Etiketaren artxiboa: BELDURRAK

Nola landu behar da sexuaren gaia hezkuntzaren alorrean?

Aste honetako ‘Sexsua’ saioan, Sexperientzia Ikastetxean izeneko erreportajea ikusteko aukera izan dugu. Aurreko saioetan hezkuntza sexualak duen garrantzia askotan aipatu bada, oraingo honetan, Euskal Herriko ikastetxe eta unibertsitateetan hezkuntza hau nola lantzen den ikustera hurbildu da ‘SexSua’.

Mireia Cifuentes sexologoa

Mireia Cifuentes sexologoa

Hasteko, aurreko saioetan ezagutu dugun Mireia Cifuentes sexologoarekin bildu gara, Lehen Hezkuntzako ikasleekin sexu-heziketa nola lantzen den ezagutzeko. Mireiak adierazi digunez, adin honetako umeekin lantzen diren gai nagusiak gorputzaren aldaketekin zerikusia dutenak dira. Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleekin, hilekoaren agerpenarena da gai garrantzitsuetako bat. Gai honetan, beldurrak usatzea du helburu sexu-heziketak. Horretarako, hilekoaren inguruan dauden mitoak deseraiki eta tanpoia, konpresa eta kopa menstrualaren inguruko informazioa ematen saiatzen dira sexu-hezitzaileak.

Lehen Hezkuntzako ikasleak

Lehen Hezkuntzako ikasleak

11-12 urterekin lantzen den beste gai garrantzitsu bat bikotearekin edo sexu-harremana mantentzen den pertsona horrekin izan beharreko harremana da. Mireiak argi uzten duen moduan, arlo honetan ezinbestekoa da errespetua eta komunikazioaren garrantzia azpimarratzea. Etorkizunean ume hauek izango dituzten praktiken kalitatea bermatuko du bakoitzak gustuko duena eta egin nahi ez duena argi uzteak.

Mireia Cifuentes sexologoaren ustez, sexualitatearekiko harreman arrotza garatzen dute Lehen Hezkuntzan sexu-heziketa egokia ez duten umeek. Izan ere, mota honetako heziketa jaso ez duten nerabeek sexualitatea genitaletara lotzeko joera dute. Identitatea, generoa eta harremanen ulerkuntza guztiz zailtzen du, gerora, sinplifikazio honek.

Bigarren Hezkuntzako ikasleak

Bigarren Hezkuntzako ikasleak

Haurren hezkuntzak dituen eragin zuzenak ikusteko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gela batean izan da Jon Gomez Garai. Bertan, Gaizka Tovarrek eta Mireia Cifuentesek emandako ikastaroan murgiltzeko aukera izan dugu. Nerabeen kasuan, norbanakoaren nortasunaren eraikuntzarekin zerikusia duten gaiak lantzen dira. Honela, gizarteak eta komunikabideek eraikitzen dituzten estereotipo negatiboak desegiten saiatzen dira sexu-hezitzaileak. Sexu-identitate anitzak azaldu eta epaiak saihesten saiatzea ezinbestekoa da. Cifuentesek azaltzen duenez, esanahiak argitu beharrean, nerabeak hausnarketara bideratzea da garrantzitsuena.

EHUko ikasleak

EHUko ikasleak

Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko Lehen Hezkuntza graduko ikasgela batean egoteko aukera izan du ‘SexSua’ saioak. Bertan, Lutxi Larrazabal irakaslea agurtu eta bere klase batean sartu gara, etorkizunean irakasle izango direnei sexualitatearekin zerikusia dituzten egoerak planteatzeko. Lutxi Larrazabalen ustez, gaur egun ikastetxe eta institutuetan ematen den sexu-hezkuntza asko hobetu behar da. Bere aburuz, sexu-heziketa ez litzateke aparteko irakasgaia izan behar; irakasle guztiek gaia zehar-lerro gisa ulertzearen beharra nabarmendu du irakasleak. Etorkizuneko irakasleek, kanpoko laguntzarik gabe, egunerokotasunean naturaltasunez landu beharreko gaia dela adierazi du Larrazabalek.

Saioa ikusi nahi izanez gero, hemen duzue oso-osorik:

Zer dira fobia sexualak?

Argazkia: sexologia.net

Argazkia: sexologia.net

Fobiak beldur irrazionalak dira, kasu larrietan pertsona bati bizitza normal bat eramatea eragozten diotenak. Beldur mota hauen ondorio fisiko arruntenak goragaleak eta palpitazioak izaten dira.

Arlo sexualean ere existitu egiten dira fobiak. Horrelako bat izatekotan, sexu-grina murrizten da eta ezinezko bihurtzen da sexu harremanekin plazera lortzea.

Lau dira beldur sexual ezagunenak:

Agrafobia: abusu sexuala jasotzearen beldur izatea.

Erotofobia: gai erotikoei buruz hitz egitearen beldur izatea.

Itifalofobia: gizonezkoak erekzioa izatearen beldur izatea.

Eurotofobia: emakumezkoen organo sexualen beldur izatea.

Mota honetako beldurrak izatea ez da barre egiteko kontua. Fobiek oso arazo larriak suertatu ditzakete eta baten bat pairatzekotan ezinbestekoa da mediku batengana jotzea. Izan ere, kasu gehienetan tratamendu psikologikoarekin konpontzen diren arren, beste batzuetan medikamentuak beharrezkoak dira.

Osasun arazoak sortzeaz gain, bikote baten arteko banatze kausa izan daitezke beldur hauek. Azken batean harreman sexualak bikote baten arteko harremanaren parte oso garrantzitsua dira.

Zeren beldur dira mutilak ohean?

GIZONAKEmakumeek bezala, gizonek ere beldurrak eta zalantzak izaten dituzte oheratzeko orduan. Nesken kasuan, gehienetan sentimenduekin lotutako ikarak izaten dira, mutiletan, aldiz, beldur fisikoak dira normalean.

Batez ere, zakilaren tamainarekin itsutzen dira hauek, baita, zakila zutitzeko izan ditzaketen arazoekin ere. Hain zuzen ere, sexu-harremanak izaterakoan “maila egokia” ez erakustea izan ohi da mutilen artean beldur nagusia. Dena den, argi izan behar dute askotan ohikoa dela erekzio arazoak izatea: alkohol gehiegi edatean, drogak kontsumitzean edota estresatuta dagoenean, adibidez.

Baina horrez gain, bada mutilen artean oso zabalduta dagoen beste beldur bat: isurketa goiztiarra. Hau gazteetan zein pertsona helduetan gerta daiteke.

Uzkia laztantzea ere gizonezkoen artean oso zabalduta dagoen beste ikara bat da. Askok ez dute jolas hori onartzen nahiz eta gustuko izan. Beraientzat uzkian plazerra sentitzea homosexualtasunarekin lotuta dago. Halere, sexuaz behar bezala gozatzeko, komeni da mito faltsu horri aurre egiteko gai izatea.