Tag Archives: zinema

Iban Garate, komunikatzaile hutsa

Iban Garate

Pertsona batzuk komunikabideetarako eginda daude, eta horietako bat da Iban, nahiz eta berak ekonomia gustuko izan. Halako erraztasuna du hitz egiterakoan! Hain da alaia eta berritsua parrandazalea izango zela uste nuela, baina ez, mutil zintzoa da, langilea eta formala, eta neskalaguna du. Neska nor den ez zidan esan, baina irratian lan egiten duela bai. Nafarroako unibertsitatean ikasketak egin zituen lan egiten zuen bitartean, eta orain ekoiztetxe bat sortu du, Tuntuxa, beste bi lagunekin batera.

Iban Garateri elkarrizketa egitea oso atsegina izan zen, denbora guztian irribarrea ahoan izan nuen. Gorka Otxoarekin gertatu zitzaidan bezala, poteatzera irteteko modukoa dela iruditu zitzaidan. Bai, hau ere bere neskalagunarekin.

Gorka Otxoa, aktore euskalduna

Gorka Otxoa

Batzuetan, elkarrizketa bat amaitu eta, bakarrik nagoela, “Bai, jatorra!” esaten dut ozenki. Hauxe da kasu horietako bat. Gorka Otxoari elkarrizketa egitea Madrilera lanera joandako zure koadrilako lagun batekin hizketan egotea bezalakoa da. Egia esan behar badut, nagia ematen zidan elkarrizketa egitea, “pailazo” tipikoa zela uste nuelako; baina ez da, ez. Oso mutil jatorra da, eta gauzak oso modu naturalean kontatzen ditu. Bere neskarekin, Eva Ugarterekin oso maiteminduta dagoela sumatzen da, etengabe aipatzen du eta. Hori bai, zelan ligatu zuen galdetu nionean (Pagafantas filmaren harira) oso ondo jakin zuen ezer kontatu barik erantzutea, baina zakarra izan gabe.

Deigarria iruditu zitzaidan psikologia ikasketak amaituta dituela eta amaitu ondoren ere psikologiari buruzko ikastaroak egin izan dituela. Baita bizitza osoa euskal dantza talde batean ibili dela (Kresala) eta Madrilera joan zenean ere Donostiara bueltatzen zela dantzatzera. Bere Madrileko lagunak euskaldunak direla kontatu zidan, eta ahal duen guztietan igotzen dela Donostiara. Elkarrizketa egin aurreko asteburuan etxean egonda zen eta hurrengoan ere joateko asmoa zuen, Reala eta Athleticen arteko derbya Anoetan ikustera. Irrikan zegoen. Tira, Madrilera banoa poteak hartzera joateko deituko dut. Bera, bere lagunak, eta, nola ez, bere neska.

Barreak Alex de la Iglesiarekin

Alex de la Iglesia eta bere emaztea

Alex de la Iglesiari elkarrizketa egin nionean kristoren barreak egin nituen. Berak baino ezin ditu erantzun erantzun zizkidanak. Aurten irabazitako sariei buruz ari nintzela, ea zer gehiago eska zezakeen galdetu nion eta berak “orgia bat birjinekin, gastu guztiak ordainduta” erantzun zidan. Zine Akademiako presidenteak berak! Zelako erantzuna!. Nik txikitan ezagutu nuen, izan ere, nire lagun bat Jorge Gerrikaetxebarria bere lagun-min eta lankidearen iloba da. Gogoratzen dut oso bitxiak iruditzen zitzaizkidala komikiak asko atsegin zituztelako eta ezagutzen nituen beste nerabeak bezalakoak ez zirelako, beti itxuraz eta ligatzeaz arduratuta. Gero, nagusiagoa nintzela, Borja Crespo, Koldo Serra eta abarrekin egon izan naiz, eta estilo berekoak direla uste dut.

Baina Alex de la Iglesiarengandik gehien gustatzen zaidana (bere filmak alde batera utzita) zera da: status bategatik ez dela “saltzen”. Pentsatzen duena esaten du, nahiz eta horrelakorik esatea inork ez espero. Hori atsegin dut, horregatik geratu nintzen pozik elkarrizketarekin. Bestalde, asko gustatzen zait pertsonaia ezagunak seme-alabekin imajinatzea. Alex de la Iglesia bere alaba biekin imajinatzen duzue? Elkarrizketan esan zidanez, filmak ikustea atsegin dute eta aitarenak ikusi nahi dituzte, baina berak ezetz esaten die: “Ezetzzzzzz, ez zaizkizuela gustatuko”. Aita gore bat izatea onena da.

Unax Ugalde, ederra baina txepela

Unax Ugalderen agentearekin harremanetan jarri nintzenean atzerrian filmatzen zegoela esan zidan, eta azaroaren erdialdean itzuliko zela. Baina azaroaren hasieran, lagun batzuekin afaltzera irten nintzen eta afalondoan, Kafe Antzokian, goizaldeko 3:00etan, Unax Ugalde topatu nuen (gorra zeramala).

Unax Ugalde

Hurbildu nintzaion eta bere agentearekin hitz egin nuela azaldu nion, kanpoan zela esan eta azaroaren erdialdean deitzeko proposatu zidala, baina ikusten nuenez hemendik zebilen, beraz… “Noiz lotuko gara?”, galdetu nion. Aste horretan ez deitzeko eskatu zidan, ondorengoan hitz egingo genuela. Horixe egin nuen eta azaroaren erdialdean egin nion Unax Ugalderi elkarrizketa.

Egia esan, ilusioa galarazi zidan. Erantzunak prestatuta zituela ematen zuen. “Nik betikoa esango dut eta ea laster bukatzen dugun” jarreratik ezin izan nuen atera. Hain da ederra… ezin zuen dena izan. Norbaiti ez bazaio axola txepela izatea…bere zenbakia daukat!

Ibarretxe anaiak, euskal zineman “mitologia”

Ibarretxe anaiak Un mundo casi perfecto-ren filmaketan

Ibarretxe anaiek nahiko bereziak direla entzunda daukat; hortaz, elkarrizketatik edozein gauza espero nuen. Hori bai, ezagutzen dituzten guztiek ederki hitz egiten dute Ibarretxetarrei buruz. Duela gutxi, Alex de la Iglesiari egin nion elkarrizketan, zuzendari bilbotarrak “mitologia” direla esan zuen.

Baina ez zen hainbesterako izan. Javier Ibarretxeri egin nion elkarrizketa, produkzio gaiak kudeatzen dituen anaia, eta Javier ez da besteak bezain “bitxia”, nolabait esateko. Hori bai, hitz egin, asko hitz egiten du. Eta etengabe aldatzen du gaia. Kazetari baten amesgaiztoa… Moztu eta itsatsi ibili behar izan nuen testuari zentzua emateko.

Zenbaitetan desilusioak hartu baditu ere, Javierrek jarrera positiboa eta aurrera jarraitzeko gogo handia duela iruditu zitzaidan. Euskadi ikus-entzunezko industria sortzeko gune egokia dela aldarrikatzen du, eta, aldi berean, Ibarretxe anaiek koprodukzioetan egiten dute lan. Gogoko dut bere filosofia hori eta emaitza onak izatea espero dut.

Alex de la Iglesiarekin harremana izateaz gain, Ibarretxetarrek Nacho Vigalondo, Borja Cobeaga eta talde horrekin guztiarekin ere badute harremana. Egia esan, elkarrekin imajinatzen ditut eta… Hau beldurra!

Un mundo casi perfecto Ibarretxe anaien azken pelikularen filmaketan egon ziren batzuek azaldu zidatenez, lagun eta senide ugari egon zen figurante lanak egiten. Adibidez, Rosak, euren ekoiztetxeko idazkariak (Armonika) ertzainaren papera egin du. Seguru barre algarak entzun zirela.

Ibarretxe anaiak, euskal zineman "mitologia"

Felix Linaresi elkarrizketa. Ezagunei segika ibiltzen hasi gara!

Pertsona ezagunak elkarrizketatzeari ekin behar nion, Euskal Herriko pertsonaia “ospetsuei”, eta “etxeko” norbaitekin hastea erabaki nuen, errazagoa izango zelakoan. Nor iruditzen zait interesgarria? Bada, Felix Linares. Oso jatorra zela esan zidaten, eta seguru nengoen, bistaz baino ez baninduen ezagutzen ere, korridoretik agurtu egiten ninduen. Emaila idatzi nion elkarrizketa eskatzeko eta honakoa erantzun zidan: “La haremos” (“Egingo dugu”). Zinematik aterata bezala.

Felix Linares

Felix Linares

Ordu zehatz batean sarrerako bilera gela batean biltzeko lotu ginen. Ahal izan zuen moduan egin zidan tartea, izan ere, Donostiako Zinemaldia hastekoa zen eta oso lanpetuta zebilen promozioak grabatzen eta Donostiara joan aurretik dena lotzen.

Hitzartutako ordua iritsi eta sarrerara joan nintzen. Harrerako neskek esan zidatenez, Felix nire bila agertu zen hainbat alditan, beraz, bere lekura joan nintzen, baita irratiko estudioetara ere, baina gurutzatu omen ginen eta ez nuen ikusi. Denbora luzez bere zain egon ostean, alde egitea erabaki nuen eta bere mahai ondotik pasatzean, han zegoen lanean. “Bakarrik utzi nauzu”, esan zidan. Barkamena eskatu nion eta hurrengo egunerako lotu ginen.

Ez zen arazorik egon eta ordu erdi baino gehiago egon ginen solasean. Oso naturala iruditu zitzaidan, eta, batez ere, bere lana maite duela sentitu nuen. Banekien – dokumentatzeko asmoz elkarrizketa asko irakurrita nituelako- zenbait gauza mila aldiz erantzun egin zituela, baina ez zirudien berriz azaltzeko arazorik zeukanik. Oso interesgarria izan zen; pena da gauza asko moztu behar izan nituela luzeegia izan ez zedin. Felix Linaresi egindako elkarrizketa zelan geratu zen irakur dezakezu eitb.com-en.