Kondoiak: nola, noiz eta non

Guztiok dakigu zer den kondoi bat, non eros dezakegun eta zertarako balio duen, baina, preserbatiboen mundua uste baino zabalagoa da eta mundu hori ongi ezagutzeak bizitza sexuala hobetu dezake.

Kondoiak, sexuaren bidez transmititzen diren gaixotasunak saihesteko balio duten antisorgailu bakarrak dira eta, era berean, haurdun ez geratzeko ere balio dute. Ongi erabiliz gero, antisorgailurik fidagarriena da (% 97ko fidagarritasuna) eta forma, tamaina, zapore eta kolore ezberdinetakoak daude. Dena den, garrantzitsua egoera bakoitzerako zein kondoi aukeratu behar den jakitea da.

Gehienetan latexarekin edo poliuretanoarekin eginda egoten dira. Orokorrean, latexarekin egindakoak fidagarriagoak dira, baina, apur bat garestiagoak izan arren, poliuretanozkoek ere oso ongi egiten dute euren lana eta latexari alergia dioten pertsonentzat irtenbide ezin hobea dira.

Lubrifikazioa

Latexezko kondoiak urezko lubrifikatzaileekin soilik erabili daitezke, olioek (baselinak adibidez) edota kremek latexari kalte egiten baitiote. Baina zertarako lubrifikatu? Bi arrazoi nagusi daude: Alde batetik, ‘busti’ gabeko kondoi batek apurtzeko aukera gehiago ditu eta, gainera, baginan mina eta odol-jarioa sortu ditzake. Bestalde, lubrifikazio faltak, emakumeengan nahiz gizonengan, sexu-harreman mingarriak eragin ditzake. Uzki-sexuan, batez ere, nahitaezkoa da lubrifikatzaileren bat erabiltzea.

Lubrifikatzaileak botikan eros daitezke edo beste soluzio bat listua erabiltzea da. Lubrifikatzaile normaletaz aparte, bero sentsazioa sortzen dutenak eta kilimak eragiten dituztenak ere badaude.
Hurrengoan preserbatiboaren tamainari, formari eta zaporeei buruz hitz egingo dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude