Hileko artxiboak: urria 2009

Zeintzuk dira egunik “fertilenak”?

Aste beteko atsedenaldiaren ostean Olatz Berastegi sexologoaren aholkuak Gaztera iritsi dira berriz.

Hona hemen gaurkoan irakurle batek galdetu diona:

“Kaixo Olatz. Nola jakin dezaket zeintzuk diren egunik fertilenak? Gainerakoetan ezinezkoa da haurdun geratzea? Gutxi gorabehera zenbateko probabilitatea dago fase bakoitzean haurdun geratzeko?”

Olatzen erantzuna:

“Egun ugalkorrenez hitz egiten dugunean argi eduki behar dugu hauek kontrolatzea ondo etortzen dela haurdun geratu nahi badugu, baina inoiz ez antisorkuntza metodo bezala erabiltzeko.

Egun hauek zeintzuk diren jakiteko zikloa erregularra den edo ez ikusi behar da. Hilerokoaren zikloa erregularra denean, hilerokoa jaitsi den lehenengo egunetik hamar egun kontatu behar dira eta egun hori baino bi egun lehenagotik, bi ondorengoenak arte hartzen da momenturik fertilena bezala. Hau, kontrolatzeko, beste metodo batzuk ere badaude, gorputzeko tenperatura hartuz, baginako fluxuari erreparatuz eta abar.”

Jostailu erotikoen iraultza berdea

Denborarekin interes ekologikoa gure bizitzako aspektu ezberdinetara ari gara zabaltzen eta badirudi ingurugiroaren aldeko erronka beste alor garrantzitsu batetara zabaldu dela orain: antisorgailuetara eta jostailu erotikoetara.

AEBetan iraultza berdea sexuaren eta produktu ekologikoen sektorera heldu da. Lubrifikatzaile organikoak, birziklatutako materialekin egindako bilurrak, kondoi begetarianoak eta, besteak beste, egurrez egindako jostailuak moda-modan daude azkenaldian.

Earth Erotics da jostailu erotikoak ekoizten dituzten konpainien artean ezagunenetakoa. Internet bidez saltzen duen konpainia honek lubrifikatzaile organikoak eta beirazko jostailuak saltzen ditu batez ere. Jostailuak nahiko garestiak dira (67 euro inguru garestiena) eta modelo ezberdinak daude. Hona hemen produktuetako batzuk.

Zer oihukatzen duzu sexu-harremanak mantentzen dituzun bitartean?

Sexuaren test ezagunak dio sexua praktikatzen dutenen %87k oihu egiten duela orgasmora iristen ari denean. Zu ere oihu egiten duen horietakoa zara?

Herrialdearen arabera oihu ezberdinak egiten dira sexua praktikatzen denean. Ingeles hiztunek adibidez, “oh, yeah”, “fuck me” edota “I’m coming” adierazpenak erabiltzen dituzte, besteak beste. Gainera, tokiaren arabera, oihuen tonua ere ezberdina da.

Sexuaren test ezagunaren emaitzek erakusten dutenez, sexu-harremanak dituzten pertsonen %87k hasperen edota oihu egiten du sexua praktikatzen duenean. Baina zein da gure artean gehien entzuten den oihua?

Gaztelania nahiz euskara hitz egiten duen jendeak, “a” hizkia errepikatzen du behin eta berriz sexua duenean. Espainiar Estatuko datuei erreparatuz gero, argi ikusten da Soriako biztanleak direla oihu egiteko orduan “a” hizkia gehien erabiltzen dutenak eta almeriarrak, aldiz, gutxien. Bestalde, “o” hizkia ere aukeratzen dute askok (katalanek eta kanariarrek, batez ere), baina, gainerako letrek ez dute arrakastarik Estatuko herritarren artean.

Zuk zer oihukatzen duzu sexu-harremanetan? Ala isilik egoten den horietakoa zara?

Adierazi zure sexu-lehentasunak eskumuturreko honen bidez

Irudian ikusten diren koloredun eskumuturreko hauek polemika piztu dute AEBetan. Herrialde honetako gazteen artean moda-modan daude, euren sexu tendentziak adierazteko erabiltzen baitituzte.

80. hamarkadan du jatorria moda honek, baina, urte batzuk geroago gazteek berriro errekuperatu dute tendentzia hau. Dena den, apaingarri gisa baino gehiago joko bezala dute arrakasta pultsera hauek. Hain zuzen ere, “Snap” izeneko jolas antzeko bat asmatu dute estatubatuarrek.

Nola jolasten da?

Jolasteko modua oso erraza da. Helburua neskaren edo mutilen baten eskumuturrekoa haustea eta pultsera horren koloreak adierazten duen sexu-ekintza egitea da.

Aipatu bezala, kolore bakoitzak sexu-ekintza bat ordezkatzen du eta dirudienez, jokalaria edozein ekintza egiteko prest egon behar da. Oro har, pultsera hauek ezkutuko hizkuntza bat sortu dute gazteen artean, euren gustuak eta lehentasunak adierazteko balio duena.

Arriskuak

Hainbat aditu pultsera hauek duten arrisku nagusiaren berri emateaz arduratu dira eta komunikabide askotan ere oihartzuna ekarri du gai eztabaidagarri honek. Adituen ustez, gazte askok eskumuturrekoek duten esanahia jakin gabe erabiltzen dute osagarri hau eta horrek sekulako arazoak ekar ditzake, batez ere, ikastetxeetan. Hori dela eta, zenbait eskoletan debekatu egin da pultsera honen erabilera.

Koloreen esanahia

Oraingoz ez da koloreen esanahia jakinarazten duen gida ofizialik ezagutzen. Dirudienez, leku bakoitzaren arabera esanahia aldatu daiteke. Halere, badira toki denetan esanahi antzekoa duten kolore batzuk.

Pultsera beltz bat daraman pertsonak adibidez, sexu-harreman osoa nahi duela adierazten du. Kolore horia, berriz, besarkadak soilik jaso nahi dituzten pertsonentzat da.

Muxu goxoak jasotzeko gogoa kolore laranjaduna jantzi behar da. Bestalde, kolore gorriak bikoteari joko sexual bat egiteko gogoa erakusten du.

Baina badira are sexualagoak diren koloreak. Urdinak esaterako, aho bidezko sexua adierazten du, moreak uzki bidezkoa, zuriak mina aho barrura sartuta muxu ematea eta berdeak “cunnilingus”a.

Gorria eramateak, kondoirik gabeko sexua esan nahi du eta gorria eta beltza tartekatzen dituen eskumuturrekoak sexu-ekintzarik gustukoena “69”a dela.

Pultsera hauen moda izugarri zabaldu da Interneten eta badirudi aurki Europara iritsiko dela.

“Arriskutsua da sarketa praktikatzerakoan eraztun baginala kentzea?”

Hona hemen gaurkoan irakurle baten bidalitako zalantza:

“Eraztun baginala erabiltzen dut eta egia esan ez zait batere erosoa egiten larrua jotzerakoan. Jarrera askotan mina sentitzen dut eta oro har zakila barruan dudanean pila bat nabaritzen dut eraztuna. Nire lagun askok kendu egiten dute sarketa praktikatzen ari diren bitartean, baina, niri beldur apur bat ematen dit. Zerbait gertatzen da kentzeagatik? Fidagarritasuna galtzen du? Gainera, eraztunarekin sexua praktikatzen badut, bagina aldea minduta geratzen zait”.

Olatzen erantzuna:

“Eraztun baginala erabiltzen duzunean, aukera duzu sarketa praktikatzerakoan baginatik ateratzeko. Hori bai, lehenengo bi asteetan ezin da 3 ordu baino gehiago eduki baginatik kanpo, horrela gertatzen bada hilabete horretan beste antisorgailu bat erabili behar duzu. Bukatzeko aipatu nahiko nizuke, gu ez garela antisorgailuei egokitu behar, beraiek guri baizik. Hau da, eraztun baginala ateratzeak edo sartu eta atera erabiltzeak ez badizu lasai uzten, zergatik ez dituzu beste aukera batzuk probatzen? Antisorgailu hormonalak nahi badituzu, beste aukera batzuk badaude, pilulak eta partxeak adibidez.

Honetaz gain, kondoia (neska eta mutilena), eta diafragama ere badituzu aukeran. Beraz, ez agobiatu, eta antisorgailua aukeratzerakoan zure bizimodua, eta lasaitasunarekin bat datorrena aukeratu”.

Zuei sarketa praktikatzean molestatzen al dizue eraztun baginalak? Zuen esperientziak irakurri nahi ditugu!

Zer da dogginga?

Publikoa edota erdi publikoa den toki batean sexua praktikatzeari deitzen zaio dongging. Jatorriz britainiarra da hitz hau eta aipatu bezala, parke batean, hondartza batean, basoan edota antzeko tokiren batean mantendutako sexu-harremanak izendatzeko erabiltzen da.

Askotan bi pertsona baino gehiagok parte hartzen dute, bai sexua praktikatuz nahiz sexua izaten ari direnei begiratuz. Gazteleraz “cancaneo” izenaz ezagutzen da dogginga.

Askotan Internet bidez iragarritako topaketa ere izan daiteke eta parte hartzaileak normalean ez dira aurretik ezagutzen. Aspaldi, sexua praktikatzen ari ziren beste bikote batzuk zelatatzeari deitzen zitzaion dogging. Espainiar Estatuan adibidez, Benidorm aldean du arrakasta praktika honek. Gainera, zelatariek hondartzan edota beste edozein toki publikotan grabatutako bideo horiek Interneten eskegi ohi dituzte.

Biagra baino eraginkorragoa den garagardoa asmatu dute

Bavierako garagardo ekoizle batek, ustez biagra baino eraginkorragoa den garagardo erotikoa ekoitzi du.

Gizon honen esanetan, garagardoak libidoa igo eta ugalkortasuna nahiz potentzia areagotzeko balio du.

Hain zuzen ere, Kundaliniaren burdin likidoak dituen osagarriak gehitu dizkio edari honi eta horrek sekulako eraginkortasuna eman omen dio.

“Hopf Erortik Bier” izena duen garagardo honek pilula urdin famatuaren lekua beteko duela diote Alemanian.

Hurrengo eguneko pilularen inguruan jakin beharreko guztiak

Dakizuenez hurrengo eguneko pilula jada errezeta gabe lortu daiteke botikan. Baina oraindik badira kontu honen inguruan zalantza asko dituzten gazteak, hori dela eta, Olatz Berastegi sexologoak Ordiziako irakurle honen galdera argituko du.

Irakurlearen galdera:

“Hurrengo eguneko pilula orain errezetarik gabe lortu daitekeela entzun dut. Orduan botikan eskatuta nahikoa da? Horrez gain zer nolako kalteak dituen jakin nahiko nuke eta bizitzan zenbat aldiz hartu dezakegun. Nire lagun batek lau aldiz hartu du. Gomendagarria da?”

Olatzen erantzuna:

“Hurrengo eguneko pilula ez da antisorgailu bat, larrialdietarako neurria baizik. Hurrengo eguneko pilulak hormona kantitate altua dauka eta hauen eraginez obulazioa atzeratu edo eragotzi egiten da, haurdunaldia gerta ez dadin. Pilula hartzearen ondorio nagusienak, goitika egitea eta buruko mina dira. Nahiz eta batzuetan, zorabioak eta odol isuriak eragin ditzakeen.

Lehenago aipatu dudan moduan, larrialdietarako aukera da, ez da antisorgailua. Nik ez dizuet zenbat aldiz hartu daitekeen esango baina azpimarratu nahi dut gorputzera hormona kantitate handia sartzen dugula pilula hartzen dugun bakoitzean eta beraz ez dela komenigarria askotan hartzea.

Etengabe hurrengo eguneko pilularen beharrean ikusten badugu gure burua, hobe da antisorgailu ezberdinek eskaintzen dituzten aukerak aztertzea, eta agian horietako bat hartzen hastea.
Gaur egun, pilula farmazian eros daiteke inolako errezetarik gabe eta adituek diotenaren arabera, sarketa praktikatu eta ondorengo 18 orduetan du eraginkortasun altuena.”

Dena argituta? Hala ez bada, badakizue norengana jo. Olatzek beti du erantzuna. Bidali mezu bat gazteaweb@eitb.com helbidera eta laster argituko dira zure zalantzak.