Monthly Archives: May 2012

Rihanna, ihesi, Hollywoodeko kaleetan barrena

Rihanna. Argazkia: EFE

Norengandik ihesi ibili zen Rihanna Los Angeles aldean? Antza denez, ez du Chris Brown bere senargai ohiari buruz ezer jakin nahi, eta hurbil zegoela jakin bezain pronto, arrapaladan alde egin zuen.

Azkenaldian ohikoa den eran, Rihannak afaltzera irteteko plana egin zuen Taylor Swift bere lagunarekin. Santa Monicako luxuzko jatetxe batean adostu zuten hitzordua. Elkarrekin afaldu eta gero, country abeslariak etxera joatea erabaki zuen.

Rihanna, ordea, etxera joan, arropa aldatu, eta Hollywoodeko lokal ezagun batera abiatu zen. Han zituen zain bere lagunak. Bertan hogei minutu baino igaro ez zituen igaro. Dirudienez, Chris Brown alboko klubean zebilela jakin ostean, alde egitea erabaki zuen Barbadoseko artistak.

Elkarrekin igarotako denborak ez du, antza, harreman onik utzi.

Non igarotzen dute uda famatuek?

Oporretara nora joan ez badakizu, adi irakurri ondorengo proposamenak! Pertsonaia ospetsuek gustukoen dituzten paradisuak aztertuko ditugu gure txutxumutxuen blogean.

Famatuen opor-lekuak. Argazkia: Divitiny

Has gaitezen Mediterraneo aldetik eta goazen Kosta Urdinaren eremura. Frantziako hego-ekialdean, famatuz beteriko txoko ugari aukeratu ditzakegu, dotoreak eta sofistikatuak guztiak: Niza, Monte-Carlo eta Saint Tropez, besteak beste. Litekeena da Paris Hilton, Huge Jackman eta Jordaniako Rania erreginarekin topo egitea hango hondartzetan!

Italiako kostaldea nahiago dutenak ere badaude. Mika abeslaria, Carla Bruni eta Heidi Klum sarri ikusiko ditugu Caprin, Korsikan edo Portofinon. Hiri horietako kale xarmangarriek eta ur gardenak pertsonaia ezagun asko erakartzen dituzte.

Ozeanoaren bestaldera bidaia eginda, The Hamptons paradisua dago, New York hiritik ordu bakarrera. Luxua da nagusi bertan, eta oso gustuko dute Madonnak eta Jon Bon Jovik, adibidez.

Hurbilago, Cadizeko hondartzetan ibiliz gero, famatu bat baino gehiagorekin egingo dugu topo ziur. Zahara de los Atunes, Caños de Meca edo Barbate herrietako giroa atsegin dute, esate baterako, Miguel Angel Silvestre eta Blanca Suarez aktoreek.

Orain informazioa aztertu eta tokia aukeratzea baino ez zaizu geratzen uda interesgarri eta sofistikatua igarotzeko.

Ustekabeko ezkontza

Alejandro Sanz eta Raquel Perera. Argazkia: Getty

Inork espero ez zuen berria eman digute Alejandro Sanz abeslariak eta Raquel Pererak: ezkondu egin dira! Joan den larunbatean izan zen, Caceresen duten finkan. Hala baieztatu du ¡Hola! aldizkariak.

Gonbidatu ezagun ugari izan ziren bertan: Paulina Rubio, Antonio Carmona eta Elena Tablada, beste hainbat lagun eta familiartekoren artean. Guztiak zur eta lur geratu ziren. Izan ere, hasiera batean, bikotearen semearen bataioa soilik zuten ospatzekoa. Azkenean, ordea, ospakizuna bikoitza izan zen! Twitter sare sozialaren bidez larunbat gauean bizi izandako une hunkigarriak deskribatu dituzte han izandako askok.

Alejandro Sanzek eta Raquel Pererak 2007an ekin zioten elkarren arteko harremanari, lan kontuak medio, ezagutu zirenean. 2011ko uztailean jaio zen Dylan eta joan den larunbatean, ezkontza iritsi zen.

Rihanna, maiteminduta?

Azkenaldian Rihannaren izena sarri entzuten ari gara, arrazoi asko direla medio. Orain amodio kontuak izango ditugu hizpide. Badirudi Barbadoseko abeslaria New Yorken ikusi dutela parrandan eta mutil berri baten konpainian, gainera.

Rihanna eta JR Smith. Argazkia: OMG

Nor izango ote da Rihannaren konkista berria? NBAko saskibaloi jokalari bat aukeratu du, J.R. Smith, hain zuzen ere. Hedabide amerikarren arabera, gau osoa igaro zuten elkarrekin, eskutik helduta.

J.R. Smith pertsonaia ezaguna da Ameriketako Estatu Batuetan hainbat iskabilatan protagonista izateagatik eta ez egindako kirol-lorpenengatik.

Ez dakigu zertan geratuko den istorioa. Denborak baino ez digu esango gau bateko kontua izan ote den ala bikotea osatuko duten. Auskalo!

Pique eta Bar Refaeli, bikote berria?

Azken egunotan zurrumurru ugari entzuten ari gara Gerard Piquek eta Shakirak osatzen duten bikotearen inguruan. Izan ere, ez omen dira une zoriontsua igarotzen ari eta harremana eten dutela ere esan dute hainbat hedabidek.

Gerard Pique eta Bar Refaeli. Argazkia: Getty

Oraingoan, beste datu berri bat ezagutu dugu. Luis Mariñas kazetariak La Razon egunkarian esandakoaren arabera, Bar Refaeli modelo israeldarra eta Bartzelonako futbolaria elkarrekin ikusi dituzte. Antza denez, Errege Koparen finalerdia ikusten izan zen Refaeli Nou Camp-en.

Shakirak eta Piquek orain dela pare bat urte ekin zioten amodiozko istorioari. Hasieran baieztatu ez zuten arren, denborak aurrera egin ahala ezin izan zuten ezkutuan mantendu luzaroan.

Orduz gero, Kataluniako futbolaria eta abeslari kolonbiarra beti agertu dira zoriontsu eta maiteminduta. Orain, denborak baino ez digu baieztatu edo ezeztatuko azken esames hori.

Angelina Joliek helikoptero bat oparitu dio Brad Pitti

Ez dute ezer berezirik ospatu, baina Angelina Joliek bere primerako oparia egin dio Brad Pitt senargaiari: helikoptero bat.

Bikoteak Frantzian daukan luxuzko etxean, heliportu bat dago eta helikoptero bat erostea erabaki du Angelinak, , hori aprobetxatuta. Dirudienez, Brad Pittek pilotu lizentzia dauka baina praktikatzea falta zaio eta horregatik erosi dio bere bikotekideak opari hori.

Bikotekideen inguruko pertsona baten arabera, milioi bat euro baino gehiago ordaindu du aktore ezagunak helikopteroaren truke, baina probetxua ateratzea espero du. Dirudienez, Frantziatik bidaiatzea atsegin du bikoteak, batez ere Cannesera, eta horretarako erabiliko dute.

Shakira, oso jeloskor

Shakira eta Pique. Argazkia: Getty.

Shakira eta Piqueren artean arazoak sortu omen dira azkenaldian. Intouch aldizkariak dioenez, abeslaria oso jeloskor dago bere mutil-lagunaren mugikorrean aurkitutako argazki batzuk direla eta.

Dirudienez, Piquek eta bere lagunek modelo ezagunen argazkiak trukatzen dituzte noizbehinka mugikorraren bitartez, eta Shakirak ez du batere gustuko futbolariaren ohitura hori.

Ondorioz, kolonbiarra Piqueren mugikorra kontrolatzen hasi da, eta etengabe gainbegiratzen ditu bere mutil-lagunak jasotzen dituen mezu eta irudiak. Bikotearen inguruko pertsona baten arabera, Piqueren lagunek ez dute batere ondo ikusten abeslariaren jeloskortasuna eta bere mugikorra begiratzea eragoztea gomendatu diote Bartzelonako jokalariari.

Asteotan, bikotea garai latza pasatzen ari dela zioten zurrumurru ugari izan dira; krisian egongo ote da Shakira eta Piqueren arteko harremana?

Selena Gomez, neska batekin musuka

Selena Gomezek Disney pelikuletan zeukan itxura otzana alde batera utzi nahi du eta horren adibide da bere azken pelikula: Spring Breaker.

Bertan, abeslari eta aktorearen alde bihurriena ikusiko dugu unibertsitateko ikasle problematiko batena egiten. Hori dela eta, parrandan ikusiko dugu; alkohola edaten, zigarroak erretzen eta, argazkian ikusten den moduan, neska bat musukatzen.

Aktore gazteak adierazi duenaren arabera, jarraitzaileak harrituta utziko ditu film horrekin. Izan ere, berarekin alderatuta izaera oso ezberdina daukan neska baten papera egiten du. Horregatik, elkarrizketa batean aitortu duenez, bere lankideek erretzen irakatsi behar izan zioten filmeko eszena bat grabatu ahal izateko. Erretzen zuen lehenengo aldia omen zelako.

Badirudi Selena oso pozik egon dela filmaren grabazioan, etengabe igo baititu Twitterren daukan orrialdera bere lankideekin ateratako argazkiak. Parte hartu duten aktore ezagunen artean, Vanessa Hudgens, Ashley Benson eta James Franco daude.

Jennifer Lopez eta Casper Smart, elkarrekin, telebistan!

Jennifer Lopez eta Casper Smart. Argazkia: Fox

Jennifer Lopez eta Casper Smart dantzaria batera agertu dira lehen aldiz telebistan. AEBtako ‘Americal Idol’ saioan izan da eta sentitzen duten pasioa agerian geratu da emanaldian.

Bikote zirela jakinarazi zutenez gero, ez ditugu sekula telebistan batera ikusi, orain arte. Dance Again abestiaren doinuak izan dituzte lagun emanaldian. Zeresan handia eragin du agerraldi publiko horrek, inork ez zuelako espero.

Izan ere, gutxik uste zuten Jennifer Lopezek intimidadearen muga hori gaindituko zuenik. Azkenean, ordea, hala izan da eta bere bikotekideari batera dantza egiteko gonbitea luzatu dio jendaurrean. Gainera, maitasun eta konplizitate keinuak nabarmenak izan dira.

Edozein neska bisexual bihurtu omen dezake Rihannak

Rihanna

Abesteko duen gaitasuna agerian utzi du orain arte Barbadoseko artista ezagunak. Horrez gain, ordea, bestelako abileziak ere ba omen ditu edo hori eman du aditzera, bederen, Twiter sare sozialean egindako azken adierazpenetan.

Izan ere, berarekin egoten den edozein neska heterosexualen gustuak alda ditzake eta bisexual bihurtu, bizitako esperientziaren ostean.

Baieztapen horrek polemika eragin du oraingoan ere, azkenaldian esaten duen guztiarekin gertatzen den antzera. Are gehiago, kontuan hartuta Rihannaren sexu-aukeren inguruan hor zehar dabiltzan esamesak ugari direla.