Monthly Archives: April 2012

Mila Kunis eta Ashton Kutcher lagunak baino ez

Ashton Kutcher eta Mila Kunis. Argazkia: NPG.com

Azken denboraldian zurrumurru ugari egon dira Mila Kunisen eta Ashton Kutcherren harremanaren inguruan. Asteburua elkarrekin pasatu du bikoteak Santa Barbaran (Kalifornia) eta hondartzatik paseatzen ikusi dituzte argazkilariek. Horren ondorioz, bien arteko harremanaren inguruko txutxumutxuak indartu dira.

Egoerarekin nazkatuta, Mila Kunisek zurrumurruak ezeztatu zituen. Aktoreak jakinarazi zuenez, bera eta Ashton Kutcher lagun minak dira eta ez dago bien arteko amodio konturik. “Ez dut inoiz nire bizitza pertsonalaren inguruko adierazpenik egin, baina zurrumurru horiek zentzugabeak dira”, adierazi du ukraniarrak.

Egoerarekin nazkatuta, Mila Kunisek zurrumurruak ezeztatu zituen. Aktoreak jakinarazi zuenez, bera eta Ashton Kutcher lagun minak dira eta ez dago bien arteko amodio konturik. “Ez dut inoiz nire bizitza pertsonalaren inguruko adierazpenik egin, baina zurrumurru horiek zentzugabeak dira”, adierazi du ukraniarrak.

Katy Perry gero eta maiteminduago

Katy Perry eta Robert Ackroyd. Argazkia: Splash News

Duela pare bat aste ikusi genituen elkarrekin lehenengo aldiz Coachella jaialdian, baina badirudi Katy Perry eta Robbert Ackroyden arteko harremana indartzen ari dela. Izan ere, The Sun egunkariak argitaratu duenaren arabera, dagoeneko abeslariaren hurbileko lagunak ezagutu ditu mutil-lagun berriak.

Dirudienez abeslariak Hollywoodeko Chateau Marmont luxuzko hotelean bildu zituen bere lagun minak Robbert Ackroyd ezagut zezaten. Horien artean, Johnnu Wujek estilista, eta Shannon Woodward eta Markus Mollinari aktoreak egon omen ziren.

Bikotearen hurbileko batek adierazi zuenez oso maitekor agertu zen bikotea abeslariaren lagunen aurrean. Gainera, elkar duela gutxi ezagutu zuten arren, Katy Perryk harremanak etorkizunean iraungo duela pentsatzen du, iturriaren esanetan.

Segur aski zuetako askok ez duzue Robbert Ackroyd ezagutuko, baina abeslariaren mutil-lagun berria musika munduan ezaguna da Florence and The Machine taldeko gitarra jotzailea delako.

Pakea izango omen da nagusi

Jennifer Lopez eta Marc Anthony. Argazkia: EFE

Jennifer Lopez eta Marc Anthonyk seme-alaben zaintza erdi-bana egiteko akordioa lortuko dutela adierazi dute. Hala, beraz, orain arte izandako eztabaidak amaitu direla dirudi.

Zurrumurruak etengabe entzun ditugu orain dela urte bete banandu egingo zirela jakinarazi zutenetik. Senar-ohiaren dirua baino nahi ez izatea leporatu diote askok Jennifer Lopezi. Artista estatubatuarrak, ordea, ezeztatu egin du guztia.

Ikusi egin beharko da orain nola antolatzen dituzten euren agendak haurrak maila berean zaintzeko.

Iker Casillas eta Sara Carbonero ez dira ezkonduko

Sara Carbonero eta Iker Casillas. Argazkia: Europa Press

Oraingoz ez dira ezkonduko, ez. Nahiz eta azken hilabeteotan asko izan diren horren inguruko zurrumurruak, ez da momentuz ezkontzarik izango. Hala baieztatu du Joaquin Prat kazetariak, Sara Carboneroren izenean.

Hainbat hedabidek aspaldi eman zuten ustezko ospakizun horren berri. Eguna eta tokia ere erabakita omen zituzten. Itxura guztien arabera, Toledon ziren ezkontzekoak Eurocopa amaitu ostean.

Hipotesi guztiak, ordea, bertan behera geratu dira Sara Carbonerok berak egindako ezeztapenarekin. Itxaron egin beharko da, beraz, bikoteak orain arteko bizimodurekin jarraitzeko asmoa baitu.

Sexu-harremanekiko menpekotasuna daukaten famatuak

Britney Spears. Argazkia: Randee St Nicholas

Hipersexualitateak edo sexu-harremanekiko menpekotasunak osasun arazo larriak sor ditzake. Sexologoek ez dute gaixotasun honen jatorria aurkitu baina Osasunaren Mundu Erakundeak buruko gaixotasunen zerrendan sartu nahi duela jakinarazi du. Gaurkoan, gaixotasun honengatik arazoak izan dituzten famatuei buruz arituko gara Gazteako txutxumutxu blogean.

Robert Downey Juniorrek, Sherlock Holmes pelikulako aktoreak, sexuarekin obsesionatuta zegoela aitortu zuen elkarrizketa batean. Aktoreak azaldu zuenez, masturbatzean pentsatzen ematen zuen egun osoa.

Sharon Stone aktorearen bizitza sexualaren inguruan ere zurrumurru ugari egon ziren 2004an. Garai hartan bere senarrak, Phil Bronsteinek, adierazi zuenaren arabera, Stonek egunero hainbat aldiz eskatzen zion berarekin sexu harremanak izateko. Lindsay Lohanen mutil-lagun ohiak ere aktore polemikoak sexu-harremanak egunean lau aldiz izan nahi zituela adierazi zuen.

David Duchovnyren kasua askoz larriagoa izan zen. 2000. urtean Arizonako klinika batean denboraldi bat eman behar izan zuen hipersexualitatea zela eta. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Rob Lowri. Aktorearen bideo sexual bat publiko egin zenean errehabilitazio klinika batera joan behar izan zuen.

Charlie Sheenen inguruko polemika oso ezaguna egin zen komunikabideei esker. Aktorea Two and a half men telesailetik kaleratu zuten bere bizitza sexualaren inguruan ezagutu ziren gehiegikeriak zirela eta.

Sexu-harremanak alkoholarekin eta drogekin nahasten direnean arazoak egon ohi dira. Hori izan omen zen Britney Spearsen kasua. Bere senar ohiak eduki sexual altuko bideo batzuk publikatzearekin mehatxatu zuen artista.

Hugh Granti, aldiz, dibortzioa ekarri zion arazoak. 13 urtez Liz Hurley aktorearekin ezkonduta egon ostean, bigarren honek dibortzioa eskatu zion argazkilariek auto batean beste emakume batekin aho-sexua izaten harrapatu zutenean. Izugarrizko polemika sortu zen irudi horien inguruan eta, oraindik ere, prentsa britainiarraren artean irudi txarra dauka aktoreak.

Rihanna, emakume batekin maiteminduta?

Rihanna eta Melissa Forde. Argazkia: Splash News.

Begi bistakoa da Rihannak atentzioa ematea atsegin duela. Azken garaian astero hitz egiten dizuegu abeslariaren inguruko polemikei buruz. Izan ere, kazetarien ahotan dago etengabe. Badirudi Barbadoseko abeslariari berdin diola jendeak berari buruz zer pentsatzen duen eta  Twitterreko bere profilari begirada bat emanez gero ikus daiteke hori.

Horretan, zita bat zuela eta bi urteren ostean norbaitekin afaltzera joatekoa zela jakinarazi zuen. Adierazpenaren ondorioz, komunikabideen ikusmina piztu zuen abeslariak.

Afaria Melissa Forde lagun minarekin izan zen, Los Angeleseko jatetxe batean.  Bertatik eskuak helduta irten ziren biak eta ondoren, The Roxbury diskoteka ezagunera joan ziren.  Orduan Rihannak bere lagunarekin ateratako argazki bat igo zuen Twitterrera “Gaurko maitalea” testuarekin batera.

Rihannaren sexu-joera aurretik ere izan da albiste. Izan ere, 2011n Natasha Burton modeloak abeslariarekin amodio-harremana izan zuela argitaratu zuen Low Down Dirty Shame liburuan.

Demi Moorek ez du @mrskutcher izaten jarraitu nahi

Demi Moore. Argazkia: Aktorearen Twitter ofiziala.

Ashton Kutcherrengandik dibortziatuko zela jakinarazi ondoren, hilabete gogorrak pasatu zituen Demi Moorek. Hala ere, errehabilitazio klinika batean denboraldi batez egon ostean lanera bueltatu da aktorea.

Denboraldi horretan Twitterren daukan profila alde batera utzi eta soilik bere lanarekin erlazionatutako gauzak jakinarazteko erabiliko zuela adierazi bazuen ere, sare sozialera ere itzuli da aktorea.

Bertan daukan kontuaren izena @mrskutcher da, eta jarraitzaileei laguntza eskatu die, hori aldatu nahian dabil eta. Lehenengo proposamena Piers Morgan aurkezle britainiarrak bidali dio: @mrsmorgan. Ideia hori asko gustatu zaion arren, zoritxarrez izena hartuta dagoela erantzun dio Moorek umore onez.

Beste hainbat proposamen jaso dituenez, horien artean aukeratzen ari dela dagoela jakinarazi die aktoreak zaleei. Gaztean asko pozten gaitu Demi Moore askoz hobeto dagoela jakiteak eta umorea berreskuratu duela ikusteak!

Elsa Pataky eta Chris Hemsworth, zoriontsu Londresen

Elsa Pataky eta Chris Hemsworth, Londresen

Geroz eta gutxiago geratzen zaie Elsa Pataky eta Chris Hemsworth aktoreei guraso izateko. Zoriontsu agertu dira biak Londresen “Los Vengadores” filmaren estreinaldian. Hemsworth-ek Thor superheroiaren papera egin du pelikulan.

Nahiz eta gutxi geratzen zaion haurra erditzeko, Patakyk ez du bere senarrari laguntzeko aukerarik galdu nahi izan eta maitasun keinu ugari egin dizkiote elkarri prentsaren aurrean. Estreinaldirako, gasaz egindako soineko berde bat aukeratu du Patakyk.

Orain dela hainbat hilabete iragarri zuten albistea esklusiba baten bidez eta orduan adierazi zutenez, ez dute jakin nahi haurra neska ala mutila izango den. Hemendik gutxira argituko dute misterioa.

Lady Gaga, izarrei begira

Lady Gaga. Argazkia: Abeslariaren Twitter ofiziala.

Aurretik ere Lady Gagaren mania arraroei buruz hitz egin badugu ere, abeslariaren bitxikeriek askotarako ematen dute.  Zein da bere azken kezka? Merkurio planetaren kokapena.

Abeslariak astrologo talde bat dauka kontratatuta horoskopoaren berri eman diezaion. Horren arabera, Merkurio planetak ibilbidea aldatuko du uztailaren 15etik abuztuaren 8ra. Aldaketa horren ondorioz, planetak atzera egiten duela ematen du, zerura begiratuz gero, eta horrek arazoak sortzen omen ditu. Fenomeno hau urtean hiru aldiz baino ez da gertatzen.

Merkurion aldaketa hori izaten den garaian Lady Gaga “Born this way” kontzertu biran murgilduta egongo da eta horretan zerbait txarra gertatuko den beldur da; horregatik bildu da gaian aditu direnekin.

Bestalde, azken astean polemika handia zabaldu du abeslariak Twitterreko bere profilean egindako adierazpen batzuekin. Horietan, pop abeslariek jan behar ez dutela esaten zuen eta kritika ugari jaso ditu. Hala ere, bere jarraitzaileak gero eta gehiago dira eta bere kontzertuetarako sarrerak berehala saltzen dira. Horren azken adibide dira Erresuma Batuan emango dituen kontzertuak; saltzen hasi eta minutu batzuetara agortu ziren sarrerak.

Beyoncek gutun bat bidali dio Michelle Obamari

Argazkia: Michael Carpenter/ WENN.com

Beyonce abeslariak asko miresten du Michelle Obama eta hala jakinarazi nahi izan dio Ameriketako Estatu Batuetako lehen damari. Horretarako, abeslariak eskuz idatzitako gutuna zintzilikatu du bere webgunean.

Gutunean, Michelle Obamaren lana goraipatzeaz gain, emakume afroamerikarraren eredutzat hartzen duela adierazten du abeslariak. Besteak beste, hau esan dio: “Oso pozik nago nire alaba zu bezalako jendea goraipatuz hazi ahal izango delako”.

Lehen damak azkar erantzun dio Beyonceren adierazpenari. Twitterreko bere profilean “gutun ederrarengatik” eskerrak eman dizkio eta bera ere haurrentzako eredu egokia dela esan dio.

Artista ezaguna eta bere senarra, Jay-Z rap-musikaria, Obama presidentearen eta Alderdi Demokrataren jarraitzaile dira eta Beyoncek behin baino gehiagotan egin ditu musika emanaldiak Etxe Zurian. Ondorioz, ez da harritzekoa bi emakumeen arteko adiskidetasuna.