Hileko artxiboak: uztaila 2012

Felazioa ongi egiteko aholkuak

Ez da lan erraza, baina zenbait ohar kontuan hartuz gero, emaitza bikaina lortu genezake. Plazera areagotzeko teknika aparta da, beraz, adi jarraian aztertuko ditugun gakoei!!

Lehenik eta behin, postura egokiena zein den erabakitzea da ona, ahalik eta erosoen egiteko. Belauneko jarriz gero, esaterako, eremu erotiko osoa menderatuko dugu.

Felazioa. Argazkia: sexologia.net

Felazioa. Argazkia: sexologia.net

Ondoren, miazkatu zakila astiro-astiro, batez ere, hasieran. Beheko aldetik hasi eta jarraitu puntaraino. Ibilbide bera bizpahiru aldiz egin eta gero, ahoan sartzeko unea da.

Gogoratu ahozko sexua ez dela zakilera soilik mugatzen. Izan ere, ezinbestekoa da sexu-organo osoa estimulatzea, eta ahaztu egiten dugu sarri. Adibidez, zakila aho barruan dugun bitartean, eskuekin barrabilak ferekatuta, eragina sakonagoa da.

Azkenik, kontuz ibili hortzekin! Ezpainekin eta mingainarekin egin behar dugu lan, hortzak mina eman baitezakete. Egin proba eta gozatu!

Pasioa ez galtzeko saihestu beharreko bost kontu:

Argazkia: GTRESONLINE

Argazkia: GTRESONLINE

Aholkuak eta sexu-harremanetan berritzaileak izateko erak aurkeztu ohi dizkizuegu Gazteako sexu-blogean. Gaurkoan, aldiz, pasioari eusteko saihestu behar diren zenbait konturen berri emango dizuegu.

1.Barruko arroparen xarma:
Kontu handia izan behar da sexu-harremanak izaterakoan jantzita daramagun barruko arroparekin; horrek ez du esan nahi satinezko lentzeria sexy-a ezinbestekoa denik, baina horrelakoetan gure barruko jantziei arreta pixka bat jartzeak asko laguntzen du.

2. Telefonoa itzalita, mesedez:
Sexu-harremanak irauten duen bitartean gure eta gure bikotekidearen plazeraz arduratu behar gara, eta, horretan ari garela telefonoak jotzen badu, xarma galdu egiten da guztiz.

3. Gerokoak, gero:
Ondo dago bikotekidea berotzen saiatzeko hizkera erotikoa erabiltzea, baina sexu-harremanekin zerikusia ez daukaten solasaldiak geroko utzi. Telefono deiarekin gertatzen den bezala, kontzentrazioa eta orgasmora iristeko aukerak galdu egiten dira.

4. Soberako ileak:
Norberak bere gustuak ditu, eta bere itxurarekin nahi duena egiteko eskubidea, baina gutxieneko depilazioak ez du kalterik egiten sexu-harremanei dagokienez.

5. Errutinatik at:
Denbora luzean elkarrekin egon diren bikotekideak errutinan erortzeko arriskua daukate, eta, horren ondorioz, sexu-harremanak aspergarriak bilakatu daitezke. Horren aurka egiteko modu asko daude: sexu-jarrera ezberdinak probatzea, jostailuak erabiltzea, sexu-harremanak ezohiko lekuetan izatea…

Ikasi zeure buruari plazera ematen!

Masturbazioa. Argazkia: enfemenino

Masturbazioa. Argazkia: enfemenino

Bi edo pertsona gehiagoren arteko harreman sexualak ez dira plazera lortzeko bide bakarra. Bakarka gozatzea ere posible da! Gaur, beraz, onanismoa edo masturbazioa izango dugu hizpide, eta zenbait pista emango dizkizuegu gure blogean.

Beti hitz egin izan gehiago gizonezkoen masturbazioaz. Horrek ez du esan nahi, ordea, emakumeek praktikatzen ez dutenik, baizik eta ez dutela hainbeste aipatzen. Dena den, ikerketa askok diotenaren arabera, munduko herritarren % 90 baino gehiago masturbatu egiten da.

Teknikei dagokienez, bat baino gehiago probatzea da onena gehien atsegin zaiguna zein den jakiteko. Batzuek nahiago izaten dute eskuekin jolastuz zona erogenoak estimulatzea; badira, berriz, tresna eta jostailu sexualak erabiliz orgasmoa lortzen dutenak ere. Azken finea, helburua lortzea da garrantzitsuena!

Gaurko proposamena: aulkiaren sexu-jarrera

gal_1256127215Sexu jarrera ezberdinak probatzea sexu-harremanetan berritzailea izateko modu bikaina da. Gaurkoan, sexu-jarrera erraz eta erromantiko batekin gatoz Gazteako sexu-blogean: aulkiaren jarrera.

Izenak dioen bezala, sexu-jarrera hau probatzeko, aulki bat baino ez da behar. Lehenengo, gizonezkoa eseri behar da, eta, ondoren, emakumezkoa jarri behar da gainean.

Jarrera honekin, bikotekideak aurrez aurre daude, eta giro erromantikoagoa lortu ahal dute, euren begiradak etengabe gurutzatuz. Gainera, bikotekideen kokapena dela eta, elkar musukatzeko eta besarkatzeko aukera paregabea eskaintzen du jarrera honek.

Halaber, emakumeentzat oso jarrera atsegina da aulkiarena, klitoria gizonezkoaren gorputzarekin eta genitalekin kontaktuan baitago etengabe.

Zeren truke egingo zenioke uko sexu-harremanak izateari?

Argazkia: Cosmopolitan.

Argazkia: Cosmopolitan.

Uko egingo zenioke sexu-harremanak izateari? Hala izatekotan, zeren truke? Huffington Post webguneak hainbat ikerketaren emaitzak bildu, eta oso datu interesgarriak lortu ditu galdera horri erantzun nahian:

Iphone baten truke?

Ekainaren 18an, Appleren iPhone telefono ezagunaren bosgarren urteurrenean, enpresak ikerketa harrigarri baten emaitza argitaratu zuen: 100 pertsonatik 15ek nahiago dute asteburu bat sexu-harremanak praktikatu gabe pasatu, euren mugikorra eduki gabe pasatu baino.

Gorputz perfektua izatearen truke?

Shape eta FitSugar aldizkariek emakume talde bat aukeratu zuten, eta hurrengo galdera luzatu zieten: hilabete batean sexu-harremanak izateari uko egingo zenioke, udan gorputz perfektua izatearen truke? Elkarrizketari erantzun zietenen % 68k baietz erantzun zieten.

Primeran lo egitearen truke?

Estatubatuarren % 12k aukeratuko lukete gau oso batez lo egitea, pasioz beteriko gau baten aurretik; hori da The Better Sleep Council erakundeak egindako inkesta baten emaitza.

Interneten ibiltzearen truke?

Boston Consulting Group enpresak egindako galdeketa batean, erantzuna eman zutenen % 21ek adierazi zuten internet zerbitzua doan jasotzearen truke urtebete egongo liratekeela sexu-harremanak izan gabe.

Gainera, Cosmopolitan aldizkariak egindako inkesta baten arabera, 10 emakumetatik 2k aitortzen dute jasangarriagoa dela haientzat astebete sexu-harremanak izan barik pasatzea, astebetez Facebook begiratu gabe egotea baino.

Janariaren truke?
Bon Appetit aldizkariak dionez, elkarrizketatuen % 75ek aldatuko lukete sexu-harremanekin gozatzeko aukera euren janari gustukoenaren truke.

Cameron Diazen sexu-aholkuak

cameron_diaz-Cameron Diazek askotan hitz egin du sexu-harremanen inguruan, bere ustez, “osasunerako bikainak direlako eta auto-estimua hobetzen dutelako”. Duela gutxi Max aldizkari italiarrari eskainitako elkarrizketa batean, sexu-harremanen inguruko adierazpen interesgarriak egin zituen aktoreak:

1. Sexu-harremanak izatea sendagilearengana joatea baino hobea da.

Aktoreak dioenez, nahiago du egunean zehar behin baino gehiagotan sexu-harremanak izateko beharra sentitzea, alkohola edo drogak behar dituela nabaritzea baino.

2. Zenbat eta gehiago, hobeto.

Cameronen ustez, gorputzaren beharrei kasu egin behar zaie: “Ez ditugu sexu-harremanak alde batera utzi behar, horietan baitago norberaren poztasunaren jatorria”.

3. Maitasunak indar ikaragarria dauka.
Aktore ezaguna izanda, askotan izan du Cameronek bikotekidea lantokitik urruti, baina horrek ez dio bere bizitza sexualari kalte egin: “Askotan hartu dut hegazkin bat lanordu luzearen ostean, nire bikotekidearekin egoteko, eta sexu-harremanak izateko”.

4. Edertasuna bai, baina inteligentzia ere bai.

“Ez naiz homosexuala, baina ez nago horren kontra. Niretzako emakume erakargarri batek ederra izan behar du, baina inteligentea ere bai. Heidi Klum, Katie Holmes eta Julianne Moore bezalako emakumeek erakartzen naute” adierazi zuen Los Angeles de Charlie pelikulako aktoreak elkarrizketan.

Nola gainditu dispaureunia?

Dispareunia. Argazkia: enfemenino

Dispareunia. Argazkia: enfemenino

Dispareuniari nola aurre egin jakin aurretik, zer den azalduko dugu jarraian. Koitoak eragindako baginako mina da dispareunia. Plazera beharrean, sumindura eta azkura sentitzen dute emakumeek bikoteak zakila sartzean.

Bi eratako dispareunia jasan daiteke. Emakume batzuek zakila baginan sartu bezain pronto sentitzen dute mina; beste batzuek, ordea, koitoa uteroaren leporaino heltzen denean sufritzen dute.

Arazo horri aurre egiteko aukera ugari daude. Lehenik eta behin, sendagilearengana joan eta sumindura eragiten duten arrazoiak identifikatzea da gomendagarriena. Jatorri fisikoak sendagaien bidez konpondu daitezke. Zailagoa izan ohi da, ordea, kausa psikologikoei aurre hartzea. Horretarako, terapia kognitiboak dira egokienak, konfiantza berreskuratu eta sexuaz gozatzen ikasteko.

Zer da satinismoa?

Argazkia: Cosmopolitan.

Argazkia: Cosmopolitan.

Ohean berritzaile izateko modu bat aurkeztu nahi dizuegu gaur Gazteako sexu-blogean: satinismoa. Ez kezkatu, ez dauka satanismoarekin zerikusirik!

Satinismoa sexu-harremanetan satinez egindako jantziak erabiltzean datza. Zenbait pertsonak oso sentipen berezia izaten dute satina ukitzean; hori dela eta, sexu-harremanak izaterakoan berotzeko erabiltzen dute.

Raquel Frances sexu-hezitzaileak Cosmopolitan aldizkarian adierazi zuenez, satina oso egokia da sexu-harremanetarako sentipenak pizten dituelako: “Ukimena suspertu egiten du, baina, era berean, ikusmena ere estimulatzen du oso deigarria izaten delako”. Francesen esanetan, satinak bikotekideak laztantzera, ukitzera, eta batez ere, batak bestearen gorputza aintzat hartzera bultzatzen ditu. Gainera, sarketaren aurretik sexu-harremanek beharrezko duten tartea luzatzen laguntzen du.

Satina erabiltzeko modu ugari daude, baina hau da gure proposamena: hartu satinezko zapi bat, lotu zure izterraren inguruan, eta eskatu zure bikotekideari ahoarekin askatzeko. Zapia ordu erdi inguru izozkailuan sartzen baduzu, sentipenak are biziagoak izango dira.

Zer da trikofilia?

Trikofilia zer den jakiteko hainbat pista aztertuko ditugu gure sexu blogean. Ileak beti izan du nolabaiteko kutsu erotikoa eta, are gehiago, trikofiliaz ari garenean. Izan ere, beste norbaiten ilea ukituz plazer sexuala sentitzen duten pertsonak dira trikofiloak.

Trikofilia

Trikofilia

Fetixismo mota horrek hainbat aldaera ditu. Alde batetik, ilea ukitzea atsegin dutenak daude; bestetik, ordea, orrazkera mota zehatz batzuk ikustea gustuko dutenak. Era berean, bikotea orrazten ari denean begira egotea maite dute beste askok.

Horrez gain, ilearekin zerikusia duten objektuak ikuste hutsarekin berotzen dira trikofilo ugari: orraziak, guraizeak, etab. Azken finean, sexuaz gozatzeko teknika leuna da eta uste baino jende gehiagori atsegin zaiona.

Maitale berriarekin, arau berriak

Argazkia: Cosmopolitan.

Argazkia: Cosmopolitan.

Maitasun harreman berri baten hasieran, urduritasunak, lotsak, presak… lehenengo sexu-harremanari kalte egin diezaiokete. Hori dela eta, lehenengo sexu-harreman hori atseginagoa izateko zenbait aholku prestatu dizkizuegu Gaztean.

Lehenengo araua: utzi presak alde batera.

Pertsona berezi horrekin egoteko gogoz egon arren, lasai hartu behar da lehenengo sexu-harremana. Sarketaren aurreko jolasei eta laztanei euren tartea eskaini behar zaie; sexu-hezitzaileen iritziz, bikotekideak gustuko duena ezagutzeko une paregabea da lehenengo sexu-harremana.

Bigarren araua: umore puntu batekin hartu egoera.

Bikote baten lehenengo sexu-harremana ez da pelikuletan agertzen den modukoa izan behar. Segur aski une deserosoak izango dira, lotsak eragindakoak.

Gainera, lehenengo sexu-harremana izaterakoan, hamaika pentsamendu etortzen zaizkigu burua: Gustatuko ote zaio nire gorputza? Hau edo hori egiten badut, zer pentsatuko ote du? Horrelako ardurek areagotu egiten dute bikotekideen arteko tentsioa. Egoera naturala sortzeko, hobe da egia esatea, eta kezkatzen zaituenaren inguruan hitz egitea.

Hirugarren araua: esaiozu gustuko duzuna.

Zure bikotekideak gustuko duzun zerbait egiten duenean, esaiozu. Carole Altman sexu-hezitzailearen arabera, gizonak gehiago berotzen dira euren bikotekidea gozatzen ari dela ikusten dutenean.

Lehenengo sexu-harremanean zaila da besteak ohean gustuko duena ezagutzea, horregatik, oso lagungarria da pistak ematea. Kontrako kasuan ere komeni da zintzotasunez aritzea: ez baduzu gustuko zure bikotekideak egiten duen zerbait, esaiozu. Plantak egitea askoz okerragoa da.

Laugarren araua: utzi konplikazioak beste egun baterako.

Ez da komeni lehenengo sexu-harremanean jarrera konplikatuak probatzea. Horrek ez du esan nahi misiolariaren jarrerarekin nahikoa denik; erdibideko puntu bat bilatu behar da.