Hileko artxiboak: iraila 2014

‘Luzia eta sexua’ren itzulera, hurbil

bai‘Akabo Bakea’k Gaztea Irratiko gainerako saioak baino zertxobait beranduago hasiko du denboraldi berria, baina Julen Telleriak eta Amaia Artetxek prest dute dena, gaueko saio entretenigarrienari hasiera emateko.

Datorren astelehenean ekingo diote ikasturteari, eta aurten ere gonbidatu bereziak izango dituzte, astelehenetik ostegunera arte. Ordutegiari dagokionez, ordubete geroago hasiko da saioa; 22:00etan, hain zuzen, eta gauerdira arte entzuleak irratiaren bestaldean mantentzeko gai izango dira Amaia eta Julen. Horretarako, irudi berria eta freskotasuna emango diote “Akabo Bakea”ri.

Gainera, ‘Luzia eta sexua’ atalak gai berriz jantziko ditu sexuaren munduan murgiltzea gustoko duten entzuleak. Eraberrituta eta ezustekoz beteta iritsiko dira sexu hitzorduak. Oraingoan, ordea, ez da astelehenetan izango. Gehiago jakin nahi? Datorren astean zabalduko dizkiogu ateak “sexu gau” beroenei.

Kondoiekin janaria prestatzeko moda

condonSexu segurua sustatzeko helburuarekin, Japoniako idazle batek errezeta bitxiak jasotzen dituen liburu bat argitaratu du. Baina ze zerikusi du sukaldaritzak sexuarekin?

Bada, idazle honek jasotako errezeta guztiek kondoiak erabiltzen dituzte janaria prestatzeko.
Chef Condon bildumak hamaika plater ezberdin jasotzen ditu, zein baino zein gosegarriagoa. Horretarako, denetariko jakiak erabiltzen ditu; gailetak, saltxitxak…

Sare sozialetan sekulako arrakasta izaten ari da liburua, eta erabiltzaileek hainbat galdera luzatu dizkiote egileari: “Zergatik azaltzen dira kondoiak argazkietan? Jateko direlako?”

Horrenbestez, badirudi sukaldaritza kanpaina bitxi horrek aurreikusitako emaitzak bete dituela, Japoniako gazteei, batik bat gizonezkoei, sexu bidezko gaixotasunen kutsatzea eta nahigabeko haurdunaldiak saihesteko bide onena kondoia erabiltzea dela erakutsi dielako.

On egin!

Sexu anorexia, hedatuz doan gaitza

imagesSexuarekiko interes gutxi izatearekin lotuta dagoen gaitz edo arazo bat da anafrodisia. Sexu anorexia pairatzen duten pertsonek, desira falta daukate, baita orgasmora iristeko zailtasunak ere, eta askotan sexu-harreman mingarriak izaten dituzte.

Libido faltaren arrazoiak fisikoak zein psikologikoak izan daitezke, eta batez ere, bikotearen aldetik arbuiatuta sentizearen beldur direnei, autoestimu baxua dutenei edota norbere buruarekin fisikoki pozik ez daudenei gertatzen zaie. Halaber, sexu desirak adierazteko zailtasunak dituztenen artean gertatzen den arazo bat da.

Gaitz horrek jota bizi diren pertsonek, ahal duten guztietan baztertzen dituzte sexu-harremanak, eta halabeharrez sexua praktikatzen badute, ez dira gozatzeko gai.

Sexu-grina blokeatzerakoan, sexu-harremanen maiztasuna murriztu egiten da, eta kasu askotan desagertu ere egiten da.

Love Joule: emakumeen masturbaziorako lokala

SEXOOraindik tabua izaten jarraitzen du emakumeen masturbazioak, baina Japonian munduko gainerako lekuetan baino aurreratuago daude. Izan ere, Tokion nesken autoerotismoari zuzendutako lokal bat zabaldu dute. Love Jouleren arrakasta ikaragarria izaten ari da, eta horrek, duela hainbat urte Alfred Kinseyk esandakoa baieztatu du; hots, emakumeak gizonen beste masturbatzen direla.

Baina nolakoa da Love Joule lokala?

Orain dela gutxi ateak zabaldu dituen lokal honek mota guztietako jostailu erotikoak ditu. Batez ere, sexuari buruz askatasun osoz hitz egin nahi duten eta masturbazioa mugarik eta taburik gabe prkatikatzen duten neskei zuzenduta dago.

Taberna edo lokal honek, emakumeen artean maitasun zein sexu kezkak konpartitzea bilatzen du, eta batik bat, nesken masturbazioan jartzen du arreta. Izan ere, Japonian, oraindik ere misteriotsua da gai hau.

Aipatu bezala, hitz egitera ez ezik, jostailuak erabiltzera ere gonbidatzen dituzte bisitariak. Oraingoz emakumeak soilik sar daitezke lokalera. Gizonek baimenduta dute sarrera baldin eta neskaren batekin badoaz.

Nolako sexua ikusiko dugu ‘Fifty Shades of Grey’ pelikulan?

50Fifty Shades of Grey liburuan, Anastasia Steeleren eta Christian Greyren arteko sexu harremanak zentsurarik gabekoak dira; alegia, lizunak, pasioz josiak eta zehatz-mehatz deskribatuak.

Aitzitik, Jamie Dornan aktoreak desengainua eragin du jarraitzaileen artean, aurki estreinatuko duten pelikulan sexu agerraldiak hain “ausartak” izango ez direla esan ostean.

GQ Magazzine aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean egin ditu adierazpen hauek, eta argi utzi du filmak ez duela sexu espliziturik izango: “Nolabait mugak gaindituko ditu, baina aldi berean zinema aretoak bete nahi dituzte, eta ezin diote publikoari hutsik egin. Horregatik, ikusteko moduko pelikula bat izan behar da”, esan du.

Gainera, Christian Greyren papera egingo duen aktoreak aitortu du hala izango ez balitz ez lukeela pelikulan parte hartuko. “Jende gehienak ikus dezakeen zerbait egin behar da”, erantsi du.

Hortaz, pelikulako sexu eszenak ez dira liburuan kontatzen direnen parean egongo, eta hori jakinda, lasaitu ederra hartuko dute Dakota Johnson aktorearen gurasoek. Izan ere, behin baino gehiagotan azpimarratu dute ez dutela filma ikusiko.

Bestalde, biluzik azaltzearen inguruan galdetuta, lasai asko agertu da Jamie Dornan: “Ez dit lotsarik ematen. Lana da, lan arraroa beharbada, baina lana”.

Gogoratu, aurreikusitakoaren arabera, Fifty Shades of Grey 2015eko otsailaren 13an helduko dela pantaila-handira.

Gizon batek emaztea utzi du, sexu gehiegi zutelako

sexoBikotearekin sexu gehiegi edukitzeagatik ezkontza-haustea eskatu zion gizon bati dibortzioa eman dio Bombayko (India) auzitegi batek.

Gizon horrek argudiatu zuenez, emazteak uneoro nahi zituen sexu harremanak, senarra nekatuta zegoen ala ez kontutan hartu gabe.

Laxmi Rao epailearen epaiaren arabera, inork ez du gizonak salatutakoaren aurka egin. Horrenbestez, “ebidentzia ikusita, auztitegiak dibortzioa ematea erabaki du”, PTI agentzia lokalak dionez.

Auzitegian xehetasun guztiak eman zituen senarrak, txandaka lan egin eta etxera nekatuta heldu arren, emakumeak sexu harremanak izatera behartzen zuela argi utziz. Adibideak ematera ere ausartu zen, eta 2013an apendizitis pairatu ostean, eriondo zenean, emazteak sexua eskatzen ziola azpimarratu zuen.

Haren esanetan, emaztearen jarrera “erasokorrak eta burugogorrak” behartuta hartu zuen banatzeko erabakia.

Indian hinduismoa da indar gehien duen erlijioa (biztanlegoaren % 80,5), eta jarraitzaileen artean hitzartutako ezkontzak dira ohikoenak. Hori dela eta, dibortzioa familiaren aurkako irain gisa ikusten dute, eta oso kasu gutxitan hartzen dute ezkontza hausteko erabakia.