Hileko artxiboak: maiatza 2009

Emakumeen G puntua; non dago eta nola estimulatu?

Irakurle batek egindako galderari erantzunez, Olatz Berastegi sexologoak emakumeen G puntuaren nondik norakoak azaldu dizkigu. Hona hemen G puntuari buruz jakin nahi duzuen guztia:

Gutxi gorabehera 1950. urtean hitz egin zen aurrenekoz emakumeen G Puntuari buruz. Garai hartan, Ernst Gräfenberg ginekologo alemaniarrak puntu erogeno hau emakumearen isurketarekin lotu zuen.

Hain zuzen ere, bagina barruko zona erogeno baten berri eman zuen sendagile honek, hau da, baginaren paretan, uretraren ondoan, kokatuta dagoen puntu bati buruz mintzatu zen.

Urte batzuk geroago, 1981ean, Alice Kahn Ladasek, John D:Perryk eta Beverly Whippek puntu hau Gräfenbergen Puntua bezala izendatu zuten eta hortik aurrera G Puntuaren inguruko bibliografia eta historiografia guztia sortu zen. Ibilbide horretan, hasiera batean G Puntuaren eta emakumearen isurketaren artean planteatutako erlazioa indarra galduz joan zen eta gehien bat bagina barruko plazerrarekin eta “superorgasmo koitala” delakoarekin lotu zuten puntu hau.

Ordudanik, gozamena sarketa bidezko sexu-harremanarekin erlazionatzen duten ereduak sortzeko erabili izan dira ideia horiek eta hortik beste eztabaida bat jaio daa: klitoria vs bagina.

Gaur egun G Puntuaren inguruko ikerketak egiten jarraitzen dute eta plazerra puntu zehatz batekin lotuta ez dagoela ondorioztatu dute adituek. Gainera, puntu guztien artean erogenoena klitoria dela diote.

Hori dela eta, sexu-harremanetan, bakarka, binaka nahiz hirunaka izan, plazerra edota orgasmoak faktore askorekin lotuta egon daitezke; norberak bizi duen egoera pertsonalarekin eta gorputzak bakoitzak duen sentsibilizazio gaitasunarekin, adibidez.

Beraz, eta beste batzuetan aipatu dugun bezala, gorputzean G Puntu ugari ditugu, horregatik, garrantzitsuena gure gorputza ezagutzea eta praktika berriak probatzea da. G Puntua bilatzen saiatu eta ez aurkitzeak estutasun momentuak eragin ditzake eta horrek ez du sekula gure sexu-harremanetan lagunduko.

Sexuari buruz dena dakizula uste duzu?

‘Eingo al deu’ sexu-blogak aholkuak eman eta zure zalantzak argitu nahi ditu. Horregatik, proposamen berri batekin datorkizu.

Sexuari buruz dena dakizuela uste duzu? Hala ez bada, animatu eta bidali gazteaweb@eitb.com helbidera zuen zalantzak eta Olatz Berastegi sexologoak duda horien erantzunak emango dizkizu.

Ostegunero, gure irakurleek bidalitako galdera bati erantzungo dio Olatzek. Beraz, ez galdu denborarik eta argitu zure zalantzak.

Denetarik galdetu ahal duzu eta datorren ostegunean Santurtziko 19 urteko neska batek egindako lehen galderari erantzungo dio: Non dago nesken G puntua? Ba al dago puntu hau estimulatzeko jostailu berezirik?

Eta mutilak gogorik ez duenean zer?

Beti ez dira neskak izaten sexu-harremanak izateko orduan gogo falta erakusten dutenak, mutil askok ere arazo hau izaten baitute sarritan. Normalean bikotean nahasia eragin ohi duen gai bat da, ulertzeko eta konpontzeko nahiko zaila delako.

Baina nondik dator gogo falta hori? Askotan frustrazioa edota lotsa dira arrazoi nagusiak. Konfiantza ezagatik, mutila ez da kitzikapen prozesuan eroso sentitzen, ezta larrua jotzeko orduan ere. Gezurra dirudien arren, bikoteek sexu-harremanak izateari uzten diotenean (40, 60 zein 80 urterekin), kasuen %90ean gizona izaten da erabaki hau hartzen duena.

Bikotearen sexualitatearen esentzia zirri atsegingarriak ematean eta jasotzean oinarritzen da, baina, gizonek gehienetan sarketa praktikatzeari soilik ematen diote garrantzia. Ikerketa askok erakusten dute sexu-harremanen %85 koitoan bukatzen direla eta horren ‘errudun’ nagusia gizona dela. Gainera, sexua sarketarekin bakarrik lotzen duten mutilek gainerakoek baino gutxiago disfrutatzen dute sexuaz.

Sexualitate malguago baten aldeko apustua egiten duten bikoteek 80 urtera arte harremanak izatera iritsi daitezke, gainerakoek, aldiz, gazteago baztertzen dituzte sexu-harremanak.

Sexu-gogoa erosotasunarekin, aurrea hartzearekin eta harmenarekin dago estuki lotuta. Oinarrizkoena, orgasmoaren eta koitoaren aurretik, desioa, atsegina eta satisfazioa edukitzea da.

Mutiloi gertatu izan zaizue sexua praktikatzeko gogorik ez edukitzea?

‘Kama Sutra’ katolikoa

Katolikoek ere pasiozko bizitza sexuala izan dezakete. Hala dio behintzat ‘Kama Sutra Katolikoa’ liburua idatzi berri duen Poloniako frantziskotar batek.

Ksawery Knotzen hitzetan, ezkondutako bikoteek “maitasuna zentzu guztietan” erakuts dezakete koitoa praktikatzen ari direnean, adibidez, eskuekin edota ahoarekin sexu-organoak estimulatuz, eta horregatik “ez da zertan Jainkoa iraindu behar”.

Maitasun kristauaren eskuliburu honek Poloniako Eliza Katolikoaren onespena dauka eta herrialde horretan best-seller batean bilakatu da.

“Jende askok uste du ezkondutako bikote katolikoen bizitza sexualean poztasuna, pasioa eta fantasia debekatuta daudela. Sexuak tristea izan behar duela pentsatzen dute, baina, pertsona horiek ez dakite Jainkoak beraientzat bizitza sexual zoriontsua nahi duela”, dio frantziskotar honek.

Batek baino gehiagok pentsatuko du nolatan den posible apaiz ezkongabe batek sexu-harremanei buruz hitz egitea. Berak badu galdera horrentzako erantzuna ere: “Bikote askorekin hitz egin ostean dudan iritzia da hau. Bakoitzak bere bizitza sexualaz gozatu behar duela iruditzen zait eta horretarako beharrezkoa da Elizaren ikasbideak jarraitzea, bikoteengan erruduntasunik ez eragiteko”.

Litekeena da Jainkoaren aginduak jarraituz sexua nola praktikatu behar den irakasten duen eskuliburu hau, denborarekin, beste hizkuntza batzuetara itzultzea.

Emakume inteligenteek gehiago gozatzen dute sexuaz

Harremanak izateko orduan emozionalki inteligenteak diren emakumeek gehiago gozatzen dute sexuaz gainerakoek baino. 2.000 emakume bikirekin egindako ikerketa baten emaitzak erakusten duenez, neska inteligenteek orgasmo gehiago eta hobeak dituzte.

Hain zuzen ere, euren eta besteen emozioen jabe izateko gai direlako disfrutatzen dute gehiago. Beraz, inteligentzia emozionala eta orgasmoaren maiztasuna zuzenean lotuta dauden bi fenomeno direla esan daiteke.

Gainera, ikerketa honen arabera, emakumeen ia herenak zailtasunak ditu orgasmora heltzeko eta horietako askok ez dute klimaxera iristea lortzen. Arazo horiei aurre egiteko orduan inteligentzia emozionalak sekulako garrantzia dauka, ez baita nahikoa egoera eta teknika ona aukeratzearekin.

“Zure arazo emozionalen zain bazaudete eta arazoak identifikatzeko eta adierazteko gai bazarate, konponbidea bilatzea errazagoa izango da”, adituen esanetan.

“Emakumeok ez dugu gau bateko sexu-harremanik nahi”

‘Eingo al deu’ sexu-blogean ‘gau bateko sexu-harremenak’ gorrotatzen eta salatzen dituen neska gazte baten adierazpenak jaso ditugu bart.

Anonimo bezala identifikatutako irakurle honen hitzetan, “mutil gehienak sexu-obsesioak jota bizi dira eta ez dituzte nesken jarrera eta nahiak errespetatzen”.

“Mutil bat ezagutu eta gau berean berarekin oheratzea astakeria hutsa da. Sexuaz gozatzeko beharrezkoa da maitasuna, eta maitasunik gabeko harremanak mutilek soilik ulertzen dituzte”.

Oraindik gazte askok mota honetako aurreiritziekin jokatzen dute, baina, egia esan, neurri egokiak hartuta, asko disfrutatu daiteke ezagutzen ez duzun pertsona batekin ere.

Zuek praktikatuko zenukete sexua ezagutu berri duzuen pertsona batekin?

Gizonentzako antisorgailu berria

Pilulak, kondoia, eraztun bajinala… Gaur egun antisorgailu asko eta ezberdinak daude; horietako batzuk emakumeek soilik erabili ditzaketenak eta besteren batzuk gizonei zuzenduta daudenak.

Berrietan berriena gizonentzako injekzioa da, kondoiak nahiz pilulak duten eraginkortasun bera izatera irits litekeen antisorgailua, alegia.

Testosterona injekzio batez ari gara hain zuzen, hilero gizonak jarri behar duena, denbora baterako espermaren ekoizpena geldiarazteko. Injekzioak utzi eta sei hilabetera, haziaren ekoizpenak maila normalera itzultzen da berriro.

Txinan egiten ari diren frogek erakusten dutenez, 100 gizonetik 99tan emaitza positiboak eman ditu. Egia esan, pilulak eraginkortasun handiagoa dauka, baina, ezerosoagoa da, egunero hartzeaz oroitu behar garelako.

Halere, oraindik antisorgailu honen fidagarritasunaz ziurtatzeko, froga gehiago egin behar direla diote adituek. Gainera, gogoan izan behar da antisorgailu honek ez gaituela sexu bidez transmititzen diren gaixotasunez babesten, horregatik, kondoiaren erabileraren garrantzia azpimarratzen dute sexologoek.

Horrez gain, aipatu, gaur iragarri dutela hurrengo eguneko pilula erretzarik gabe egongo dela salgai botiketan.

Dena den, mutilok egongo zinatekete prest mota honetako antisorgailu bat erabiltzeko?

9 ordu jo eta ke masturbatzen

Aurten ere bakarkako gozamenaren topaleku bihurtu da San Frantzisko. “Masturbate-a-Thon” masturbazio-maratoiak jende ugari bildu du, karitatezko egintzetarako dirua jaso eta, bidez batez, oraindik toki askotan tabua den sexu-praktika hau sustatu ahal izateko.

Beste edozein maratoiren antzekoa da, baina nekatuta amaitu beharrean, erlaxatuta eta gustura bukatzen dute parte hartzaileek.

San Frantziskon ez ezik, orain arte Londresen eta Copenhaguen ere egin izan dira 2000. urtetik ospatzen den ekintza honen antzeko lehiaketak.

Orain arteko markarik onena Tokioko gizon batek dauka: 9 ordu eta 33 minutuko marka lortu zuen iaz. Bere lagunek aitortu dutenez, entrenamendu asko behar izan du errekorra lortzeko.

“Masturbatorium” izeneko gela batean, parte hartzaileek ahal duten beste denbora pasatzen dute sexua praktikatzen eta bitartean, euren lana ondo egiten dabiltzan kontrolatzen du sexologo talde batek. Urtero ekintza honetan parte hartzen duen sexu-entrenatzaile batek azaldutakoaren arabera, “garrantzitsuena geldo masturbatzea eta arnasa ondo hartzea da”.

Baina, masturbatzen denbora gehien igarotzen duen parte hartzailea ez da saritu bakarra izaten. Orgasmo gehien lortzeko gai denak ere, saria eraman ohi du etxera.

Noiz iritsiko dira Euskal Herrira mota honetako lehiaketak?

Homosexualen ipurtzuloak kolarekin itsatsita

Gaur egun sexualitatea askatasun osoz bizi dugula uste dute askok; sexuari buruzko informazioa eman eta jaso dezakegu, gizartea denborarekin gure eskubideak errespetatzen hasi da… Baina, sarritan ez gara konturatzen munduko toki guztietan egoera ez dela berdina, adi bestela Iraken hartutako neurriei.

Minnesotako Unibertsitateko Eli Coleman irakasleak jakinarazi duenez, Iraken azken egunetan homosexualen aurkako neurriak hartzen hasi dira eta tentsioa eta urduritasuna zabaldu da herrialde honetako gayen artean. Xiitek eta baita suniek ere, homosexualen kontra heriotza zigorra aldarrikatu dute.

Iraken sekulako tratu txarrak jasaten dituzte gizon homosexualek. Lesbianentzako eta Homosexualentzako Giza Eskubideen Nazioarteko Batzordeak argitaratu berri duen txostenean aipatutako erasoen berri ematen da.

Orokorrean mundu musulmanean gayen kontrako tendentzia nabarmentzen da. Gogoratu bestela Mahmoud Ahmadinejad presidente iraniarrak egindako adierazpenak: “Nire herrialdean ez da homosexualik bizi”.

Jazarpen horri eutsi ezinik, homosexual askok euren herrialdea utzi eta beste toki batzuetara joan dira bizitzera.

Zer egin dezakegu guk giza eskubideak eta eskubide sexualen errespetua babesteko?