Etiketaren artxiboa: drogak

Drogen eta sexualitatearen arteko harremana

Aste honetako ‘SexSua’ saioak drogen eta sexuaren arteko konbinazioa aztertu du. Zer motatako drogak kontsumitzen ditugu harreman sexualak izateko? Nolako efektuak dituzte drogek gure sexu-harremanetan? Sortutako galdera guztiei erantzuna aurkitzen saiatu da Jon Gomez aurkezlea, drogetan adituak diren profesionalak elkarrizketatuz.

Unai Lizarralde, droga-menpekotasun teknikaria

Unai Lizarralde, droga-menpekotasun teknikaria

Droga ezberdinek sexua praktikatzen duen horrengan duten eragina aztertu aurretik, ezinbestekoa da drogak zer diren eta nola erabiltzen ditugun ezagutzea. Horregatik, drogamenpekotasun teknikari Unai Lizarralderekin bildu da Jon Gomez, eta, elkarrizketaren hasieran, honakoa nabarmendu du teknikariak: “Drogak betidanik egon dira, gure inguruan daude eta beti egongo dira”. Honenbestez, drogekin ditugun hartu-emanak modu egokian kudeatu eta hezkuntzan egin beharreko lana azpimarratu du Unai Lizarraldek.

'SexSua' saioa, EHUko ikasleekin izan da

‘SexSua’ saioa, EHUko ikasleekin izan da

Jon Lizarralderen ustez, gizartean onartuta daudenak edota legalak direnak dira drogarik arriskutsuenak (tabakoa, alkohola…). Droga mota hauek besteak baino hobeto ikusita daudenez, askoz ere eskuragarriagoak dira. Izan ere, euskal gazteak 13-14 urterekin hasten dira alkohola kontsumitzen.

Alkolismoan urteak eman dituen ama baten testigantza entzun dugu 'SexSuan'n

Alkolismoan urteak eman dituen ama baten testigantza entzun dugu ‘SexSuan’n

Alkoholarekin jarraituz, droga honek harreman sexualetan duen eragina ezagutu nahi izan du Jon Gomezek. Askok limurtzen laguntzen duela uste badute ere, alkoholak sexu-harremanean duen eragina oso bestelakoa da. Emakumezkoen kasuan, orgasmora heltzeko gaitasuna murrizten du eta gizonen kasuan, erekzioa mantentzeko ezintasuna eragin dezake.

Droga sintetikoak hobeto ezagutzeko, Jon Gomez Gasteizen izan da, AiLaket! droga-kontsumitzaileen elkartean. Honen helburu nagusia drogen kontsumitzaileei eta kontsumitzaile ohiei aholkularitza zerbitzua ematea da. Gainera, droga-laginen azterketak egiten dituzte, arriskuak murrizteko asmoz.

Leire Altuna, AiLaket! elkarteko kidea

Leire Altuna, AiLaket! elkarteko kidea

Leire Altuna AiLaket! elkarteko kideak droga-lagin bat aztertzeko ematen dituzten urratsak azaldu dizkio aurkezleari. Honez gain, diseinuzko drogak loditzeko erabiltzen diren materialez mintzatu da Leire. Droga sintetikoak gorpuzteko erabiltzen diren substantzien artean, kafeina eta azukrea dira ohikoenak. Kokainaren kasuan, askotan, dentistek erabiltzen duten anestesiko bat erabiltzen dela aipatu du AiLaket!-eko kideak.

Drogek sexu-harremanetan duten efektuaz aritu dira saioan

Drogek sexu-harremanetan duten efektuaz aritu dira saioan

Drogen efektu desinhibitzailearen inguruan ere mintzatu dira saioan. MDMA edo estasia da helburu honekin erabiltzen den droga. AiLaket!-eko kideak adierazi duenez, 80. hamarkadan, estasiaren efektuari “maitemintze faltsua” deitzen zitzaion. Droga mota hau kontsumitzen duten bi pertsonek bizi dezaketen haluzinazioen erakusle da maitemintze faltsua. Garai horietan estasiaren efektuak guztiz ezagutzen ez baziren ere, gaur egun egiten den kontsumoa masiboa dela esan daiteke. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, EAEn, urtero 60.000 gaztek onartzen du sintesi drogak probatu izana.

Estasi edo MDMAren kasuan ere, dauden mitoak gezurrezkoak direla froga daiteke. Desinhibizioa eta euforia eragiten dutela egia bada ere, harreman sexual arruntak izateko orduan, nahiko desegokiak dira. Izan ere, desira piztu ordez, kitzikapena eten eta sexuaz gozatzeko oztopoak eragin ditzake MDMA edo estasiaren kontsumoak.

Gai honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, hemen duzue saio osoa:

Drogarik gabeko sexua, gozagarriena

sexuDrogen eta sexuaren arteko erlazioa aztertu dute aste honetako “Luzia eta sexua” atalean. Hain zuzen ere, sexu harremanetan drogek eragin ditzaketen kalteei buruz aritu ziren.

Historian zehar sexuaren, drogen eta rockaren arteko lotura konbinazio perfektutzat jo izan bada ere, zientifikoki ez dute gauza bera ondorioztatu.

Hainbat ikerketek erakusten dutenez, drogekiko menpekotasuna duten pertsonek gehiago arbuiatzen dute sexua, sustantzi toxikorik hartzen ez dutenek baino. Gainera, estimuluei ez diete modu berean erantzuten, testosterona hormonan eragin negatiboa dute, eta kitzikatzeko zein orgasmora iristeko orduan zailtasunak ekar ditzakete.

Guzti hori gutxi ez eta, erotismorako, sentsualitaterako, intimitaterako edota komunikaziorako kaltegarriak izan daitezkeela diote azalpen zientifikoek.

Droga bakoitzaren eragina

Argi dago, droga motaren arabera, erantzuna ere ezberdina izango dela. Hau da, alkoholak eta heroinak adibidez, ez dute gure gorputzean ezta gure sexu harremanetan ere eragin bera sortzen.

Askok uste dute, kokainak bizitu eta aktibatu egiten gaituela, luzera begira sexurako ere kaltegarria izan daitekeela jakin gabe.

Horregatik, zentzugabekeria da sexuan izan ditzakegun arazoak, drogekin konpontzen saiatzea.

Entzun atzoko saioa!

Marihuana erretzen duten mutilak nekezago iristen dira orgasmora

mujer_fumandoAustralian egindako ikerketa batek erakusten duenez, marihuana erretzera ohituta dauden mutilek zailtasun handiagoak dituzte orgasmora iristeko. Gainera, isurketa goiztiarra pairatzeko aukera gehiago ere badituzte.

Mutil gazte askok cannabisa kontsumitzen dute orgasmoa atzeratzeko helburuz, honek izan ditzaken eragin negatiboez ohartu gabe. Dena den, egia da baita ere, marihuana kontsumitzaileek sexu-bikote gehiago dituztela eta sexu harremanetan sentsazio biziagoak izaten dituztela.

Aipatutako ikerketak beste ondorio garbi bat ere ateratzen du: marihuana erretzaileak gazteago hasten direla sexua praktikatzen, promiskuitate handiagoa dutela, antisorgailu gutxiago erabiltzen dituztela eta sexu bidezko gaixotasunak kutsatzeko arrisku gehiago dutela.

Alkoholak ez du sexu harremanetan laguntzen

sex_and_alcohol_310Ligatzeko orduan lotsak ahazteko erabiltzen dugu alkohola, baina, askotan ez gara konturatzen sexua praktikatzerakoan eragin negatiboa izan dezakeela. Gorputzean alkohol kantitate handia edukitzeak edo alkoholdun edariak maiz kontsumitzeak ez du batere laguntzen sexu harremanetan.

Alkohol asko edaten duten gizonekin egindako hainbat ikerketek erakusten dutenez, alkoholak ondorio negatibo asko ditu sexuan:

-Arazoak ematen ditu erekzioak izaterakoan edota zakila tente mantentzeko orduan.

-Isurketa izaterakoan zailtasunak eragiten ditu.

-Sexurako desioa murrizten du.

-Sexu agresibitatea areagotzen du.

-Ugalkortasuna murrizten du.

Halere, mutil askok uste dute alkoholak ohean “indarra” ematen diela, nahiz eta, kontrakoa gertatu.

Gainera, alkohol gehiegi edateak testosterona maila jaitsi dezakeela dioen ikerketarik ere bada.