“Masturbazioak heriotza ekar dezake?”

Osteguna, eta Olatz Berastegi sexologoa erantzun berri batekin datorkigu. Baina zer galdetu dute oraingoan gure irakurleek? Adi!

“David Carradinen heriotza dela eta zurrumurru asko entzun dira. Egia da masturbatzen zegoenean hil zela? Nolatan da posible? Masturbazioak heriotza eragin dezake?”.

Eta beti bezala, Olatzek argi eta garbi erantzun du ‘Eingo al deu’ sexu-blogeko irakurlearen zalantza:

“Dakizuen bezala David Carradine aktorea masturbatzen ari zela hil zen, asfixiatuta. Heriotza honen inguruan hipotesi ezberdinak sortu dira eta nik ezin dut hipotesi horien artean egiazkoa zein den argitu, baina bai, sexu-praktika horren inguruko xehetasunak eman.

Herrialde askotan hipoxifilia izenez ezagutzen da praktika hau, baina, lekuaren arabera, beste izen batzuk ere hartzen ditu: asfixiofilia edota asfixia erotikoa, adibidez. Zehazki, sexu-harremanak mantentzen diren bitartean norberaren edo bikotearen arnasketa oztopatzean oinarritzen da masturbazio mota hau.

Hain zuzen ere, orgasmoa hobetzeko oztopatzen da arnasa. Praktika arriskutsua da, ondo kontrolatzen ez bada, ondorio negatiboak ekar ditzakeelako. Izan ere, kitzikatuta gaudenean gure bihotzaren erritmoa areagotu egiten da eta orgasmora iristen ari garenean oso garrantzitsua da gorputza oxigenatuta egotea.

Beraz, mota horretako sexu-harremanak praktikatzean garrantzia handia dauka kontrola ez galtzeak, ziur egoteak eta bi pertsonen artean egiten denean, bien oniritzia izateak.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude