Mutilen ‘G puntua’

Beste behin ere, irakurle batek igorritako zalantza baten inguruan hitz egin digu Olatz Berastegi sexologoak, askori buruko min asko ematen dien gai bati buruz hain zuzen.

‘G puntua’ izenez ezaguna den emakumeen puntu erogenoa baginan dagoela entzun dugu behin baino gehiagotan. Mutilen ‘G puntuaren’ inguruan sortutako mitoak, aldiz, nahasmen handiagoa sortu dute. Non dute mutilek ‘G puntua’? Existitzen al da?

Hona hemen zalantza honen gainean Olatzek emandako azalpena:

“Urteak daramatzagu gorputz osoaren sexu-atsegina aldarrikatzen, guztiarekin ederki gozatu dezakegula azaltzen. Hala ere, gizartean mezu ezberdinak zabaltzen dira eta sexu-harreman batzuek beste batzuek baino indar edo garrantzia gehiago hartzen dute. Gainera, plazerra orgasmo kantitatearekin lotzeko ohitura dago eta gure gorputzaren sentsibilitatea ‘G puntu’ izeneko zona batzuetara mugatzen da.

Hasiera batean, sarketa praktikari indarra emateko emakumeen ‘G puntua’-ri buruz hitz egiten zen eta hau baginaren barruan zegoela ondorioztatu zuten. Geroago, gizonezkoei protagonismorik ez kentzeko, euren ‘G puntuaz’ hitz egiten hasi zen gizartea.

Zientifikoki ez dago ‘G puntua’ existitzen den baieztatzen duen frogarik eta egotekotan ezinezkoa da puntu hori ukitzean plazer handiagoa lortzen den ala ez jakitea, sexu-atseginaren sentsazioan beste aldagai batzuk ere kontutan hartu behar direlako, kitzikapen maila, desioa eta bakoitzak une horretan bizi duen momentu pertsonala, besteak beste.

Bukatzeko, esan beharra dago, ‘G puntua’ edukitzeak edota aurkitzeak ez duela gure harreman sexualetan hainbesteko eraginik izan behar.

Ez al da hobeto ‘G puntua’-rekin obsesionatzen ibiltzea baino gure gorputz osoa ‘G puntu’ bihurtzen saiatzea?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude