Monthly Archives: December 2010

Hausturen hilabetea

Azken aldian bikote batzuk albiste izan dira, euren harremanak amaitzea erabaki dutelako. Haustura horien arrazoiak, bizitza errealean gertatzen den bezala, askotarikoak izan daitezke: desleialtasunak, amodioa bukatzea, konfiantza eza…

Egun hauetan izan diren berrien arabera, hauek izan dira apurtutako bikote batzuk: Rihanna eta Matt Kemp, Scarlett Johansson eta Ryan Reynolds, eta Zac Efron eta Vanessa Hudgens, besteak beste.

Lehenengo bikoteari dagokionez, euren harremana haustearen arrazoi nagusia desleialtasunak izan dira. AEBetako prentsak adierazi duenez, abeslaria eta beisbol jokalariaren arteko maitasuna amaitu da,bien arteko desleialtasunak direla eta.

Scarlett Johanssonsen eta Ryan Reynoldsen erlazioaren amaieraren berri People aldizkariak eman zuen. Orain dela bi urte ezkondu zen bikotea, eta erabakia hartzea zaila izan den arren, harremana haustea erabaki dute, xehetasun gehiagorik eman gabe.

Zac Efron eta Vanessa Hudgens izan dira horrelako berri bat nagusitu duten azkenak. Biek Disney faktoriako kide izan ziren, eta bertan ezagutu zuten elkar. Lau urte egon dira elkarrekin, baina istorio guztiek dute amaiera eta horrela izan da oraingoan ere.

Bi gazteen lagun batek adierazi duenez, biak lagunak izaten jarraitzen dute. Dena den, denborarekin ikusi beharko da horrela den ala ez. Lagun horrek esandakoaren arabera, ez da hirugarren pertsona bat egon Efronen eta Hudgensen artean. Maitasuna amaitu da, besterik ez. Baina tira, auskalo. Beste lagun batzuen arabera, berriz ekin diezaiokete harremanari. Hori da bueltaka ibiltzeko gogoa!

Bikoteen hausturak nagusi izan dira epe motz honetan, eta bolada honek horrela jarraituz gero, adi egon beharko dugu! Urte berria gainean dugu, eta agian hori izan daiteke arrazoietako bat… Agian urte berriarekin batera bizitza aldatzeko beharra izango dute eta…

Iban Garate, komunikatzaile hutsa

Iban Garate

Pertsona batzuk komunikabideetarako eginda daude, eta horietako bat da Iban, nahiz eta berak ekonomia gustuko izan. Halako erraztasuna du hitz egiterakoan! Hain da alaia eta berritsua parrandazalea izango zela uste nuela, baina ez, mutil zintzoa da, langilea eta formala, eta neskalaguna du. Neska nor den ez zidan esan, baina irratian lan egiten duela bai. Nafarroako unibertsitatean ikasketak egin zituen lan egiten zuen bitartean, eta orain ekoiztetxe bat sortu du, Tuntuxa, beste bi lagunekin batera.

Iban Garateri elkarrizketa egitea oso atsegina izan zen, denbora guztian irribarrea ahoan izan nuen. Gorka Otxoarekin gertatu zitzaidan bezala, poteatzera irteteko modukoa dela iruditu zitzaidan. Bai, hau ere bere neskalagunarekin.

Oreka TX, Igor Otxoa ttakun ttakun

Oreka Tx

Oreka Tx taldeko (orain hiru dira eta) Igor Otxoa elkarrizketatu nuenean kristoren elkarrizketa luzea atera zitzaidan. Pilo bat moztu nuen eta, hala ere, txapa itzela atera zen. Kontua da nik txalapartaren mundua pixka bat ezagutzen dudala eta gaia interesatzen zitzaidan, baina beste edozeinentzat ulertzen dut gehiegizkoa dela. Agian interesgarriagoa izango zen elkarrizketa kontu oso musikalak edo profesionalak alde batera utzita… Dena dela, tipo jatorra da Igor (ile motza duena), agian elkarrizketa amaitu genuenean jatorragoa izan zen, taldean bera baita elkarrizketak egiteko ardura duena eta ikusten da ohituta dagoela, beraz, betikoa errepikatzera mugatu zela ematen du, ez?

Barreak bota genituen txalaparta eta sexua alderatu zituenean. Politagoa izango zen elkarrizketa bideo moduan egitea, txalaparta jotzen… Egia, pasatu naiz.

Gorka Otxoa, aktore euskalduna

Gorka Otxoa

Batzuetan, elkarrizketa bat amaitu eta, bakarrik nagoela, “Bai, jatorra!” esaten dut ozenki. Hauxe da kasu horietako bat. Gorka Otxoari elkarrizketa egitea Madrilera lanera joandako zure koadrilako lagun batekin hizketan egotea bezalakoa da. Egia esan behar badut, nagia ematen zidan elkarrizketa egitea, “pailazo” tipikoa zela uste nuelako; baina ez da, ez. Oso mutil jatorra da, eta gauzak oso modu naturalean kontatzen ditu. Bere neskarekin, Eva Ugarterekin oso maiteminduta dagoela sumatzen da, etengabe aipatzen du eta. Hori bai, zelan ligatu zuen galdetu nionean (Pagafantas filmaren harira) oso ondo jakin zuen ezer kontatu barik erantzutea, baina zakarra izan gabe.

Deigarria iruditu zitzaidan psikologia ikasketak amaituta dituela eta amaitu ondoren ere psikologiari buruzko ikastaroak egin izan dituela. Baita bizitza osoa euskal dantza talde batean ibili dela (Kresala) eta Madrilera joan zenean ere Donostiara bueltatzen zela dantzatzera. Bere Madrileko lagunak euskaldunak direla kontatu zidan, eta ahal duen guztietan igotzen dela Donostiara. Elkarrizketa egin aurreko asteburuan etxean egonda zen eta hurrengoan ere joateko asmoa zuen, Reala eta Athleticen arteko derbya Anoetan ikustera. Irrikan zegoen. Tira, Madrilera banoa poteak hartzera joateko deituko dut. Bera, bere lagunak, eta, nola ez, bere neska.

Joaquin Achucarro, pianista eta gizon prestua

Joaquin Achucarro Leioako etxeko aldapa igotzen. J. L. Nocitoren argazkia.

Bere lanerako/pasiorako bizi den jendea miresten dut. Horren adibidea dira Virginia Berasategi, Benito Lertxundi, Lucia Lacarra eta baita Joaquin Achucarro ere. Hobetzeko asmoz edo lortutako mailari eusteko, eguneko ordu guztiak ematen dituzte praktikatzen. Baina, gainera, Joaquin Achucarrok ia 80 urte ditu eta oso gizon aktiboa da. Igeri egiten du, bizikletaz ibiltzen da, Dallasen eskolak ematen ditu, kontzertuak eskaintzen ditu, CDak grabatzen ditu, eta horrez gain, teknologiari dagokionez den-dena daki. Hori bai, esan zidanez, inoiz ez du telebista ikusten. Normala denez, zenbait gauza baztertu behar izan ditu.

Joaquin Achucarrori elkarrizketa egin nionean, Leioan duen etxean zegoen, Emma emaztearekin. Dallasetik etorri berriak ziren eta hurrengo egunean Sevillara abiatu behar ziren, bertan kontzertua eskaini behar zuen eta. Ez da gelditzen. Elkarrizketa irakurtzen baduzue ikusiko duzue zelako agenda duen; aipatzen entzutea soilik nekagarria da. Baina ez zion elkarrizketari ezetzik esan, asko hitz egiten du eta gizon zintzoa da. Zer gehiago eska dezaket?

Barreak Alex de la Iglesiarekin

Alex de la Iglesia eta bere emaztea

Alex de la Iglesiari elkarrizketa egin nionean kristoren barreak egin nituen. Berak baino ezin ditu erantzun erantzun zizkidanak. Aurten irabazitako sariei buruz ari nintzela, ea zer gehiago eska zezakeen galdetu nion eta berak “orgia bat birjinekin, gastu guztiak ordainduta” erantzun zidan. Zine Akademiako presidenteak berak! Zelako erantzuna!. Nik txikitan ezagutu nuen, izan ere, nire lagun bat Jorge Gerrikaetxebarria bere lagun-min eta lankidearen iloba da. Gogoratzen dut oso bitxiak iruditzen zitzaizkidala komikiak asko atsegin zituztelako eta ezagutzen nituen beste nerabeak bezalakoak ez zirelako, beti itxuraz eta ligatzeaz arduratuta. Gero, nagusiagoa nintzela, Borja Crespo, Koldo Serra eta abarrekin egon izan naiz, eta estilo berekoak direla uste dut.

Baina Alex de la Iglesiarengandik gehien gustatzen zaidana (bere filmak alde batera utzita) zera da: status bategatik ez dela “saltzen”. Pentsatzen duena esaten du, nahiz eta horrelakorik esatea inork ez espero. Hori atsegin dut, horregatik geratu nintzen pozik elkarrizketarekin. Bestalde, asko gustatzen zait pertsonaia ezagunak seme-alabekin imajinatzea. Alex de la Iglesia bere alaba biekin imajinatzen duzue? Elkarrizketan esan zidanez, filmak ikustea atsegin dute eta aitarenak ikusi nahi dituzte, baina berak ezetz esaten die: “Ezetzzzzzz, ez zaizkizuela gustatuko”. Aita gore bat izatea onena da.

Mikel Erentxunen alderik ezezagunena

Mail bidez egin behar izan nion Mikel Erentxuni elkarrizketa, horrela eskatu baitzidan bere agenteak. Badakizue ez dudala atsegin elkarrizketak mailez egitea, naturaltasuna galtzen delako; baina nahiko ondo geratu zela uste dut. Lau egun lehenago bere laugarren semea jaio zen, Mael, (aurretik Aitor, Claudia eta Siena zituen) bere bigarren emaztearen bigarren haurra. Hala eta guztiz ere, berehala erantzun zidan.

Mikel Erentxun eta Mael, bere semea

Oso deigarria iruditzen zait telebistan ikusten dugun abeslaria eta seme-alabekin Donostian bizi den gizon hura pertsona bera izatea, hiriko kaleetan barrena korrika egitera irteten den hura, Behobia- San Sebastian lasterketan parte hartzen duen hura… Gizon arrunta sentitzen dela esan zidan, oholtzaren gainean dagoenean salbu. Bere euskal aldea beti presente izan duela ere esan zidan. Ez dakit nik ba…

Elkarrizketarako ikertzen ari nintzela, arkitektura ikasketak bukatu zituela jakin nuen, baita argazkilaria dela, idazteko ohitura duela (baita gidoiak ere), larruzko jaka eta bota zaharren bilduma duela, tatuaje mordoa daukala… Ezusteko positiboa hartu dut, munduko alaiena ez bada ere, nahiko jatorra da. “Lau Teilatu” abestiari buruz galdetuta, berriz ere euskaraz abestuko duela esan zidan. Sinesten al duzue?

La Otxoa Jose Antonio Nielfa da

Jose Antonio Nielfa jatorri umileko gizona da, eta nabarmena da hori. Bere naturaltasunean nabaritzen da, bere hurbiltasunean, eta baita hizkeran ere. Ia umea zela hasi zen lanean familiak eramaten zuen tabernan, Bilboko San Francisco auzoan. Garai horri buruz hitz egiten duenean malenkonia igartzen zaio. Azaldu zidanez, orduan, auzo guztia familia zabal baten modukoa zen. Abeslaria izan nahi eta Bartzelonara alde egin zuen. Bertan transformismoaren mundua ezagutu zuen, eta orduan konturatu zen nahiago zuela emakume moduan abestea gizon moduan baino. Gaur arte. Baina Jose Antoniok argi utzi zidan berak ez duela inoiz emakumea izateko nahia izan, La Otxoa bere alter ego artistikoa baino ez dela.

Jose Antonio Nielfa, La Otxoa

Bizitza osoa oholtzen gainean, baina baita barraren bestaldean eman ostean, laster utziko du bere pub ospetsua, Bilboko pertsonai ezagunen topagunea, eta Buenos Airesen duen etxean hartuko du erretiroa. Hala ere, esan zidanez, La Otxoak ez du inoiz erretiroa hartuko. Jose Antonio Nielfari elkarrizketa egin nionean familia gizona iruditu zitzaidan, oso langilea. La Otxoari elkarrizketa egiten diodanean, orduan kontatuko dizuet zer iruditu zaidan.

Benito Lertxundi, musikari eta poeta % 100ean

Benito gaixorik zegoela esan zidaten, baina ez nion ezer aipatu nahi izan. Hala eta guztiz ere, niri ez zitzaidan horrelakorik iruditu. Olatzek, bere emazteak, erantzun zuen telefonoa, eta berari pasatu zion. Berehala onartu zuen elkarrizketa eta luze hitz egin genuen. Ez zuen behin ere elkarrizketaren haria galdu, ezta antzekorik ere. Hori bai, bere munduan bizi den artista horietako bat dela iruditu zitzaidan. Ez du bere bizitza egiten eta ordu batzuk musikagintzan eman; musika bere bizitza da. Hortaz, Benito Lertxundiri elkarrizketa egiten ari nintzela, inoiz erretiroa hartuko ote duen galdetu nionean, ea orduan zer egingo zuen erantzun zidan.

Benito Lertxundi

Bere alabari buruz ere mintzatu ginen, musikarako ahalmen handia badu ere, lantzea ez du gehiegi gogoko, eta horrek Benito kezkatzen duela iruditu zitzaidan, baita pena eman ere. Orioko abeslariak suabe eta astiro hitz egiten du, eta bere munduan bizi dela ematen du, besteengandik aparte. Beste artista batzuekin harreman askorik ez duela esan zidan; nahiko bakartia dela. Bere lanean islatzen den poeta ukitu hori dauka. Benito musikarako eta musikagatik bizi da; bere abestiak entzuterik baino ez dago hori egiaztatzeko.

Anjel Alkain, umorea lanerako da

Anjel Alkain eta Aitor Gabilondo

Komikoekin gertatzen da denbora guztian barregarriak izatea espero dugula, eta ez du zertan horrela izan behar. Are gehiago, horrela izanez gero, jasangaitza izango litzateke. Anjel Alkaini elkarrizketa egin nionean tipo normala iruditu zitzaidan. Galderak erantzun zituen, lan egiten egongo bazen bezala. Ez dut uste bere burua aktore dramatikotzat duenik, eta ez da hori bere helburua. Komikoa da, lan egitea du helburu, eta horretarako borrokan ari da. Egia esan, nahiko ondo joan zaio…

Nirekin oso zuzena eta nahiko jatorra izan zen, baina barregarria izan gabe. Bere lana, lana baino ez dela badakiela uste du. Hori bai, Radio Euskadiko “Antes de mirar cruzar” saioan entzuten dudanean, nik barreak botatzen ditut. Elkarrizketatu nuen pertsona bera denik ezin dut sinetsi. Agian, ez da hain aktore txarra izango