Tag Archives: musika

Selena Gomez eta The Weeknd abeslaria, elkarrekin

selena_gomez_december_2010_3Badirudi, musikaren munduan bikote berri bat jaioko dela aurki. Selena Gomez eta The Weeknd abeslaria elkarri musu ematen harrapatu dituzte.

Argazkiek erakusten dutenez, oso helduta zihoazen kaletik. Gu geu ez gara izango harremana baieztatzen dugunak, baina jendaurrean hain helduta azalduta, beharbada, zerbait esan nahiko dute, ala?

Kontua da TMZ webguneak zabaldutako argazkia ezustea izan dela askorentzat; tartean, Bella Hadidentzat (The Weeknden bikote ohia). Azaroan hautsi zuten harremana, urte eta erdi elkarrekin egon ostean.

Orain, argazkiak ikusi ostean, sare sozialetan Selena Gomezen jarraitzaile ez izatea erabaki du Hadidek.

Billie Joe Armstrongek burua galdu du

Green Day taldeko abeslariak sekulako showa eman zuen iHeart Radio festibalean, Las Vegasen. Antza denez, punk taldearen kontzertuari minutuak kentzea erabaki zen Usher abeslariari denbora gehiago emateko.

“Basket Case” kantu ezaguna jotzen ari zen taldea, Armstrongi kartel baten bidez kontzertua bukatzeko minutu bat besterik ez zutela esan ziotenean. Orduan hasi zen benetako ikuskizuna… Abeslariak gitarra lurraren aurka hautsi eta ikusle artera bota zuen. “Ni ez naiz Justin Bieber madarikatua! 1988tik jotzen dut! Hau txantxa izan behar da!” eta antzeko adierazpenak oihukatuz bukatu zen Green Day taldearen emanaldia. Mike Dirnt baxu-jotzaileak ere txikitu zuen bere musika-tresna, eta “fuck you!” batez agurtu zen taldea.

Taldeak barkamena eskatu du jada, Facebook bidez, eta abeslaria desintoxikazio zentro batean sartuko dela tratamendua hasteko iragarri du. Askoren ustez, festibalean emandako ikuskizunak lotura zuzena du abeslariak droga kontsumitzearekin. Zuek zer uste duzue?

Liam Gallagher, partida batean, musuka

Astearte gauean, Madrilera bidaiatu zuen Oasis taldeko bokalista ohiak, Manchester City futbol taldea animatzeko asmoz Real Madrilen aurkako partidan, baina, antza, ez zuen lortu partidaren amaiera ikustea… Polemika sortzeagatik dugu ezagun abeslaria, eta asteartean ere ez gintuen esku hutsik utzi. Bere taldeak gola sartu bezain laster, artista zelaira jaitsi zen eta segurtasun agente bati sekulako musua eman zion!
Gallagher Santiago Bernabeutik egotzi zuten, eta horren erokeria Twitterren pil-pilean dago ordutik. Partida Real Madrilek irabazi zuen, baina zeresana Gallagherrek eman du.

Musikaren munduko bikoteen hausturak

Musikaren munduan beti egon dira bikote arrakastatsuak, eta harreman horiek iritsi diren bezala joan dira. Batzuentzat, dena dela, arrakasta ez da nahikoa izan elkarrekin jarraitzeko. Zerrenda luzea da, baina hemen dituzu bikote ezagunenetako batzuk:

1.Jennifer Lopez eta Marc Anthony. Ez zirela inoiz bananduko ematen bazuen ere, zazpi urte elkarrekin eman ondoren, bakoitzak bere bideari ekin dio. Bitxia da, baina hausturaren berri eman eta egun gutxitara, Marc bere jarraitzaileekin ligatzen ibili zen kontzertu batean, Kolonbian.

2.Courtney Love eta Kurt Cobain. Inoiz ez dugu jakingo zer zegoen Courtneyren eta Kurten arteko harremanaren artean. Biak elkartu zituenak aldendu omen zituen. Cobain erabat maitemindu zen Loverekin, baina horrek bere buruaz beste egin ondoren, alargunak ez zuen asko itxaron beste pertsona batzuekin harremanetan hasteko; Billy Corgan, Evan Dando edo Trent Reznor artistekin, besteak beste.

3.ABBA. Taldearen ibilbidea 1972an hasi zen, Benny-k eta Bjorn-ek Anni-Frid (Frida) eta Agnetha kontratatu zituztenean lehen diskoa egiten laguntzeko. Bi musikariak haiekin ezkondu ziren, eta mundu mailan arrakasta handia lortu zuen pop taldea osatu zuten. 1979an, Bjorn eta Agnetha banandu egin ziren, eta, bi urte geroago, Fridak eta Bennyk gauza bera egin zuten.“Taldeak dibortzio bat izan ondoren aurrera egin ahal izan badu, gure dibortzioak ez du taldea desegingo”, adierazi zuten. Oker zeuden, ordea; izan ere, urte bete geroago ABBA taldea desegin egin zen.

4.Whitney Houston eta Bobby Brown. 1992an ezkondu ziren Bobby eta Whitney, eta gutxik egin zuten horren alde. Houstonen ibilbide musikalak behera egin zuen nabarmen, eta betiko urrundu zen aurretik lortu zuen arrakastaz. Horien arteko borrokak, atxiloketak eta desintoxikatzeko zentroetan hainbat aldiz sartu izanak zeresan ugari eman dituzte, 2007an banandu ziren arte.

5.Ike eta Tina Turner. Atzealde iluna duen bikote arrakastatsu baten adibide garbia zen. Tina 1958an sartu zen Ikeren taldean, eta bikote bezala arrakasta handia lortu zuten ondoren musika munduan. Arrakasta horren atzean, ordea, tratu txarrak zeuden, eta Tinak ez zuen horren berri eman banandu ziren arte. Bere bizitzan hartutako erabakirik onena izan zen, bere bakarkako ibilbideari helduta lortu baitzuen mundu mailan arrakasta handia.

6.Jennifer Lopez eta Puff Daddy. Jennifer pertsona arrakastatsu askorekin egon da, eta bere mutil-lagunak komeni izan zaionaren arabera erabiltzea leporatu diote askotan. Daddyrekin izan zuen harremanaren horietako bat izan liteke. Pistolarekin tiro egiteagatik auzitara eraman zutenean, baina, Lopezek alde batera utzi zuen rap abeslaria, bien arteko harremana bertan behera utzita.

7. Sonny eta Cher. Sonny pertsona ospetsua zela ezagutu zuen Cher, honek 16 urte soilik zituela. Bikotearen musika-harremana maitasun-harremana bihurtu zen, eta  Sonny & Cher bezala arrakasta handia lortu zuten. Urte batzuk geroago, banandu egin zirela iragarri zuten telebista programa batean; bietako bat ez zela fidela izan zabaldu zen ondoren.

8.Joan Baez eta Bob Dylan: 60ko hamarkadan folk estiloaren erregina izan zenak eman zion lehenengo aukera handia Dylan gazteari ospea lortzeko; 1963an izan zen, Newporteko Folk Jaialdian. Horrez gain, Baezek Dylanen lehen abestiak zabaldu zituen, eta ospetsu egiten lagundu zion. Dylan maila gorenera iritsi zenean, egoera aldatu egin zen: rocka aukeratu zuen folkaren ordez, eta handitasunez eta mespretxuz hitz egiten zuen bere maitale, lagun eta babesle izan zenaren gainean.

10. Marianne Faithfull eta Mick Jagger. Faithfullek eta Jaggerrek harreman entzutetsu bat izan zuten 60ko hamarkadaren amaieran, eta sormena, festaj eta drogak  izan zituzten nagusi sasoi horretan. Baina gehiegikeriek ondorioak izan zzituzten: 1969ko amaieran, Mariannek gaindosi bat izan zuen Australian, lo egiteko pastilla gehiegi hartuta, eta Erresuma Batura eraman behar izan zuten. Jagger horretaz baliatu zen Anita Pallenbergekin, sasoi hartan Keith Richards taldekidearen neskalaguna zenarekin, harremanetan hasteko.

Oreka TX, Igor Otxoa ttakun ttakun

Oreka Tx

Oreka Tx taldeko (orain hiru dira eta) Igor Otxoa elkarrizketatu nuenean kristoren elkarrizketa luzea atera zitzaidan. Pilo bat moztu nuen eta, hala ere, txapa itzela atera zen. Kontua da nik txalapartaren mundua pixka bat ezagutzen dudala eta gaia interesatzen zitzaidan, baina beste edozeinentzat ulertzen dut gehiegizkoa dela. Agian interesgarriagoa izango zen elkarrizketa kontu oso musikalak edo profesionalak alde batera utzita… Dena dela, tipo jatorra da Igor (ile motza duena), agian elkarrizketa amaitu genuenean jatorragoa izan zen, taldean bera baita elkarrizketak egiteko ardura duena eta ikusten da ohituta dagoela, beraz, betikoa errepikatzera mugatu zela ematen du, ez?

Barreak bota genituen txalaparta eta sexua alderatu zituenean. Politagoa izango zen elkarrizketa bideo moduan egitea, txalaparta jotzen… Egia, pasatu naiz.

Joaquin Achucarro, pianista eta gizon prestua

Joaquin Achucarro Leioako etxeko aldapa igotzen. J. L. Nocitoren argazkia.

Bere lanerako/pasiorako bizi den jendea miresten dut. Horren adibidea dira Virginia Berasategi, Benito Lertxundi, Lucia Lacarra eta baita Joaquin Achucarro ere. Hobetzeko asmoz edo lortutako mailari eusteko, eguneko ordu guztiak ematen dituzte praktikatzen. Baina, gainera, Joaquin Achucarrok ia 80 urte ditu eta oso gizon aktiboa da. Igeri egiten du, bizikletaz ibiltzen da, Dallasen eskolak ematen ditu, kontzertuak eskaintzen ditu, CDak grabatzen ditu, eta horrez gain, teknologiari dagokionez den-dena daki. Hori bai, esan zidanez, inoiz ez du telebista ikusten. Normala denez, zenbait gauza baztertu behar izan ditu.

Joaquin Achucarrori elkarrizketa egin nionean, Leioan duen etxean zegoen, Emma emaztearekin. Dallasetik etorri berriak ziren eta hurrengo egunean Sevillara abiatu behar ziren, bertan kontzertua eskaini behar zuen eta. Ez da gelditzen. Elkarrizketa irakurtzen baduzue ikusiko duzue zelako agenda duen; aipatzen entzutea soilik nekagarria da. Baina ez zion elkarrizketari ezetzik esan, asko hitz egiten du eta gizon zintzoa da. Zer gehiago eska dezaket?

Benito Lertxundi, musikari eta poeta % 100ean

Benito gaixorik zegoela esan zidaten, baina ez nion ezer aipatu nahi izan. Hala eta guztiz ere, niri ez zitzaidan horrelakorik iruditu. Olatzek, bere emazteak, erantzun zuen telefonoa, eta berari pasatu zion. Berehala onartu zuen elkarrizketa eta luze hitz egin genuen. Ez zuen behin ere elkarrizketaren haria galdu, ezta antzekorik ere. Hori bai, bere munduan bizi den artista horietako bat dela iruditu zitzaidan. Ez du bere bizitza egiten eta ordu batzuk musikagintzan eman; musika bere bizitza da. Hortaz, Benito Lertxundiri elkarrizketa egiten ari nintzela, inoiz erretiroa hartuko ote duen galdetu nionean, ea orduan zer egingo zuen erantzun zidan.

Benito Lertxundi

Bere alabari buruz ere mintzatu ginen, musikarako ahalmen handia badu ere, lantzea ez du gehiegi gogoko, eta horrek Benito kezkatzen duela iruditu zitzaidan, baita pena eman ere. Orioko abeslariak suabe eta astiro hitz egiten du, eta bere munduan bizi dela ematen du, besteengandik aparte. Beste artista batzuekin harreman askorik ez duela esan zidan; nahiko bakartia dela. Bere lanean islatzen den poeta ukitu hori dauka. Benito musikarako eta musikagatik bizi da; bere abestiak entzuterik baino ez dago hori egiaztatzeko.

Alex Sardui (Gatibu) ezkondu da eta aita izango da

Gatibuko Alex Sarduiri elkarrizketa egiteko deitu nionean, disko berria grabatzen ari zirela eta oso lanpetuta zebilela esan zidan. Hurrengo astean hitz egiteko lotu ginen. Nik estudioan bertan grabatu nahi nituen eta elkarrizketa grabazioen irudiekin uztartuz bideo bat egin, baina ezin zuen eta, beraz, ez genuen egin. Betiko moduan, ez duzu egiten nahi duzuna, ahal duzuna baizik, eta muga horrekin, ahalik eta hoberen egiten saiatzen zara.

Solasaldia atsegina izan zen, baina dena euskara batura pasatu behar izan nuen, berak esan bezala idazten badut… Ezkondu behar zela eta berriz ere aita izango zela esan zidaten, baina elkarrizketan ez nion ezkontzagatik zuzenean galdetu nahi. Hala ere, amaieran, agurtzerakoan, zorionak esan nion, umeagatik eta ezkontzagatik, eta orduan horren inguruan hitz egiten hasi zen. Ezkontzen zen lehendabiziko aldia zela esan zidan, nahiz eta bost urteko semea izan, eta oraingo neskarekin umea izatea erabaki zutela eta, gero, lehendabizi ezkontzea hobe izango zutela pentsatu zuten, baina erabaki hori hartu zutenerako neska haurdun zegoen eta azkenean, dena batera. Esan zidanez, berak neskatoa nahi du. Galdetu nion ea zelan moldatzen zen Mungian bizitzen, Muxikakoa izanik, eta pozik zegoela esan zidan, mugitzeko erosoa zela. Oso pozik sumatu nuen. Disko berria, haur berria, etxe berria, bizitza berria…

Egun batzuk igaro eta Alex eta bere etxeko batzuk onddoekin intoxikatu zirela jakin nuen. Ezkontza bertan behera geratuko zela ematen zuen, baina ez. “Arratsaldero” saioan ikusi ahal izan genuen ezkondu baino bi egun lehenago, guztiz sendatuta. Ea enteratzen naizen zelan joan zen ospakizuna… Hemen duzue ETB1en egin zioten elkarrizketa.

Rihannak Bob Marley gurtzen du

Rihannak Bob Marley miretsi egiten du. Tira, miretsi bakarrik ez, gurtu egiten du reggae-aren erregea. Barbadoetako artistak Los Angelesen daukan etxe ikaragarrian santutegia egin dio jamaikarrari.

Oroigarriak, Marleyren irudia erakusten duen margo handi bat, kandelak eta zutargiak, intsentsua eta taberna bat jarri ditu Rihannak bertan eta kolore gorria, horia eta berdea nagusi dira han, Jamaikako banderari omenaldia eginez. Gela horretara jotzen du kantariak erlaxatu nahi duenean.

Bob Marleyk Karibeko beste artista batzuei bidea zabaldu ziela uste du Rihannak eta, horregatik, merezi duen lekua utzi omen dio bere etxean.

Duela zenbait hilabete bere herrialdeko hotel batean marihuana erretzen harrapatu zuten eta bertan berriz sartzea debekatu zioten. Bob Marleyren santutegi horretan behintzat, bakean utziko diote nahi duena egiten!

Zer gertatzen zaio Miley Cyrusi?

Miley Cyrus Madrilen, zaleen aurrean

Miley Ciryus Madrilen da Europako MTV sarien jaian parte hartzeko eta, gaur, facebookeko jarraitzaileen artean aukeratutako 50 lagunekin bildu da.

Baldintza bat jarri die Mileyk berari galderak egin ahal izateko : “Can’t be tamed” CDa eramatea eta gustura asko eraman dute, bai; baina ez die, gero, edozein galdera egiten utzi.

Irudi aldaketa pertsonalitate aldaketaren ondorio izan al den galdetu dio batek, adibidez, eta ez du erantzun nahi izan. Beste batek, berriz, ea “Hannah Montana” telesaileko arduradunekin harremana izaten jarraitzen duen galdetu dio eta artistaren laguntzaileek “betatu” egin dute galdera hori.

Miley Cyrus


Badirudi ez direla garai onenak Miley Cyrusentzako. Izan ere, batzuek diote bigarren aldiz utzi duela bere mutil-lagunarekin, eta gainera oso triste omen dabil bere gurasoak banandu egin direlako. Atentzioa eman nahian omen dabil etengabe.

Eneeeeee….. ze gogorra den bizitza nerabe aberats batentzat!