Gizon guztiek ikusten dute pornografia

Montrealeko Unibertsixxxtatean ikerketa konparatibo bat egin behar zuten pornografia kontsumitzen duten gizonen eta kontsumitzen ez dutenen artean. Ezinezkoa izan da ordea ikerketa aurrera eramatea; izan ere, ez dute aurkitu inoiz pornografiara jo ez duen gizonik.

“Ikerketa inoiz pornografia kontsumitu ez duten 20 urte inguruko gizonekin hasi nahi genuen. Ez genuen bakarra ere aurkitu”, esan du Simon Louis Lajeunesse irakasleak, ikerketaren egileak.

Dena den, ikertzaileen ahaleginak ez dira ezerezean gelditu. Pornografia kontsumitzen duten gizonen ohiturak aztertu ahal izan dituzte (ikertzaileen arabera, denak). Pornografia ikusten duten unibertsitateko ikasleak elkarrizketatu ostean, lehen aldiz pornoa kontsumitzeko batez besteko adina hamar urte direla ondorioztatu du Lajeunessek.

Kontsumoaren % 90 Internet bidezkoa da eta gainerako % 10a bideoklubeko materialen eta erositako produktuen bidezkoa. Ikertzaileek diotenez, kontsumitzaileek gustuko dituzten ohitura eta zaletasun sexualekin bat egiten dituzte ikusitako materialek. Gainera, orokorrean, iraingarriak izan daitezkeen bideo pornografikoak gaitzetsi egiten dituzte.

Batez bestez, astean hiru egunetan banaturik 40 minutuz kontsumitzen dute bikotekide gabeko gizonek eta bikotedunek, berriz, 20 minutuz.

“Ez da ezer patologikoa. Izan ere, euren jarduera sexual guztiak nahiko ohikoak ziren. Pornografiak ez du haiek emakumeen inguruan duten ikuspuntua aldatu, ezta haiekiko harremanak ere. Denek nahi dute bikotekide sano, atsegin eta ahal bezain ona edukitzea”, adierazi dute ikertzaileek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude