Etiketaren artxiboa: sexu transmisioko gaixotasunak

Ze antisorgailu aukeratuko dut?

Antisorgailuei buruz izan daitezkeen zalantzak argitzeko asmoz etorri zaigu aste honetako SexSua saioa. Zenbat daude? Zertarako da bakoitza? Niri zein etorriko zait ondoena? Mila galdera sortzen dira antisorgailuak aukeratzeko garaian eta horiek denak argitu dizkigu Jon Gomez Garaik, Olatz Berastegi Desira etxeko sexologoarekin batera.

Olatz Berastegi sexologoa

Olatz Berastegi sexologoa

Hasteko, merkatuan dauden antisorgailuak erakusten hasi dira. Horietan ezagunena gizonentzako preserbatiboa da. Baina badaude gehiago, emakumeentzako preserbatiboa, baginako eraztuna, pilulak eta partxeak, DIUa…

Bakoitzaren ezaugarriak galdetzen hasita, hormona bidezkoak eta hesi bidezkoak banatu daitezke. Hormona bidezkoek haurdunaldiak ekiditeko soilik balio dute; emakumeen hormonetan izaten baitute eragina. Hesi bidezkoek, aldiz, izenak dioen bezala, hesi baten funtzioa betetzen dute; isurketa bertan gelditzen denez, bai espermatozoideak bai gaixotasunak kutsatu ditzaketen agenteak bertan gelditzen dira.

Baginako eraztuna, partxeak eta pilulak hormonazkoak dira; eta bi preserbatibo motek, bai gizonezkoenak bai emakumeenak, hesi funtzioa betetzen dute.

Beraz, norberak pentsatu beharra dauka nolako antisorgailua komeni zaion momentu bakoitzean. Eta horretarako, kontutan hartu behar dira nolako sexu-harremanak izaten ari garen garai horretan: bikote finkoa eta konfiantzazkoa daukagun, harreman ugari pertsona ugarirekin…

Dena dela, eta egoerak egoera, ETB1eko saioan argi utzi dute merkatuan eskuragarrien dagoena, merkeena eta erabiliena gizonezkoen preserbatiboa dela. Baina ba al dakigu preserbatibo bat nola jarri behar dugun? Segidan daukazuen bideo honetan Olatz Berastegi sexologoak ematen dizkigu azalpen guztiak.


GIBa, HIESa eta gaixotasunak

Arantza Arrillaga, sexu transmisioko gaixotasunen prebentziorako arduraduna

Arantza Arrillaga, sexu transmisioko gaixotasunen prebentziorako arduraduna

Izan ere, lehen esan dugun bezala, preserbatiboek hesi funtzioa betetzen dute eta hauek dira sexu bidezko gaixotasunak kutsatzea ekiditen duten bakarrak. GIBa eta HIESa, gonorrea, sifilia, genitaletako herpea… asko dira sexu organoen bidez kutsatzen diren gaixotasunak Arantza Arrillagak azaldu duenez.

Duela gutxi arte, adibidez, GIBa eta HIESa drogen kontsumoarekin lotzen ziren. Baina azken aldian, Euskal Herrian kutsatu diren gaixoen %80 sexu harremanen ondorioz kutsatu dira. Oso kontutan hartzeko datua da.

Gaur egun, gainera, GIBa daukagun ala ez jakiteko test azkarrak ere badaude. Beraz, aitzakiarik ez dago norberaren egoeraren berri jakin eta behar diren neurriak hartzeko.

Axi Muniain surflaria

Axi Muniain surflaria

‘SexSua’ saioa amaitzeko, Axi Muniain surflariari egin dio elkarrizketa Jon Gomezek. Surfean, bizitzan orokorrean eta sexuan hartzen ditugun arriskuak izan dituzte hizpide.

 

 

 

Saio osoa ikusi nahi izatera, hementxe daukazue: