mireia Cifuentesek emandako ikastaroan murgiltzeko aukera izan dugu. Nerabeen kasuan, norbanakoaren nortasunaren eraikuntzarekin zerikusia duten gaiak lantzen dira. Honela, gizarteak eta komunikabideek eraikitzen dituzten estereotipo negatiboak desegiten saiatzen dira sexu-hezitzaileak. Sexu-identitate anitzak azaldu eta epaiak saihesten saiatzea ezinbestekoa da. Cifuentesek azaltzen duenez, esanahiak argitu beharrean, nerabeak hausnarketara bideratzea da garrantzitsuena.

EHUko ikasleak

EHUko ikasleak

Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko Lehen Hezkuntza graduko ikasgela batean egoteko aukera izan du ‘SexSua’ saioak. Bertan, Lutxi Larrazabal irakaslea agurtu eta bere klase batean sartu gara, etorkizunean irakasle izango direnei sexualitatearekin zerikusia dituzten egoerak planteatzeko. Lutxi Larrazabalen ustez, gaur egun ikastetxe eta institutuetan ematen den sexu-hezkuntza asko hobetu behar da. Bere aburuz, sexu-heziketa ez litzateke aparteko irakasgaia izan behar; irakasle guztiek gaia zehar-lerro gisa ulertzearen beharra nabarmendu du irakasleak. Etorkizuneko irakasleek, kanpoko laguntzarik gabe, egunerokotasunean naturaltasunez landu beharreko gaia dela adierazi du Larrazabalek.

Saioa ikusi nahi izanez gero, hemen duzue oso-osorik:

Pornografiaren sekretuak, agerian

Aste honetako ‘SexSua’ saioan, pornoaren industriaren eragina izan du hizpide Jon Gomezek. Segundoko 28.528 kontsumitzaile duen industria hau hobeto ezagutzeko, osasuna, sexu-heziketa eta komunikazioaren alorreko profesionalekin izan da Jon Gomez aurkezlea.

Gaizka Tovar, sexu-hezitzailea

Gaizka Tovar, sexu-hezitzailea

Zeintzuk dira pornoak sortzen dituen espektatibak? Egia al da pantailan ikusten dugun guztia? Nolako eragina du pornoaren kontsumo masiboak gaur egungo gazteengan? Galdera hauei erantzuna aurkitu nahian, Gaizka Tovar sexu-hezitzailearekin izan da Jon Gomez. Gaizkak argitutako lehen kontzeptua honakoa da: pornoa gezurra da. Sexologoak argitu duenez, kutsu erreala emateko, fikziozko zineman erabiltzen diren trikimailu eta efektu antzekoak erabiltzen dira zine erotikoan. Honela, gaur egungo gazteriarentzat frustragarriak diren eredu irrealak sustatzen ditu.

Sexu-jostailuak

Sexu-jostailuak

Gaizka Tovarren baieztapena argudiatzeko, pornoaren industrian eta errealitatean ikusten diren ereduen arteko konparaketa aurkeztu dute saioan. Pelikula pornoetan ikusten diren zakilen tamaina 15-21 zentimetro bitartekoa izaten da, errealitateko batezbesteko tamaina 13-18 zentimetro bitartekoa denean. Emakumezkoen kasuan ere, pornoan ikusten diren alu gehienak oso antzekoak dira, errealitatean, forma, itxura, kolore eta tamaina ezberdinekoak diren bitartean. Harreman sexualetan, emakume guztiak orgasmora heltzen ikusten ditugu film hauetan; egunerokotasunean, ostera, emakumeen %71k ez du lortzen orgasmora heltzea.

Zine mota honek sortzen dituen itxaropen faltsuak irauli eta mitoak deseraikitzeko, Gaizka Tovarrek hezkuntza sexuala indartzea proposatzen du. Bere ustez, gizarteko sektorerik gazteenean dago gakoa; izan ere, inkesten arabera, 11 urterekin hasten dira gaur egungo gazteak pornoa kontsumitzen.

Anton Arruza, urologoa

Anton Arruza, urologoa

Fisikoki pornoak eraikitzen dituen ereduek ez dute gazteen harremanetan soilik eragiten. Anton Arruza urologoak adierazi duenez, “pornoaren industrian ikusten diren zakilen tamaina eta itxura irrealek gazteei konplexuak sortzen dizkiete”. Honela, gazte askok urologoaren kontsultara joatea ekiditen dute, tamainaren konplexua gainditu ezinik. Emakumeek ginekologoaren figura barneratuta duten bitartean, gizonezkoei urologoa arrotza egiten zaiela azpimarratu du Anton Arruza urologoak.

Allen King, 2014ko Europako aktore porno gay onena

Allen King, 2014ko Europako aktore porno gay onena

Baina pornoaren eragina ez da soilik publikoan antzematen. Allen King aktore pornoak Jon Gomezekin izandako elkarrizketan argi utzi duen moduan, aktore pornoek viagra antzeko botika eta estimulatzaileak hartu behar izaten dituzte sarritan. Pantailan ikusten duguna ikusteko, aktoreek lanordu luzeak ematen dituzte, azkenean, osasunerako kaltegarriak diren produktuak hartuz.

Beraz, pornoaren inguruko saio honetan ondorioztatu daitekeena honakoa da: pornoa kontsumitzea gozagarria izan daitekeen arren, ezinbestekoa da ikusten dugun horren inguruko kontzientzia kritikoa garatzea, aurrerantzean izan ditzakegun harremanak kaltetu ez ditzan.

Ikus ezazu saio osoa:

Zer da zoru pelbikoa?

ETB1ko ‘SexSua’ saioak emakumeen sexu-organu garrantzitsuena hizpide hartuta hasi du bere ibilbidea telebistan: alua. Organu hau, sexuari dagokionean, ezezagunenetakoa dela iritzita, bere inguruko tabu guztiak apurtzera etorri da Jon Gomez Garaik gidatzen duen programa.

Nahia Rojo, sexu-hezitzailea

Nahia Rojo, sexu-hezitzailea

Hasteko, aluaren atalak zeintzuk diren jakitea ezinbestekoa dela esan digu Nahia Rojo, Desira sexologia zerbitzuko adituak. Honako hauek aurkituko dituzte emakume guztiek euren aluan: klitoriaren estalkia, klitoria, ezpain txikiak, baginarako sarrera eta ezpain handiak.

Honetaz ari garela, klitoria badela jakitea garrantzitsua da Nahia Rojoren hitzetan. Gezurra badirudi ere, gaur egun oraindik emakume asko dago zer den eta zertarako balio duen ez dakiena. Klitoriaren funtzio bakarra gozamena da. Horretarakoxe soilik daukate emakumeek organu txiki hori aluaren goiko partean. Bera kitzikatuz edo berarekin jolastuz gozamena lortzen dute.

Aluak marrazten

Alu bat marrazten ba al dakigu?

Bestalde, gorputzeko gainerako atalak pertsona batzuetik besteera aldatzen diren bezala, aluak ere ezberdinak dira emakume batzuetan eta besteetan. Normalean ez dira erabat simetrikoak izaten; batzuek ezpain txikiak handiagoak izaten dituzte eta besteek txikiagoak; usaina eta fluxu kopurua ere ezberdina izaten da emakume batzuetatik besteetara…

Baina ezberdintasunak ezberdintasun, emakume guztiek gauza bat izan behar dute argi: zoru pelbikoa landu egin behar dela. Azken aldian, asko entzuten den kontzeptua da hau. Baina zer da zoru pelbikoa?

Arantza Meabe, ginekologoa

Arantza Meabe, ginekologoa

Arantza Meabe ginekologoak Jon Gomezi azaldu dion bezala, pelbiaren inguruko organuak eusten dituen gihar eta tendoi multzoa da zoru pelbikoa. Urteek aurrera egin ahala eta haurrak erditu ondoren, gihar eta tendoi horiek indarra galtzen dute, lasaitu egiten dira eta osasun arazo izatera ere iritsi daiteke.

Emakume askori, erditu ondoren edo menopausiako hormona aldaketen ondoren, pixak ihes egiten die egoera askotan: doministiku egiterakoan, salto edo korri egiterakoan… Horiek dira zoru pelbikoa ahultzearen sintometako batzuk. Arazoa oso larria denean, konponbidea kirurgia izan ohi da.

Txinatar bolak

Txinatar bolak

Gaur egun, ordea, horretaraino iritsi gabe ere, badaude zoru pelbikoa indartzeko ariketa eta teknika ugari. Txinatar bolak erabiltzea da horietako bat. Askok jostailu erotiko soiltzat dituzte eta, horiek erabiltzean emakume batzuek gozamena sentitu badezakete ere, bola txinatarren funtzio nagusiena pelbiaren inguruko muskuluak indartzea da. Noski, muskuluak indartuta daudenean, gozamena handiagoa izaten da sexu harremanetan, bai emakumearentzat bai gizonarentzat.

Eta nola funtzionatzen dute? Mugimenduarekin. Hau da, txinatar bola bakoitzaren barruan beste bolatxo txiki bat dago. Mugitzen garenean, barruko bolatxoak talka egiten du kanpoko bolaren kontra eta horrek sortzen duen bibrazioak bagina inguruko muskuluak mugitzen ditu. Beraz, txinatar bolak oinez ari garenean erabili behar ditugu, bestela alferrik izango da.

Olga Polo, emagina

Olga Polo, emagina

Jon Gomez Laudioko Olga Polo emaginarekin hizketan ere aritu da ‘SexSua’ saioan. Olgak txinatar bolen antzerako produktu bat merkaturatu du eta, kontatu duenez, antzinako emakumeek ere erabiltzen omen zituzten horrelakoak.

Txinatar bolez aparte, badaude bestelako ariketa edo teknikak ere. Errazena edozein momentutan pelbiaren inguruko muskuluak itxi eta irekitzea da; hau da, pixari eutsiko bagenio bezala. Egunean hainbat alditan eginda, muskuluak lantzen arituko gara.

Azken urteetan, gure inguruan ezagun egin den beste ariketa bat gimnasia hipopresiboa da. Emagin askok erditze ondorengo klaseetan erakusten dute nola egin, eta gimnasio eta kiroldegi batzuetan ere egiten dute eskaintza hau.

Zoru pelbikoari buruzko ‘SexSua’ saioa osorik ikusi dezakezue hemen:

Baginako piercingak

piercingBaginako piercinga emakumeen genitaletan jartzen den belarritakoari deitzen diogu. Dirudienez, erromatarren arotik dator ohitura hau. Garai hartan neska esklaboei baginan belarritako antzeko bitxiak jartzen zizkieten sexu harremanik izan ez zitzaten. Dena den, denborarekin baginako piercingen esanahia aldatu egin da eta orain praktika sadomasokistekin lotzen da.

Piercing motak

Nesken genitaletarako lau piercing mota daude: bik klitoriarekin dute zerikusia eta beste biek ezpainekin.

Klitoriaren estalduran jartzen diren belarritakoak: Klitoriaren azala edo estaldura horizontalki zein bertikalki zeharkatzen du. Honek sekulako plazerra eragiten dio emakumeari piercingak klitoria ukitzen duenean.

Klitorian bertan jartzen den piercinga ez da oso ohikoa izaten, azken honek sentsazioak murrizten baititu (aurrekoaren kontrakoa). Zonalde hau zeharkatzen duen barratxo edota aro bat litzateke klitoriko belarritakoa.

Ezpainetako piercinga: Ezpain txikietan edota handietan jar daiteke. Honek ere sentsazioak areagotzen ditu eta oso errez orbaintzen den piercing mota bat da.

Amaitzeko, urkila izenez ezaguna den piercinga duten pertsonek ezpain txikien eta bulba edo aluaren arteko lekua zulotzen dute.

“Aluan sekulako azkura daukat eta ezin dut sexu-harremanik izan”

Osteguna denez, irakurle baten zalantzari erantzungo dio Olatz Berastegi sexologoak. Hemen duzue gaurko zalantza:

Irakurlearen galdera:

“Kaixo

Duela gutxi izan dut umea eta haurdun nengoenetik sekulako azkura daukat aluan. Ezin dut sexu-harremanik izan sekulako mina egiten didalako. Haurdunaldiak eragingo ote zidan etengabeko azkura hau? Ala beste arrazoiren bat egon daiteke, onddoak…?
Zer egin dezaket hau saihesteko? sexo

Eskerrik asko”

Olatzen erantzuna:

“Aluan azkura sentitzeko arrazoi ezberdinak egin daitezke: bulba errea edukitzea, onddoak,…

Zergatik gertatu zaizun? Haurdunaldiaren ondorioa izan daiteke, etapa horretan hormonalki emakumeen egoera aldatu egiten delako, honetaz gain ez dakit ze nolako erditzea izan duzun, hau da episetomia egin dizuten, erditze gogorra izan zenuen… erditzearen arabera ondorioak ere izan ditzakezu. Dena den kontatzen duzuna ez da hain arraroa, emakume askok bere bizitzan bulban infekzioak, onddoak izaten dituzte. Nik ginekologora joatea aholkatuko nizuke, berak ondo behatuko dizu eta tratamendu egokia bidaliko dizu.

ondo izan.”