“Kitzigarritasuna galduta eta nire mutilarekin sexuari buruz hitz egiteko beldurrez”

Pasadan asteko atsedenaldiaren ostean, Olatz Berastegiren aholkuak gure sexu txokora itzuli dira eta ostegunero bezala, gaur irakurle gazte batek egindako galderari erantzun dio berak.

Hona hemen irakurlearen galdera:

“Aupa!

Galdera batzuk ditut zuretzat. Kontua da mutilarekin hiru urte damazkitela eta beno gure sexu harremanak ondo zihoazen, baina orain inoiz baino kitzikagarritasun gutxiago sentitzen dut. Bestalde, nire bikoteari ere gogo gutxiagorekin ikusten diot (agian nire irudipena izango da).

Nik uste dut gure sexu harremanak betikoak direla eta beharbada aspertu egin garela. Horregatik autoan egin dezakegun jokoren bat bururatzen zaizun galdetu nahi dizut.

Horrez gain, sexu harremanei buruz hitz egiten dugunean, beti nik ateratzen dut gaia. Berak ez dit sekula zer gustatzen zaion eta zer ez esaten, dena ondo dola eta kito! Beraz, ez dakit nola eman aurrerapauso hori sexuaz lasai hitz egiteko.

Badakit zaila izango dela honi erantzutea baina zure iritzia jakin nahiko nuke.

Eskerrik asko eta hurrengora arte”

Hemen Olatzen erantzuna:

“Kaixo

Egia da zaila dela erantzuteko, batez ere datu asko falta zaizkidalako: zenbatero gelditzen zareten, nolako harremana duzuen…

Dena den, lasai egon behar duzu harreman batean fase ezberdinak baitaude eta agian sexu-desioa baxuagoa duzue orain, bizitzan momentu ezberdinak bizitzen direlako. Agian orain indar gehiago behar duzue, ikasketetan, lanean… Guzti horrek eragina izan dezake sexu-gogoan ere.

Honetaz gain, autoarena komentatzen duzu, horrekin suposatzen dut zuentzat leku lasai bat topatzea ere ez dela hain erraza. Honek ere harremanetan eragina du, denok behar ditugulako leku atseginak eta autoa batzuetan ondo dago, baina, leku bakar bezala edukitzeak eragina izan dezake. Ezinezkoa da beste lekuren bat bilatzea? Lagunen baten etxea, asteburu goxo bat leku merke batean, irteeraren bat kanpin batera, aterpe batera…

Amaitzeko, aipatzen duzu zuen sexu-harremanei buruz hitz egin nahi duzula zure bikotearekin eta bera prest ez duzula ikusten. Hau gertatzea ez da hain arraroa, agian berak beldurrak ditu eta horregatik zaila egiten zaio gaiaz hitz egitea. Askotan, gainera zaila egiten zaigu zer gustatzen zaigun jakitea, gure gorputzari arreta handiegirik jartzen ez diogulako. Zure kasuan komentatzen didazu, berari hitz egitea kostatzen zaiola eta egia esan egun batetik bestera ez da aldatuko.

Pertsona guztiak ez gara berdinak, beraz berarekin gustura bazaude pazientzia izan behar duzu eta atera itzazu zuk gaiak lasai asko.

Gaia nola atera?

Nik komentatuko nizuke gaia ateratzerakoan lasai ateratzeko, bilatu momentu bat biok gustura zaudetena, plan berezi bat egin, eta horrela lasaiago hitz egingo duzue. Berarekin hitz egiterakoan zuen harremanean ikusten dituzun gauza positiboak ere aipatu, eta hortik abiatuta, momentu honetan zure sentsazioak zeintzuk diren planteatu.

Ea lagungarria egiten zaizun, esango didazu.

Ondo izan eta beste bat arte”

Zuek zalantzarik bai? Bidali gazteaweb@eitb.com helbidera eta gogoratu guztiz anonimoa dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude