Hileko artxiboak: urtarrila 2009

Sexu organoak indartuz, plazerra areagotu

Aste honetan ere aholkuekin jarraituko dugu, eta gure genitalak ezagutzea garrantzitsua bada, ezin ahaztu zaintzea ere ezinbestekoa dela. Hau da, askotan gorputza zaintzeko kirola egiten saiatzen gara, eta badakigu gure gorputza mugituz, ondorio onak lortzen ditugula. Organo genitalekin berdin gertatzen da. Beraz, hauek indartuz ondorio positiboak lortu ditzakegu, horietako bat harreman sexualetan plazerra areagotzea da. Beraz, hemen doaz etxeko lanak:

Lehendabizi, neskek egin beharreko ariketekin hasiko gara. Leku eta une lasai bat aukeratu, postura erosoa hartu, eta baginako muskuluak ixten saiatu. Arnasa sakon hartu, hiru edo lau segundo eutsi eta muskuluak lasaitu. Ondorioak nabaritzeko, ariketa hau egunero hamabost aldiz egitea komeni da.

Mutilen kasuan, zakilarekin kontrakzio mugimenduak egin behar dira. Hau da, pentsa pixa egiten ari zaretela eta zakilaren muskuluak eutsiz pixa eteten duzuela. Arnasa sakon hartu eta eutsi hiru edo lau segundoz. Ondoren, muskuluak lasaitu. Mutiletan ere, ariketa hauek egunero egitea komeni da.

Nola ezagutu nire gorputza?

Urte berriarekin batera asmo berriak datozkigu, baina askotan ezin bete igarotzen da urtea. Sexualitateari dagokionez, ere asmo berri ugari ipini ditzakegu, baina ez bagara horretan jartzen, ez dugu ezer lortuko. Hau da; galdera asko egiten ditugu ondo pasatzearen inguruan, eta askotan aholkuak ematea zaila izaten da, eta beste batzuetan aholku berari ere ez diogu jaramonik egiten.

   Baina dena den, eta plazerra helburua izanik gauza sinpleenetatik hasiko gara, gure gorputza. Azken finean, harremanetaz disfrutatzeko gure gorputza ezagutzea eta zaintzea ezinbestekoa da. Eta hau nola egin dezakegu?

Gaurkoan ezagutzeari ekingo diogu eta nesken gorputzaz arituko gara. Gorputz osoa begiratuz ezagutu dezakegu, baina gure organo genitalak ezagutzeko baliabideak behar ditugu. Horretarako, momentu eta toki lasai bat aukeratu, ispilu bat hartu, hanken artean ipini eta ekin lanari.

Hor aurkituko dituzu, ezpain nagusiak, ezpain txikiak, klitoria, meatoa, eta bagina. Aztertu, kolore ezberdinak ikusi, eta nahi izanez gero hilekoaren zikloaren barruan egun ezberdinetan begiratu dezakezu. Bueno, ba hasi zuen gorputza ezagutzen, disfrutatzen eta horrela gozamenaren bideari hasiera emango diogu.