Gorka Otxoa, aktore euskalduna

Gorka Otxoa

Batzuetan, elkarrizketa bat amaitu eta, bakarrik nagoela, “Bai, jatorra!” esaten dut ozenki. Hauxe da kasu horietako bat. Gorka Otxoari elkarrizketa egitea Madrilera lanera joandako zure koadrilako lagun batekin hizketan egotea bezalakoa da. Egia esan behar badut, nagia ematen zidan elkarrizketa egitea, “pailazo” tipikoa zela uste nuelako; baina ez da, ez. Oso mutil jatorra da, eta gauzak oso modu naturalean kontatzen ditu. Bere neskarekin, Eva Ugarterekin oso maiteminduta dagoela sumatzen da, etengabe aipatzen du eta. Hori bai, zelan ligatu zuen galdetu nionean (Pagafantas filmaren harira) oso ondo jakin zuen ezer kontatu barik erantzutea, baina zakarra izan gabe.

Deigarria iruditu zitzaidan psikologia ikasketak amaituta dituela eta amaitu ondoren ere psikologiari buruzko ikastaroak egin izan dituela. Baita bizitza osoa euskal dantza talde batean ibili dela (Kresala) eta Madrilera joan zenean ere Donostiara bueltatzen zela dantzatzera. Bere Madrileko lagunak euskaldunak direla kontatu zidan, eta ahal duen guztietan igotzen dela Donostiara. Elkarrizketa egin aurreko asteburuan etxean egonda zen eta hurrengoan ere joateko asmoa zuen, Reala eta Athleticen arteko derbya Anoetan ikustera. Irrikan zegoen. Tira, Madrilera banoa poteak hartzera joateko deituko dut. Bera, bere lagunak, eta, nola ez, bere neska.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *