Hileko artxiboak: abuztua 2009

Gaurkoan zer dakar Olatz Berastegik?

Udak gure gorputzak berotzen ditu eta gazte asko esperientzia berriak probatzeko grinaz ibiltzen dira. Baina zeintzuk zalantza dituzte Gazteako irakurleek? Adi gaurko galdera-erantzunari:

Irakurlearen zalantza:

“Beltz batekin enroiatzen nabil eta ez dakit kasualitatea den baina sekulako zakila du. Halere, sexu-harremanak ez dira hain onak, larrua jo ostean sabelaldean sekulako mina izaten baitut beti. Beltzek handiagoa dutela mito hutsa da ala egia da? Nola saihestu dezaket sabelaldeko min hori?”

Olatzen erantzuna:

“Hasteko esango dizut nik ez ditudala beltz guztiak ezagutzen eta, noski, munduko pertsona beltz guztiek ez dute gorputz tamaina berdina. Hau da, beltzak aipatzen ditugunean badirudi denak berdinak direla, baina, Etiopiako beltz bat eta Senegalekoa bat ez dira berdinak. Beraz, zakilaren tamainaz ari garenean hobe da orokortasunetan ez sartzea.

Zure kasuan aipatzen duzu, berak zakil handia duela eta zuri sexu-harremanak izan ondoren mina ematen dizula. Aipatzen duzun min hori saihesteko, sarketa praktikatzen duzuenean zakil osoa ez sartzeko gomendatzen dizuet. Horrez gain, garrantzitsua da “postura” ezberdinak probatzea, beharbada baten batekin eroso sentituko zara eta”.

Zuk ba al duzu zalantzarik? Bidali mezu bat gazteaweb@eitb.com helbidera eta gure sexologoak erantzungo dizu. Gogoratu, ‘Eingo al deu txokoa’ guztiz anonimoa dela.

Alua miazkatzeak nazka eta plazerra eragiten dizkit, aldi berean

Abuztuan ere ez dugu atsedenik hartzen. Udan inoiz baino sexu zalantza gehiago jasotzen ari gara eta osteguna denez, Olatz Berastegi sexologoak irakurle baten galderari erantzun dio. Beharbada hurrengo astean zure zalantza argituko dugu, beraz, ez galdu denborarik eta bidali mezu bat gazteaweb@eitb.com helbidera.

Gaurko zalantza:

“Nire neskalagunari alua miazkatzeak goragalea ematen dit, baina, aldi berean mingainarekin jolasean nagoen bitartean, korritu egiten naiz. Nolatan da posible nazka eta plazer nahasmen hori?”

Olatzen erantzuna:

“Aipatzen duzun hori ez da hain arraroa, askotan bi sentsazio kontrajarri sentitu ahal ditugulako, mina eta plazerra adibidez. Kasu honetan, gerta daitekeena zera da: alua miazkatzean, aluarekin kontaktua, usaia, ikusmena agian ez zaizkizu atseginak suertatzen eta zure kasuan nazka sortzen dizutela aipatzen duzu, baina aldi berean, zure neskalagunarekin zaude eta berekiko duzun desioak, berekin momentu horretan duzun kontaktuak zuregan kitzikapena sortzen dute.

Dena den ez ahaztu harreman batean garrantzitsuena biok ondo sentitzea dela eta nahiz eta zakila tentetu alua miazkatzen ez bazara ondo sentitzen beste sexu-harreman mota batzuk proba ditzakezue edota alua miazkatzean ondo sentitzeko formulak bilatu ditzakezue. Hala ere, denok ez gara eroso sentitzen harreman mota guztietan eta hori da norberak errespetatu behar duena.”

“Amak platano batekin masturbatzen harrapatu ninduen”

Gazte baten galdera: “Lehengoan amak platano bat alutik sartzen harrapatu ninduen eta hilabete etxetik atera gabe zigortu nau. Nola azaldu amari masturbatzea praktika normala dela?”

Olatzen erantzuna: Horri erantzuteko, datu gehiago beharko nituzke, ez dakit zenbat urte dituzun eta non dagoen zure amarekin duzun harremana. Gainera, ez dakit galdera honen atzean zer dagoen, zer den nahi duzuna, zure amarekin gertutasuna sentitzea, edo zure amak zu masturbatzen zarela ulertzea eta jasotako zigorra kentzea nahi duzun. Lehenengoa bada, nik esango nizuke hori landu daitekeela, harekin zure gauzak konpartitzeko uneak bilatzen, zure gauzen partaide egiten, gutxinaka-gutxinaka gertutasuna landuz.

Bigarren kasu bada, ulertzen zaitut ze azken finean zuk zerbait atsegina egiten ari zinen eta bere aldetik zentsura bat jaso duzu, eta ondorioz zigor bat ere bai, gainera. Kontua da zure amaren onarpena ez dela inposaketa batetik etorriko. Hau da, zuk berari ulertu behar duela esateagatik berak ez du ulertu beharrik. Askotan, gainera, segun eta nolako heziketa jaso duen zaila da beraientzat masturbazioa zerbait positiboa bezela bizitzea,orduan zuk neurtu behar duzu nolakoa den zure ama,eta berarekin zer den lortu nahi duzuna. Gurasoek izaera oso ezberdinak izan ditzakete,eta batzuetan nahiz eta gogorra izan, beraiek beste era batera pentsatzen dutela ulertu behar dugu,eta gurekin , gure bizipenen eta ikuspuntuaren arabera oker jokatzen dutela ulertu,zure kasuan adibidez zigorra jartzen.

Zuk argi izan behar duzu zure buruarekin ondo pasatzea ez dela ezer txarra, baina agian zure amak jaso duen heziketagatik horrela ez duela pentsatzen ikasi behar duzu. Ondoren, ikusi zure amarekin zer den bilatzen duzuna, ulermena, komunikazio handiagoa izatea,eta horren arabera erantzuna eraiki.

“27 urte ditut eta ez dut inoiz sexu harremanik izan”

Ostegunero bezala, Olatz Berastegi sexologoak gure irakurle batek bidalitako zalantza argitu du oraingoan ere:

Irakurlearen galdera:

27 urte ditut eta ez dut sekula sexu-harremanik izan. Lagunekin oso gutxi ateratzen naiz eta parrandan irten eta mutil bat hurbiltzen zaidanean, alde egiten dut. Izan ditut aukerak mutilekin enroiatzeko, baina, palo galanta ematen dit, birjina naizela eta inoiz mutil batekin egon ez naizela nabarituko didate. Alergia bezala diet mutilei, baina neskak ere ez zaizkit gustatzen. Arazoa da, ez dudala gogorik ezta kuriositaterik ere eta horrek arduratu egiten nau. Nola eman pausu hori? Beharrezkoa da pausu hori ematea?”

Olatzen erantzuna:

Lehenengo esango nizuke lasai egoteko, ez zara pertsona bakarra 27 urterekin harreman sexualik izan ez duena. Hori ez da larria, ezta lotsa emateko moduko zerbait ere. Dena den, zuk aipatzen duzun kuriositate falta hori lotsarekin lotuta egon daiteke, eta horren ondorioz zure desioa blokeatu dezakezu.
Honetaz gain komentatzen duzu ligatzeko aukerak izan dituzula, baina lotsagatik ez zarela joan. Nik esango nizuke ligatzeak ez duela suposatzen lehenengo kontaktuan larrua jo behar denik. Mutilak hurbiltzen zaizkizunean kendu burutik larrua jo behar dela, eta emaiezu aukera ezagutzeko, berarekin hitz egiteko. Eta agian horrela, konfidantza hartuz, erosoago sentitu zaitezke. Gero gerokoak.
Gogoa eta kuriositate eza aipatzen duzunean, niri galdera batzuk bururatzen zaizkit: Ez al duzu gogorik beste pertsona batzuk ezagutzeko? Ez al duzu nahi beste pertsona batekin kontaktuan jartzea? Askotan gogoa bakarrik koitoarekin lotzen dugu, baina harremanak edukitzeko gogoa ez dago horrekin lotuta soilik.
Hor gogo edo desio gehiago sartzen dira; hala nola, beste pertsona bat ezagutzeko gogoa, gorputzen kontaktua izateko gogoa, beste pertsona batekin gustora sentitzeko gogoa, elkarrekin gozatzeko gogoa, maitatua eta desiratua sentitzeko gogoa… Beraz gogoa ez dugula adierazten dugunean, harreman sexual koitalez gain, puntu ezberdinak aztertu behar ditugu.
Bukatzeko, ez ahaztu askotan gure buruari baimena eman behar diogula ondo pasatzeko. Ondo sentitzeko, plazerra sentitzeko, eskubide osoa dugulako.