Hileko artxiboak: abendua 2008

Eta neskak masturbatzen dira? Orduan, zergatik ez dute ezer esaten?

Oraindik, askotan horrelako galderak entzuten dira. Gaur egun, lehengo testuan aipatzen nuen bezala, askotan entzun ohi da masturbazioa onuragarria dela, eta masturbatzeak ez dituela ondorio kaltegarriak. Noski, eta jakin badakigu ere norberaren esku dagoela bere gorputza laztantzea, bere organo genitalak zirikatzea, eta abar…

Aspalditik, ikasten ari gara gure gorputza gurea dela, eta urteetan eraman dugun zama, beldurrak, eta bekatuak gainetik kentzen saiatzen gara. Eta hau ez da lan makala. Hala ere, badirudi askatasunak, gure intimitateaz edonon eta edonorekin hitz egitea dakarrela, eta guztiok esan behar dugula sexu kontutan, zer eta nola egiten dugun.

Baina, galdetu al diogu geure buruari, zergatik gure inguruko neskek ez duten ezer kontatzen? Eta, zergatik kontatu behar dute bere intimitatean gertatzen dena? Zertarako behar dugu informazio hori?

Pertsonek intimitatea norekin eta nola konpartitu nahi duten erabaki behar dute. Egiten duguna ez komentatzeak ez du esan nahi ez dela egiten. Gainera, helburua ez da egiten dugun hori plazaratzea, baizik eta egiten duguna gogoz egitea, plazerra bilatzen, eta inolako kulparik ez sentitzea.

Masturbazioa

Masturbazioari buruz hainbat komentario egon dira aurreko asteetan blog honetan. Beraz, gai horri helduko diogu.
Masturbazioarekin, sexu harreman guztiekin gertatu den antzera, debekatuta egotetik derrigorrezkoak izatera pasatu da. Hau da, duela urte batzuk, hainbeste ere ez, masturbazioak gaixotasunak sortzen zituela esaten zen. Gaur egun, berriz, naturala omen da, eta zenbatetan egin behar dugun eta nola egin behar dugun esaten digute.

Masturbazioa praktika sexual bat da, gure gorputza ezagutzeko, plazerra sentitzeko balio diguna. Hori bai, beste gauza askorekin bezala, ez dago neurririk, pertsona guztiek ez ditugu behar berdinak, eta gainera guztiak egunero ez gaude berdin.

Horrez gain, masturbatzeko ez dago era egoki bakar bat: batzuk azkar nahiago dute, beste batzuk lasai, batzuetan dutxan nahiago, besteetan… Norberak bere era bilatu behar du.

Praktika sexualetan ez dago derrigorrezko ezer, gure gorputza ezagutzea, maitatzea eta berarekin disfrutatzen ikastea norberak eraiki behar duen bidea da.

Baina zer ote da daukaguna?

Zenbat aldiz entzun dugu zure gorputza zurea da, bakoitzak gure sexualitatea dauka… Baina zer ote da daukaguna?

Jaiotzen garenetik gorputza daukagu, eta gurekin bizitza guztian eramango dugu. Gorputzak ezaugarri batzuk ditu, neska izateagatik batzuk eta mutilak beste ezaugarri batzuk dituzte. Hauek gainera, bizitzan zehar aldatzen doaz. Gorputza dugunez, sexualitatea daukagu, hau da, gorputza sentitu eta bizitzen dugu. Gure gorputzarekin harreman bat eraikitzen joaten gara, gure neska eta mutil izateak eraikitzen dugu (gustuko ukimenak, nolako usaimenak gustatzen zaizkigun, ze sentitzen dugun toki zehatz batean laztantzerakoan, nolako praktika sexual gustatzen zaigun, norekin zein momentutan…)

Beraz gure sexualitatea gure gorputza neska edo mutil bezala nola bizitzen dugun izango litzateke. Honek askotan, gizartearen arauekin topo egingo du, gure gorputza bizi eta sentitzeko era ez delako gizarte horretan eramaten dena. Baina ezin ahaztu bakoitzari ondo egiten diona ez dela besteei gustatzen zaiona.

Beraz, ez ahaztu, norbera bakarra da, eta norberak bere gorputza bizitzeko era bat dauka.