Adarrak barkatu ala ez?

Ostegun honetan ere gazte baten zalantzak argituko ditu Olatz Berasategi gure sexologoak. Oraingoan, adarren kontu korapilatsua izango dugu ardatz gure sexu blogean.

Irakurlearen galdera:

“Ez dakit txoko honetan galdetzeko kontua den, baina, nire mutilak adarrak jarri dizkit eta ez dakit barkatu ala ez. Agian sexologoa izanda zuk inork baino gomendio hobea emango didazu. Kontua da, nire mutil-laguna duela gutxi bere neska-lagun ohiarekin atera zela parrandan eta hurrengo egunean bere mezuak eta deiak ikusi nizkion mugikorrean. Gainera, nire lagun batek parrandan hartan “ligatzeko” jarreran ikusi zuela esan zidan eta horrek susmoak eragin zizkidan. Hori dela eta, berari galdetzea erabaki nuen eta nahasmen momentu bat izan zuela eta bere neska ohiarekin enroiatu zela esan zidan.

Orain ez dakit popatik hartzera bidali behar dudan ala berarekin normal jarraitzea izango den onena. Berak nirekin egon nahi duela esan dit, baina, harreman estua du bere neska ohiarekin. Eta berriz gertatzen bada zer? Nik nire sentimenduak argi ditut eta berarekin egon nahi dut.”

Olatzen erantzuna:

“Kaixo, bukaeratik hasiko naiz zuk esaten duzu argi duzula eta berarekin egon nahi duzula. Beraz, berarekin nola egon nahi duzun finkatu beharko zenuke. Nik uste dut berarekin hitz egin behar duzula jakiteko zuen harremana non oinarritzen den. Askotan harreman batean gerta daiteke beste pertsona batekin enroilatzea, eta guri gustatu ala ez hori gertatzen da, pertsonak inoren propietatea ez garelako eta beste pertsona batzuekin gure bikoteaz gain erakarpena sentitu dezakegulako. Kontua da erakarpen horrekin zer egiten dugun. Zure kasuan, gertatu da, eta uste dut garrantzitsua dela hor zer gertatu den hitz egitea, zuri ze emozio mugitu zaizkizun zure bikotekideari azaltzea, eta zurekin egotea ze suposatzen duen azaltzea. Ondo legoke berari azaltzea harreman horretaz espero dezuna, eta bera zurekiko non dagoen eta ze espero duen ere esatea. Inportanteena konfiantza eta elkarri errespetua ez faltatzea da, hau edozein harremanaren oinarria delako.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude