Hileko artxiboak: martxoa 2009

Sexua: musikarekin ala isilean?

Argiarekin, ilunpean, musikarekin, isilean… Sexua praktikatzeko orduan bakoitzak bere ohiturak ditu eta gaurkoan une ‘intimoak’ musika egokiaz nola girotu aztertuko dugu.

Hasteko, gazteen gustuak kontutan hartuta Interneten azaltzen diren talde eta abesti bana aipatuko ditugu; Blur taldea eta The Curen ‘Lullaby’ abestia, hain zuzen. Bestalde, esan beharra dago gazteek entzuten duten musika euren sexu-esperientziarekin zuzenean lotuta dagoela, hala dio behintzat BBCk 13 eta 18 urte bitarteko 711 neraberekin egindako ikerketa batek.

Sexualki oso ‘agresiboak’ diren kantuak entzuten dituzten gazteek, estilo horretako musika entzuten ez dutenen aukera bikoitza omen dute sexu-harremanak izateko.

Baina zeintzuk dira larrua jotzeko abesti aproposenak? Alde batetik aipatu, badela disko bat (‘No molestar: 36 canciones para hacer el amor’) maitasun kontuetarako oso egokia dena. Honek, Sergio Dalma, Jane Birkin, Sade, George Michael, Brian White, Bryan Ferri, Dinah Washington eta UB40 talde eta bakarlarien soinuak biltzen ditu.

Horrez gain, azpimarratzekoa da garrantzitsua dela sexu-harremanak izateko orduan entzuten ari garen kantuak erritmoa, musikaltasuna, erromantizismoa eta lasaitasuna transmititzea.

Ask Men aldizkariaren ikerketa batek adibidez, jazz eta chill-out estiloak gomendatzen dizkie sexua modu sentsualean, erromantikoan eta erlaxatuan praktikatu nahi duten pertsonei. Kultuagoak direnentzat, berriz, Massive Attack edota Portishead taldeen hotsak aholkatzen ditu eta gau bateko abenturetarako, Primal Scream, Suede eta Garbage eta Ramones. Amaitzeko, hain alternatiboak izan nahi ez dutenei, Metallica, No Age eta Linkin Park entzuteko eskaera egiten die.

Zein da sexurik gozagarriena?

Banaka, bikoteka nahiz hirunaka, eskuekin zein mingainarekin organo sentikorrenak laztanduz, jostailuekin, begiak itxita… Sexuak ez du mugarik eta gozatzeko orduan ere bakoitzak bere lehentasunak ditu.

Bikotearekin sexua praktikatzea baino hoberik ez dagoela dioten horietakoak daude, baina, asko dira baita ere, gaueko abentura batean egindako jokoak ezerengatik aldatuko ez luketenak. Lotsatienek edo beharbada euren burua inork baino hobe ezagutzen dutenek, ordea, banakako masturbazioa baino sexu gozagarriagorik ez dagoela diote.

Sexu kontuetan hasiberriak direnentzat sarketa praktikatzea da erronka nagusia, dena den, urteekin beste esperientzia batzuk probatzeko gogoa eta gauza berriak ikasteko grina nagusitzen dira.

Jostailuak ere denetarikoak; bakarkako lanetarako, sexu berekoen artean harremanak izateko, taldean ongi pasatzeko… Eta sexu-harremanak izateko lekua hautatzerakoan ere aukeraketa zabala; ‘morbosoenek’, toki ausartetan galtzea dute gustuko, tradizionalenek, aldiz, nahiago dute maindire artean goxo-goxo mugitu eta oheak eskaintzen duen erosotasunaz gozatu.

Baina euskaldunontzat zein da sexurik gozagarriena? Eta zuretzat?

Ipuin erotikoen lehiaketa Basaurin

Euskarabilak, Basauriko euskara elkarteak, ipuin erotikoen 14. edizioa jarri du martxan.
Bertan parte hartzeko baldintza nagusia lanak euskaraz eta argitaragabeak izatea da.
Horrela, 1993an edo lehenago jaiotako edonork izango du ipuin erotikoa sortu eta lehiaketan parte hartzeko aukera. Lanak posta arruntaz edo posta elektronikoz bidali ahal izango dira, baina apirilaren 23a baino lehen. Esan bezala, basauriarrez gain, edozein euskaldunek du lehiaketa honetan parte hartzeko aukera.

Lanetan ez da egilearen izenik jarri behar; datu horiek sekretupean gordeko dira, eta soilik lehiaketaren antolatzaileek izango dituzte eskura.

Idazleek hiru sari izango dituzte jokoan: garaileak 500 euro irabaziko ditu eta bigarrenak 300. Hirugarren saria, aldiz, Basaurin geratuko da, lan onena egin duen basauritarrak 200 euroko saria erdietsiko baitu.

Sariak maiatzaren 26an emango dituzte ezagutzera. Lan sarituak Euskarabila eta Txalaparta argitaletxearen esku geratuko dira, eta horiek argitaratzeko eskubidea izango dute.

Beraz, ez galdu denbora eta hasi zure istorio erotikoa idazten, oraindik garaiz zabiltza eta!

Informazio gehiago: www.euskarabila.org webgunean.

Eta ‘Eingo al deu’ blogerako ipuin edo kontakizunen bat baduzue ere, ez galdu denborarik eta bidali email bat gazteaweb@eitb.com-era.

Bilbo, bekatuen hiria

18 urtetik gora badituzue eta erotismoa gogoko duzuen horietakoak bazarete, bihar, martxoak 27, hitzordua duzue Bilboko Conjunto Vacio diskotekan, bertan jaialdi erotikoa egingo baitute, 23:00etatik aurrera.

‘Bilbo, bekatuaren hiria’ izeneko festa honetan, Sandra G. aktore pornoak ikuskizun aparta emango du eta horrez gain, gizonen nahiz emakumeen strip-teaseak, gogoak eta erakusketa ugari egongo dira.

Aipatu bezala, 23:00etan hasiko da jaia gonbidapenarekin doazenentzat eta gainerakoek 00:00etatik aurrera izango dituzte ateak zabalik.

Bertara hurbiltzen direnentzat txokolatina erotikoak, feromonen lurrina eta luncha prestatu dituzte. Ondoren, Euskal Herrian ezkondu aurreko agurrak antolatzen aitzindaria den enpresa baten webgune berria aurkeztuko dute: www.despedidatotal.com eta hortik aurrera, festaren eta ikuskizun erotikoen txanda iritsiko da.

Hurrengo eguneko pilula, SMS bidez

Erresuma Batuan hain ohikoak diren adingabeen haurdunaldiak saihesteko asmoz, Oxforshire konderriko sei ikastetxeko ikasleek SMS bidez eskatu ahal izango dute hurrengo eguneko pilula, uztailetik aurrera.

Esan bezala, ekimen honek gaztetxoei haurdun ez geratzeko erraztasunak ematea du helburu. Modu horretan, antisorgailua gaizki erabili duten nahiz antisorgailurik gabe sexu-harremanak izan dituzten neskek eskatu ahal izango dute pilula.

Adituek ‘zoragarritzat’ jo dute ideia hau, baina, beste neurri batzuk ere hartu beharko liratekeela uste dute, adibidez, txikitatik sexu-hezkuntza on bat ematea.

Halere, hasiera batean zoragarritzat jotako ideia honek denborarekin polemika piztu dezake: Zer gertatuko litzateke gazteen artean hurrengo eguneko pilula antisorgailu bezala hartzeko joera zabaltzen bada?

Denborak emango digu erantzuna eta bitartean neurri berri honek ematen dituen emaitzekin adi egon behar. Batek daki, arrakastatsua bada, etorkizun hurbilean Euskal Herrira ere hel liteke.

Baina, zer deritzozue gazteok ekimen berri honi? Adin txikikoen artean haurdunaldiak saihesteko bide aproposa izan daitekeela uste duzue?

Eman zuen iritzia!

Zer da sextinga?

Sakelako telefonoekin gorputz biluztuei argazkiak atera eta irudiak mezu bidez bidaltzeko moda zabaldu da AEBetako gazteen artean.

‘Sexting’ izenarekin ezagun egin den tendentzia honek bi faktore garrantzitsu uztartzen ditu: nerabeak eta teknologia berriak.

Normalean hurbileko lagunei bidaltzen dizkiete argazkiak, halere, zenbait kasutan txantxa hau umilazio bilakatzen da, hori dela eta, bihurrikeria den ala umeen pornografia izatera hel daitekeen aztertzen dabiltza.

Iturri ezberdinek emandako informazioaren arabera, 13 eta 17 urte bitarteko gazteen %20k bidali du noiz edo noiz biluzik edo erdi biluzik agertzen den argazkiren bat.

Dirudienez, dibertitzeko edota beste nerabe batzuekin ligatzeko erabiltzen dute moda hau estatubatuarrek. Dena den, aurrerantzean kontuz ibili beharko dute, batez ere, baimenik gabe lagunen baten irudiak bidaltzen dituztenean.

Horrelako kasuetan neurri gogorrak hartzen hasi dira agintariak eta AEBetako estatu askotan pornografiatzat eta esplotaziotzat jo dituzte mota honetako kasuak.

Ahotsaren eta usainen erakarpena

Erakarpena. Gaur egun, hitz hau irudiarekin dago estuki lotuta, erakarpen fisikoarekin alegia, baina zer esaten didazue ahotsaren erakarpenaz edota usaien erotikoaz?

 

Helduko da eguna gorputzei buruz hitz egiten duguna, baina gaurkoan, gure izaerak dituen beste ezaugarri batzuetan jarriko dugu arreta.

 

Zenbat aldiz geratu zarete ahots batekin liluraturik? Zenbatetan  kitzikatu zaituzte pertsona baten usainak? Erreparatu diozue noizbait gorputzeko atal ezberdinen mugimenduei?

 

Azken finean, elementu asko ditugu besteentzat erakargarriak izan daitezkeenak, baina askotan begiek beste guztia izorratzen dute.

 

Hemendik proposamen bat luzatzen dizuet, hasi zaitezte holako elementuei erreparatzen, eta ondoren utzi zuen irudimena aske, ea zer gertatzen den…