Hileko artxiboak: azaroa 2009

Bi sexuekin jaiotzen diren pertsonek nola aukeratzen dute zeinekin geratu?

Osteguna denez, Gazteako irakurleetako batek bidalitako zalantza argituko du Olatz Berastegik. Hona hemen galdera-erantzunak:

Irakurlearen zalantza:

“Bi sexuekin jaiotzen diren pertsonek, hau da, hermafroditek, nola aukeratzen dute zeinekin geratu? Sendagilearen erabakia izaten da ala ume horren gurasoena?”

Untitled-2

Olatzen erantzuna

“Lehenengo esan beharra daukat pertsonez hitz egiten dugunean intersexualitateaz hitz egiten dugula, hau da, sexuazio prozesuan intersexualitateak ematen dira. Pertsona guztiak intersexualak gara, eta bi sexuetako, hormonak, ezaugarriak ditugu. Gero badaude pertsona batzuk intersexualagoak direnak eta intersexualitate hauek mota ezberdinetakoak izan daitezke: hormonalak ( neska edo mutilak beste sexuko hormona kantitate altua dutenak), gonadikoak ( neska eta mutilen genitalak dituztenean, gehienetan biak ez dira berdin garatuta egoten) eta kromosomikoak XX, XY izan beharrean beste aukera bat dutenak XXY adibidez.

Horrela, jaiotzerakoan, intersexualitate hormonalaren edo kromosomikoaren kasu bat ematen denean, haurra bere genitalen arabera sexuatzen da. Hau da beti egiten dena haur jaio berri bat sexuatzeko. Intersexualitatea genitala ez denean, pertsona horren ezaugarriak aurrerago ikusiko dira eta askotan jaiotzerakoan ez dira nabarmentzen. Intersexualitatea gonadikoa denean, haur jaio berria sexuatzeko ezaugarri kromosomikoak, hormonalak… aztertzen zaizkio, horrela bere sexuazio prozesuak ze bide hartuko duen ikusi ahal izateko. Ondoren medikuak eta gurasoek, ze sexu emango dioten erabakitzen dute.”

Asteko Kamasutrako jarrera: “Lerrokatze perfektua”

Dakizuen bezala, ostegunero Olatz Berastegi sexologoak irakurle baten zalantzari erantzuten dio ‘Eingo al deu’ sexu-blogean eta orain berrikuntza batekin gatoz, asteartetan Kamasutrako “jarrera” baten azalpena emango baitugu gure sexuaren txokoan.

Gaurkoan, duela bi aste azaldu genizuen “errotaren postura” alde batera utzi eta “lerrokatze perfektua” izenez ezaguna den jarrerari buruz hitz egingo dugu.

www.publispain.com

www.publispain.com

Deskribapena

Emakumea gizonaren gainean etzan behar da hankak nahiko zabalik dituela (sarketa errazteko). Behin zakila baginan sartuta, hankak itxi behar ditu bikotea lerrokatze perfektuan geratu arte. Emakumeak estimulazioa hasiko du orduan bere gorputza astiro-astiro eta horizontalki bere bikotearen aurka mugituz.

Alde onak:

– Jarrera oso intimoa da eta bikotean sekulako kontaktua dakar.

– Baginako paretak estutzeak sentsazio sakonagoak ematen dizkio emakumeari.

– Maitasun tantrikorako gomendagarria da.

Alde txarrak:

– Sarketa barrura arte izan ohi da eta horrek emakumeari mina eman diezaioke.

– Mugimendua oso mugatua da.

Sexuaren eta erotismoaren jaialdiak, Londresen eta Toronton

Asteburu beroa izan dugu aurrekoa. Euskal Herrian tenperatura altuak izan ditugu eta badirudi Londresen eta Toronton ere bero-bero ibili direla. Ikusi bestela bi hiri hauetan egon diren erotismo eta sexu jaialdietan ateratako argazkiak.

Erotica Erotismo Jaialdia Londresen eta Nazioarteko Sexu Jaialdia Toronton:

Bola txinatarrak… zertarako?

bolasOstegun honetan bola txinatarrei buruz hitz egingo digu Olatz Berastegi sexologoak. Irakurle batek egindako galderaren erantzuna da hain zuzen hemen azaltzen zaizuen azalpena:

Irakurlearen zalantza:

“Zer dira bola txinatarrak? Zertarako eta nola erabiltzen dira? Arriskutsuak dira? Orgasmora iristeko erabiltzen dira ala zein da nagusiki euren funtzioa? Ipurdian ere erabili daitezke?”

Olatzen erantzuna:

“Bola txinatarrak bi edo hiru bolekin osatutako tramankulu bat da eta material ezberdinetakoak daude. Funtzio ezberdinak eduki ditzakete, alde batetik baginako muskulua eta ‘suelo pelvico’ deritzogun atala lantzeko eta indartzeko erabiltzen dira eta bestetik, baginan barnean erabilita sentsazio gustagarriak lortu daitezke.  

Hori dela eta, ondorio bezala, sarketarekin egiten diren sexu-harremanetan plazer gehiago sentitu daiteke. Ez dira arriskutsuak eta erditu duten emakumeentzat oso baliogarriak dira, erditu ondoren baginako muskuluak indarra galtzen dutelako.

Printzipioz baginan erabiltzeko balio dute, baina norbaitek ipurdirako erabili nahi baditu probatu dezala eta kontatuko digu”.

“Kitzigarritasuna galduta eta nire mutilarekin sexuari buruz hitz egiteko beldurrez”

Pasadan asteko atsedenaldiaren ostean, Olatz Berastegiren aholkuak gure sexu txokora itzuli dira eta ostegunero bezala, gaur irakurle gazte batek egindako galderari erantzun dio berak.

Hona hemen irakurlearen galdera:

“Aupa!

Galdera batzuk ditut zuretzat. Kontua da mutilarekin hiru urte damazkitela eta beno gure sexu harremanak ondo zihoazen, baina orain inoiz baino kitzikagarritasun gutxiago sentitzen dut. Bestalde, nire bikoteari ere gogo gutxiagorekin ikusten diot (agian nire irudipena izango da).

Nik uste dut gure sexu harremanak betikoak direla eta beharbada aspertu egin garela. Horregatik autoan egin dezakegun jokoren bat bururatzen zaizun galdetu nahi dizut.

Horrez gain, sexu harremanei buruz hitz egiten dugunean, beti nik ateratzen dut gaia. Berak ez dit sekula zer gustatzen zaion eta zer ez esaten, dena ondo dola eta kito! Beraz, ez dakit nola eman aurrerapauso hori sexuaz lasai hitz egiteko.

Badakit zaila izango dela honi erantzutea baina zure iritzia jakin nahiko nuke.

Eskerrik asko eta hurrengora arte”

Hemen Olatzen erantzuna:

“Kaixo

Egia da zaila dela erantzuteko, batez ere datu asko falta zaizkidalako: zenbatero gelditzen zareten, nolako harremana duzuen…

Dena den, lasai egon behar duzu harreman batean fase ezberdinak baitaude eta agian sexu-desioa baxuagoa duzue orain, bizitzan momentu ezberdinak bizitzen direlako. Agian orain indar gehiago behar duzue, ikasketetan, lanean… Guzti horrek eragina izan dezake sexu-gogoan ere.

Honetaz gain, autoarena komentatzen duzu, horrekin suposatzen dut zuentzat leku lasai bat topatzea ere ez dela hain erraza. Honek ere harremanetan eragina du, denok behar ditugulako leku atseginak eta autoa batzuetan ondo dago, baina, leku bakar bezala edukitzeak eragina izan dezake. Ezinezkoa da beste lekuren bat bilatzea? Lagunen baten etxea, asteburu goxo bat leku merke batean, irteeraren bat kanpin batera, aterpe batera…

Amaitzeko, aipatzen duzu zuen sexu-harremanei buruz hitz egin nahi duzula zure bikotearekin eta bera prest ez duzula ikusten. Hau gertatzea ez da hain arraroa, agian berak beldurrak ditu eta horregatik zaila egiten zaio gaiaz hitz egitea. Askotan, gainera zaila egiten zaigu zer gustatzen zaigun jakitea, gure gorputzari arreta handiegirik jartzen ez diogulako. Zure kasuan komentatzen didazu, berari hitz egitea kostatzen zaiola eta egia esan egun batetik bestera ez da aldatuko.

Pertsona guztiak ez gara berdinak, beraz berarekin gustura bazaude pazientzia izan behar duzu eta atera itzazu zuk gaiak lasai asko.

Gaia nola atera?

Nik komentatuko nizuke gaia ateratzerakoan lasai ateratzeko, bilatu momentu bat biok gustura zaudetena, plan berezi bat egin, eta horrela lasaiago hitz egingo duzue. Berarekin hitz egiterakoan zuen harremanean ikusten dituzun gauza positiboak ere aipatu, eta hortik abiatuta, momentu honetan zure sentsazioak zeintzuk diren planteatu.

Ea lagungarria egiten zaizun, esango didazu.

Ondo izan eta beste bat arte”

Zuek zalantzarik bai? Bidali gazteaweb@eitb.com helbidera eta gogoratu guztiz anonimoa dela.

Masturbazioaren bertuteak

Sexua maitasunarekin zuzenean lotzeak arazoak eragin ditzake gure bizitza sexualean. Argi eduki behar dugu sexua mantentzeko ez dugula pertsona batekin maiteminduta egon behar, bakardadean ere gustura jolastu eta asko disfrutatu dezakegu eta.

Zalantzarik gabe, maitasunik gabeko sexua onartzen ez duten pertsonek, bizitza sexual pasiboagoa dute. Badira maitasunik edota erakargarritasunik sentitu ezean, beste pertsona batekin sexua izateari uko egiten dioten pertsonak, baina guk ez dugu horretaz hitz egingo. Bakoitzak bere arrazoiak eta ideiak izan ahal ditu mota honetako sexua baztertzeko. Halere, beste pertsona batekin maiteminduta ez egoteak, ez du gure gorputza ere baztertu behar dugunik esan nahi.

Bikotea ez edukitzearren, sexuaz asko disfrutatu daiteke. Masturbazioa ongi pasatu eta bikoterik gabe sexua izateko bide aproposa da. Horregatik, sexu jarrera atsegingarri gisa hartu behar dugu, lotsarik sentitu gabe eta norbere burua desberdintzat jo gabe.

Askotan gai tabua da masturbazioarena, batez ere, nesken artean eta horregatik, masturbatzen diren gazte askok “erruduntzat” hartzen dute euren burua. Dena den, sexologo adituek sarritan azpimarratzen dute “autoerotismoa” sexuaz disfrutatzeko bide oso egokia dela. Hori dela eta, ongi masturbatzen ikasi behar dugu eta horretarako beharrezkoa da norbere plazerra bilatzea eta gauza berriak probatzea.

Probatu al duzu errotaren ‘postura’?

Kamasutran mota guztietako jarrerak azaltzen dira; batzuk praktikatzeko oso zailak, beste asko, berriz, nahiko xelebreak. Gaurkoan, errotaren ‘postura’-ri buruz hitz egingo dizuegu. Emakumeak, zakila ardatz bezala duela, gizonaren gainean egiten duen biran oinarritzen da.

Jarrera honetan, bai neskek nahiz mutilek sentsazio ezberdinak nabaritzen dituzte eta sarketa eteteko aukera ematen du.

‘Postura’ hau hiru fasetan egiten da:

Lehen fasea: Emakumea bikotearen gainean belaunikatu behar da. Zakilaren gainean mugimendu bertikalak eginez estimulatu daiteke.

Bigarren fasea: Emakumeak gizonaren bularraren eskuinaldean jarri behar ditu hankak eta bueltak ematen hasi behar da.

Hirugarren fasea: Emakumeak bizkarra eman behar dio gizonari. Estimulazio bertikalarekin jarraitu behar da, aurrealderantz makurtuz, sarketaren angelua aldatzeko. Azken momentuan, berriro mutilari begira jarriko da neska.

Jarrera aldaketa hauetan erraza da zakila baginatik ateratzea, batez ere bigarren eta hirugarren faseen artean.

Sexua, argiarekin ala iluntasunean?

Oro har, jende gehienak argi apur batekin mantentzen ditu sexu-harremanak, batez ere, lehenengo aldia ez denean. Sexu kontuetan hasiberriak direnek, aldiz, normalean, nahiago izaten dute argia itzalita egotea, “intimitatea” behar bezala babesteko.

Egokiena, sexu-harremanak argi dagoen toki batean mantentzeko gaitasuna edukitzea da, modu horretan konplexu guztiak atzean uzten direlako. Halere, sexuan gauzak ez dira beti beltzak ala zuriak izaten eta bai argitasunak zein iluntasunak abantaila eta desabantaila asko dituzte. Oraingoan abantailei buruz hitz egingo dizuegu:

Argiarekin praktikatzen den sexua

Aldamenean dugun pertsona ikusteak libidoa pizten du eta horrek erraztasuna ematen dio harremanari. Gainera, ondoan dagoenaren keinuak ikusita, bere kitzikapen maila ezagutu dezakegu.

Iluntasunean mantentzen diren harremanak

Argi gabe sexua praktikatzeak abantaila nabarmen bat du: zentzumenak askoz gehiago garatzen direla (ikusmena salbu). Fantasia eta imajinazioa lantzen dira eta kontu ezezagunei beldurra kentzen zaie.

Bestalde, konplexuak eta lotsa sentitzen duten pertsonei orgasmora iristen laguntzen die iluntasunak. Bikoteak euren gorputza ikusten ez duela jakiteak lasaitasuna ematen baitie.