Etiketaren artxiboa: pelikula

Nolako sexua ikusiko dugu ‘Fifty Shades of Grey’ pelikulan?

50Fifty Shades of Grey liburuan, Anastasia Steeleren eta Christian Greyren arteko sexu harremanak zentsurarik gabekoak dira; alegia, lizunak, pasioz josiak eta zehatz-mehatz deskribatuak.

Aitzitik, Jamie Dornan aktoreak desengainua eragin du jarraitzaileen artean, aurki estreinatuko duten pelikulan sexu agerraldiak hain “ausartak” izango ez direla esan ostean.

GQ Magazzine aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean egin ditu adierazpen hauek, eta argi utzi du filmak ez duela sexu espliziturik izango: “Nolabait mugak gaindituko ditu, baina aldi berean zinema aretoak bete nahi dituzte, eta ezin diote publikoari hutsik egin. Horregatik, ikusteko moduko pelikula bat izan behar da”, esan du.

Gainera, Christian Greyren papera egingo duen aktoreak aitortu du hala izango ez balitz ez lukeela pelikulan parte hartuko. “Jende gehienak ikus dezakeen zerbait egin behar da”, erantsi du.

Hortaz, pelikulako sexu eszenak ez dira liburuan kontatzen direnen parean egongo, eta hori jakinda, lasaitu ederra hartuko dute Dakota Johnson aktorearen gurasoek. Izan ere, behin baino gehiagotan azpimarratu dute ez dutela filma ikusiko.

Bestalde, biluzik azaltzearen inguruan galdetuta, lasai asko agertu da Jamie Dornan: “Ez dit lotsarik ematen. Lana da, lan arraroa beharbada, baina lana”.

Gogoratu, aurreikusitakoaren arabera, Fifty Shades of Grey 2015eko otsailaren 13an helduko dela pantaila-handira.