Hileko artxiboak: abendua 2013

Sexua sakelako telefonoetara heldu da

sexuAstelehenero bezala, Akabo Bakea saioak Luziaren bisita jaso zuen atzo, eta telefono mugikorretarako sexuarekin lotuta dauden aplikazio garrantzitsuenak aurkeztu zizkigun honek.

Guztira hamalau aplikazioren berri eman zigun. Dena den, “Eingo al deu” sexu blogean horietako batzuk soilik jaso ditugu. Hori bai, post honen bukaeran atzoko saioa osorik entzuteko aukera duzue.

Aplikazioak:

69 Places: Sexu harremanak izateko 69 leku proposatzen ditu.

IKamasutra: Kamasutran jasotzen diren jarrerak aurkezten ditu aplikazio honek.

Kissing Test: Musuak nola ematen ditugun neurtzeko gai da.

Tinder: Bikotea bilatzeko aplikazio ezaguna. Erabiltzaileari beste erabiltzaile batzuen argazkia, adina eta informazioa erakusten dizkio. Erabiltzaileak pertsona hori gustuko badu, “onartu” egingo du, eta beste pertsona horrek ere bera onartzen badu, erabiltzaileak abisua jasoko du.

Distine tt: Sexurik bilatzen ez duten homosexualei zuzenduta dago. Hau da, besteak beste, oporretarako, afaltzen joateko zein parrandan ateratzeko lagunak bilatzeko balio du.

IFlirt for you: Zita baten aurrean nola jokatu esaten duen aplikazioa.

I just made love: “Oraintxe bertan sexu harremanak izan ditut”. Hau da aplikazio horren helburu nagusia; hots, sexua non, norekin, noiz eta nola izan dugun ezagutaraztea. Dagoeneko 290.000 erabiltzaile inguru ditu, eta Google Maps duten herrialde guztietan erabili daiteke.

Espainiar Estatuko datuak agertu dira sarean azken asteotan, eta aplikazio honen arabera, Salamanca da sexu gehien praktikatzen den hiria.

Aplikazio gehiago ezagutu nahi badituzue, ez izan zalantzarik… eta entzun atzoko saioa!

Ebakuntza genitalak, moda berria?

Ez dakigu moda berria izatera iritsi ote diren ebakuntza genitalak, baina egia da geroz eta ohikoagoak direla, gaur egun. Kezka sexual nagusiak aztertzerakoan, neska zein mutil askok bikotearen aurrean biluzik jartzeko lotsa sentitzen dutela onartu ohi dute. Muga hori genitalen itxurak eragin dezake, sarri. Beraz, geroz eta arruntagoak dira ebakuntzak arlo horretan.

Gainera, teknikak asko hobetu eta prezioak merketu egin dira. Mota horretako operazio guztien % 70 neskei egiten dizkiete; % 30, ordea, mutilei.

Emakume askok, esaterako, lipoeskulturak egitea erabakitzen dute, pubis inguruan sortzen den grasa kentzeko. Horrez gain, imenoplastiak (imena berregitea), klitoriplastiak (klitoria txikitzea) eta labioplastiak (ezpain txikiak egokitzea edo haundiei bolumena ematea) ohikoak dira. Besteak beste, ilea berriz jartzeko ebakuntzak egiten dira, baita baginaren diametroa estutzen dutenak ere.

Gizonei dagokienez, zakila luzatzen duen operazioa da gehien entzuten dena. Argitu beharra dago berez ez dela luzatzen; izan ere, inguruko grasa kentzen zaionez, itxura luzeagoa duela dirudi. Zakila loditzea ere nahi izaten du mutil ugarik. Zakila eta azalaren artean grasa sartzean datza. Adituek diotenez, oso ebakuntza arriskutsuak dira, eta ez batere gomendagarriak.

Azkenik, entzule batek egindako galdera argitzen ahalegindu da Luzia.

Entzun hemen Luziak ‘Akabo Bakea’saioko ‘Luzia eta sexua’ atalean kontatutako guztia!

Ebakuntza genitalak

Ebakuntza genitalak

Nesken % 60k eta mutilen % 30 inguruk antzezten dituzte orgasmoak

Emakumeen A puntua

Mitoa dirudi, eta, batik bat, neskei egotzi izan zaie, baina, mutil zein neska, asko dira sexu harremanetan, orgasmora iritsi diren plantak egiten dituztenak. Hainbat ikerketaren arabera, nesken % 60k egten dituzte edo egin dituzte inoiz plantak, eta mutilen artean, berriz, %20-30 artekoa da kopurua. Bitxikeria moduan, aipagarria da aspaldiko ikerketak eta egungoak alderatzen baditugu, gora egin duela mutilen artean orgasmoa antzezten dutenen kopuruak, baina ez dakigu zenbatekoak berak egin ote duen gora, ala aitortzen dutenen kopuruak egin ote duen.

Eta, zer dela eta egiten ditu jendeak plantak orgasmoan? Arrazoi nagusia bat da, bai nesketan, bai mutiletan: bikotekidea pozik edukitzea. Badirudi euren bikotekidea ezleial izateko beldur dela asko, eta orgasmoan plantak eginda bikotekidea gusturago utziko dutela uste dutela. Baina, jakina, presio horrekin, ez dugu sexuaz hainbeste gozatuko.

Entzun ‘Akabo Bakea‘ irratsaioko ‘Luzia eta sexua‘ atalean gai honi buruz emandako xehetasun guztiak.

Zerk kezkatzen gaitu gehien sexu kontuetan?

Joan den astean entzule batek ‘Ingo al deu’ blogean egindako galderaren harira, sexu arloan sortzen diren zalantza ohikoenak aztertu ditugu. Neskek eta mutilek dituzten egonezinak bereiztuko ditugu, jarraian.

Neska gehienek uste dute zailtasuna dutela koitoaren bidez orgasmoa lortzeko. Horrez gain, itxura fisikoari garrantzia berezia ematen diote emakumeek, eta biluzik zer-nolako gorpuzkera izango duten pentsatzen aritzen dira. Beste askori, berriz, aluaren itxura ez dela normala iruditzen zaie. Ohean txarrak direla pentsatzen duten emakumezkoak ere badaude. Emaitza sexualak onak ez direnean, errua ez da beti bietako batena izaten. Beraz, onena arrazoiak aztertu eta arazoak konpontzen saiatzea da. Gogo faltak ere larritzen ditu neska ugari. Azkenik, bikote sexual gehiegi edo gutxiegi eduki izanak zer pentsatua eragiten du.

Mutil askok izugarrizko ikara izaten dute behar baino lehen eiakulatu eta bikotea gustora ez uzteko. Halaber, beste mutilekin alderatzeko joera izaten dute gizonezkoek. Era berean, erekziorik ez izateko beldurra sentitzeaz gain, zakilaren tamainak ere kezkatzen ditu sarri.

Entzun hemen Luziak kontatutako guztia, baita entzulearen zalantzari emandako erantzuna ere!

Kezka sexualak

Kezka sexualak