Hileko artxiboak: uztaila 2009

Adarrak barkatu ala ez?

Ostegun honetan ere gazte baten zalantzak argituko ditu Olatz Berasategi gure sexologoak. Oraingoan, adarren kontu korapilatsua izango dugu ardatz gure sexu blogean.

Irakurlearen galdera:

“Ez dakit txoko honetan galdetzeko kontua den, baina, nire mutilak adarrak jarri dizkit eta ez dakit barkatu ala ez. Agian sexologoa izanda zuk inork baino gomendio hobea emango didazu. Kontua da, nire mutil-laguna duela gutxi bere neska-lagun ohiarekin atera zela parrandan eta hurrengo egunean bere mezuak eta deiak ikusi nizkion mugikorrean. Gainera, nire lagun batek parrandan hartan “ligatzeko” jarreran ikusi zuela esan zidan eta horrek susmoak eragin zizkidan. Hori dela eta, berari galdetzea erabaki nuen eta nahasmen momentu bat izan zuela eta bere neska ohiarekin enroiatu zela esan zidan.

Orain ez dakit popatik hartzera bidali behar dudan ala berarekin normal jarraitzea izango den onena. Berak nirekin egon nahi duela esan dit, baina, harreman estua du bere neska ohiarekin. Eta berriz gertatzen bada zer? Nik nire sentimenduak argi ditut eta berarekin egon nahi dut.”

Olatzen erantzuna:

“Kaixo, bukaeratik hasiko naiz zuk esaten duzu argi duzula eta berarekin egon nahi duzula. Beraz, berarekin nola egon nahi duzun finkatu beharko zenuke. Nik uste dut berarekin hitz egin behar duzula jakiteko zuen harremana non oinarritzen den. Askotan harreman batean gerta daiteke beste pertsona batekin enroilatzea, eta guri gustatu ala ez hori gertatzen da, pertsonak inoren propietatea ez garelako eta beste pertsona batzuekin gure bikoteaz gain erakarpena sentitu dezakegulako. Kontua da erakarpen horrekin zer egiten dugun. Zure kasuan, gertatu da, eta uste dut garrantzitsua dela hor zer gertatu den hitz egitea, zuri ze emozio mugitu zaizkizun zure bikotekideari azaltzea, eta zurekin egotea ze suposatzen duen azaltzea. Ondo legoke berari azaltzea harreman horretaz espero dezuna, eta bera zurekiko non dagoen eta ze espero duen ere esatea. Inportanteena konfiantza eta elkarri errespetua ez faltatzea da, hau edozein harremanaren oinarria delako.”

“Isurtzen naizenean oso semen gutxi botatzen dut”

Ostegun honetan ere sexuari buruzko kontu berri bat jakinda oheratu nahi baduzue, irakurri gaurkoan Zestoako gazte batek Olatz Berastegi sexologoari egindako galdera. Benetan interesgarria!

Irakurlearen galdera:

“Kaixo Olatz. Isurketa izaten dudanean oso semen gutxi botatzen dut. Tantatxo bat jausten zait eta kito. Lagunekin hitz egin dut eta denek esan didate eurek ‘parrastadatxo’ bat botatzen dutela.

Zergatik gertatzen zait hau? Agian espermatozoide gutxi ditudalako? Umeak izateko orduan eragina izan dezake honek?”

Olatzen erantzuna:

“Lasai egon zaitez, pertsonaren arabera semen kantitate bat edo beste isurtzen da eta. Honekin esan nahi dut, zure lagunek ere ez dutela denek kantitate berdina botako. Gainera, ez da gauza bera behin bakarrik isurtzea edo, adibidez, jarraian bi aldiz isurtzea. Lehenengo aldian beti botako duzu hazi gehiago bigarrenean baino. Beraz, astean zenbat eta isurketa gehiago izan, egun bakoitzean botatzen duzuna gutxiago izango da.

Dena den, eta lasaiago geratu nahi baduzu, noizean behin urologoari bisita bat egitea ez da gaizki etortzen. Gerta liteke, isurketa kantitatea urria izatea konduktuetan oztoporen bat dagoelako. Urologoak guztia ondo daukazun begiratuko dizu, konduktuak ondo dauden… Ondo izan.”

“Bi urtetan ez dut orgasmorik izatea lortu”

Eta gaurko zer? Osteguna da eta galdera berri bati erantzuna ematera dator Olatz Berastegi sexologoa. Hain zuzen ere, kezkatuta eta konponbide bila idatzi digun neska bati aholku emango dio gaurkoan Olatzek. Baina zergatik dago hain arduratuta Mendaroko neska hau? Hemen duzue azalpena:

Irakurlearen galdera:

“Bi urte daramatzat nire mutil-lagunarekin eta orain arte ez dut sekula orgasmorik izan. Masturbazioaren bidez, laztanekin, larrua jota, miazkatuz… modu denetan saiatu gara, baina, ezinezkoa da. Ni oso lasai egoten naiz, beraz, ez da urduritasun kontua eta pazientzia osoz saiatzen gara, dena den, alferrik da.

Batzuetan ni bakarrik ahalegintzen naiz eta hala ere, ez dut lortzen. Zer egin dezaket? Nire ametsa da orgasmo bat edukitzean zer sentitzen den jakitea. Lortuko dut noizbait?”

Olatzen erantzuna:

“Argi utzi diguzu sexu-harremanak lasaitasunez eta pazientzia osoz hartzen dituzula, baina, litekeena da zuk uste bezain lasai ez egotea. Zergatik? Helburu berdin batean oinarritzen zarelako beti, hau da, orgasmoan zentratzen zarelako eta hori burutik kentzen ez duzun bitartean oso zaila izango delako klimaxera iristea.

Gorputza trankil sumatzen duzu, dena den, aipatu bezala, buruan bueltaka beti ideia berdina dabil eta nahigabe informazio hori gorputzera iristen da.

Horregatik, oraingoz helburu hori albo batera uztea gomendatzen dizut, orgasmoa ez izateak ez baitu ondo pasatzen ez zaudenik esan nahi. Zure gorputzarekin nahiz aldamenean duzunarekin gustura sentitu behar zara eta horretan jarri behar duzu indarra; joko berriak asmatuz, plan ezberdinak antolatuz…

Jolastu zure gorputzeko atal guztiekin eta, orgasmoan pentsatu gabe, gehien gustatzen zaizuna zer den bilatu behar duzu. Modu horretan lortzen ez baduzu eta orgasmora heltzeko gogoa hain bizia bada, bisitatu sexologoren bat eta berak gomendio gehiago emango dizkizu.”

Zuk baduzu zalantzarik? Hala bada, bidali mezua bat gazteaweb@eitb.com helbidera eta Olatzek erantzungo dizu.

“Nire txakurrak bero-bero jartzen nau”

Osteguna berriro eta Olatz Berastegi sexologoak irakurle baten zalantza argituko du beste behin ere. Kuriosoa oraingo honetan Laudioko gazte batek egindako galdera:

“Kaixo Olatz. Nahiko urduri eta arduratuta nabil azkenaldian gertatzen zaidan kontu batengatik. Txakur bat oparitu didate eta asko gustatzen zait berarekin jolasean ibiltzea. Elkar musukatzen dugu eta nik laztan pila egiten dizkiot. Dena dela, gauza arraro bat ere gertatzen zait. Musuak eman eta berarekin jolasean ibiltzen naizen bakoitzean zakila zutitzen zait eta nahiko kitzikatuta sentitzen naiz. Ez nuke sekula txakur batekin sexu-harremanik izango, baina, zergatik geratzen zait hori? Txakur batekin berotzen naiz!”

Olatzen erantzuna:

“Kaixo, lasai egon zaitez, ez da zuk diozun moduan kontu arraro bat. Txakurra izakia da, ilea dauka, usaia, gorputza, bizirik dago eta honek guregan sentsazioak sor ditzake, edozein izakirekin kontaktuan egotean gerta litekeen bezala. Ez dakit inoiz entzun duzun, baina, askotan esaten da txakurren kontaktua terapeutikoa dela, hau da, pertsonengan emozioak eta sentsazioak sortzen dituela.

Zure gorputzak bere kontaktuari erantzun bat eman dio, hori da dena. Zer esan nahi dut honekin? Edozein animaliarekin dugun kontaktuan sentsazio ezberdinak izan ditzakegula eta gure gorputzak horri lotuta erantzun bat eman dezakeela, zure kasuan zakila tentetzea eta kitzikatuta sentitzea. Beraz, ez larritu.”

Zure zalantzaren zain gaude. Dakizun moduan, Olatzek aspalditik kezkatzen zaituen kontu horren erantzuna izan dezake. Gure aholkuak doakoak eta guztiz anonimoak dira. Hortaz, badakizu, bidali mezu bat gazteaweb@eitb.com helbidera eta aurki erantzuna jasoko duzu.