Etiketaren artxiboa: neska

“Pilula hartzea ahazten zait. Zer egin dezaket?”

Ostegunero bezala, Olatz Berastegik gure irakurle baten zalantzari erantzungo dio. Pilula antikonzeptiboa behin eta berriz hartzea ahazten zaion neska baten kasua dugu oraingo honetan eta gure sexologoak aholkuak eman dizkio.
Pildora
Zalantza:

“Pilula hartzen nabil eta egia esan nahiko despistatua naiz. Horrekin esan nahi dudana da behin baino gehiagotan izan dotazela deskuidoak. Hori dela eta, jakin nahiko neban zer egin holako kasutan. Adibidez, egun baten ez badut hartu zer? Egun batean bi hartu baditut zer? Egun bat baino gehiago ahaztu bazait hartzea?”

Erantzuna:

Kaixo, pilula antikonzeptiboarekin oso zorrotzak izan behar gara, hau da, erabilera nolakoa izan behar den ondo azpimarratzen dute ginekologoek; egunero hartu behar da, ordu berean… Honek esan nahi du konstanteak eta arduratsuak izan behar garela erabiltzea erabakitzen dugunean. Zuk aipatzen duzuna neska askori gertatzen zaio, eta zure kasuan zera esango nizuke:

1. Erabilera egokia egiten ez badugu, hilabete horretan beste neurri batzuk hartzea ezinbestekoa da.

2. Etengabe pilula hartzea ahazten dugunean, beste neurri batzuk aztertu beharko genituzke. Azken finean, ez dago neurri egokirik, neurriak gure bizimodura hoberen egokitzen direnak baitira. Hau da, gaur egun, dauden metodo antikonzeptiboak ikusi, guztiak aztertu, eta ondoren zure bizimoduari gehien egokitzen dena aukeratu.

“Orgasmora iristeko aholkuak nahi ditut”

Ostegunero bezala, Olatz Berastegik gure irakurle baten zalantzari erantzungo dio. Kasu honetan orgasmoari buruz hitz egin digute gazte batek eta gure sexologoak. Hain zuzen ere, sarketaren bidez orgasmora iristeko arazoak dituen gazte baten kasua aztertuko dugu.

SEXU BLOGAIrakurlearen zalantza:

“Kaixo Olatz,

Larrua jotzen dudanean ez naiz sekula orgasmora iristen. Atzamarrarekin klitoria laztantzen egon behar dut, bestela ezer ez. Lehin ez dakit orgasmora arte iristen nintzen, baina, behintzat orain baino gehiago sentitzen nuen. Ez dago bideren bat orgasmora iristeko? Badakit helburua ez dela izan behar orgasmora iristea, urduri banago afektatuko didala eta sexologoek beti esaten dituzuen kontu guzti horiek, baina, nire ametsa da nire mutilarekin larrua jotzen nagoela orgasmora iristea. Bideren bat nahi dut.
Eskerrik asko”

Olatzen erantzuna:

“Kaixo,
Zure galderan ondo aipatzen duzun moduan, sexologoak nahiko pelmak gara, eta beti plazerrari, ondo sentitzeari ematen diogu garrantzia, orgasmoa bilatu gabe. Baina zuk esaten didazu orgasmoa eduki nahi duzula eta horretarako pistak emateko. Egia esan, pertsona bat ikusi gabe, berarekin landu gabe, bere gustuak, emozioak, sentipenak, aztertu gabe ez da erraza erantzunarekin asmatzea, baina tira ahalegin txiki bat egingo dut, eta aholku batzuk emango dizkizut:

1- Zuk esaten duzu sarketa egiterakoan klitoria laztantzen baduzu gehiago sentitzen duzula, ba hori bide ona da, hau da, neska gehienak orgasmora iristeko bide errazena klitoria laztandu bidez izaten dugu, horregatik sarketa praktikatzen ari garen bitartean klitoria laztantzea ondo etortzen da.

2- Sarketa praktikatu nahi duzunean, ez joan zakila sartzera berehala, eman denbora zure buruari. Aldez aurretik, gorputz osoa laztandu, musukatu, igurtzi…
Zure gorputza osorik kitzikatuta sumatzen duzunean, lubrikazio ona sumatzen duzunean, hasi zaitezke sarketa praktikatzen.

3- Zure eszitazioa, eta desioa pizten duten gauzak aurkitu. Hau da, behatu zure burua eta joan ikusten ze gauzak, egoerak, pizten duten zuregan eszitazioa, desioa,…eta ondoren, egoera horiek sortu, bilatu, zure eszitazioan lagungarriak izan daitezkeelako.

4- Sarketa egiterakoan postura berriak, probatu. Horrela, joango zara ikusten zein posturetan sentitzen zaren erosoen, zeinetan sentitzen duzun gehiago…

Bueno badakizu, joan probatzen, eta bidea eraikitzen asko disfrutatu, askotan helmuga buruan dugunean, bideko loreak ez ditugu ikusten eta…”

Baina zer ote da daukaguna?

Zenbat aldiz entzun dugu zure gorputza zurea da, bakoitzak gure sexualitatea dauka… Baina zer ote da daukaguna?

Jaiotzen garenetik gorputza daukagu, eta gurekin bizitza guztian eramango dugu. Gorputzak ezaugarri batzuk ditu, neska izateagatik batzuk eta mutilak beste ezaugarri batzuk dituzte. Hauek gainera, bizitzan zehar aldatzen doaz. Gorputza dugunez, sexualitatea daukagu, hau da, gorputza sentitu eta bizitzen dugu. Gure gorputzarekin harreman bat eraikitzen joaten gara, gure neska eta mutil izateak eraikitzen dugu (gustuko ukimenak, nolako usaimenak gustatzen zaizkigun, ze sentitzen dugun toki zehatz batean laztantzerakoan, nolako praktika sexual gustatzen zaigun, norekin zein momentutan…)

Beraz gure sexualitatea gure gorputza neska edo mutil bezala nola bizitzen dugun izango litzateke. Honek askotan, gizartearen arauekin topo egingo du, gure gorputza bizi eta sentitzeko era ez delako gizarte horretan eramaten dena. Baina ezin ahaztu bakoitzari ondo egiten diona ez dela besteei gustatzen zaiona.

Beraz, ez ahaztu, norbera bakarra da, eta norberak bere gorputza bizitzeko era bat dauka.