Monthly Archives: August 2012

Dani Martin abeslaria, bakarrik

Dani Martin eta Huga Rey. Argazkia: Europa Press

Artista madrildarrak Huga Reyrekin zuen harremana bertan behera uztea erabaki du. Zur eta lur utzi gaitu guztiak, askok baitzioten elkarren arteko ezkontza prestatzen ari zirela urte amaierarako. Usteak, ordea, erdia ustel.

Antza denez, Huga oporretan da Madriletik kanpo; Dani Martinek, ordea, lanean jarraitzen du disko berria prestatzen. Ez batak ez besteak ez du albistea baieztatu, beraz, ez dago informazio gehiago.

El Canto del Loco taldeko abeslari ohia Twitter sare sozialeko erabiltzaile sutsua den arren, ez du momentuz ezer esan zurrumurruaren inguruan. Hainbat hedabideren arabera, isiltasun horrek indarra eman dio berriari. Itxaron egin beharko dugu, hortaz, kontua zertan geratzen den jakiteko.

Justin Bieberren sekretuak arrakastari aurre egiteko

Justin Bieber. Argazkia: Steve Granitz, Getty

Milaka eta milaka jarraitzaile ditu mundu osoan barrena abeslari kanadiarrak, 2009an lehen kanta argitaratu zuenez gero, gora egin baitu bere ospeak etengabe. Gazte askok idolotzat ere jo dute. Edonora joanda ere, fan andana izaten du zain.

Nola egin aurre arrakasta neurgabe horri? Justin Bieberrek badu erantzuna, eta orain dela egun batzuk ezagutarazi du elkarrizketa batean. Bere iritziz, familia eta betiko lagunartea gertu izatea da gakoa; izan ere, oinak lurrean mantentzen laguntzen diote.

Argi du, hortaz, nola jokatu behar duen kontrola ez galtzeko. Selena Gomez bere neska-lagun lirainak ere izango du zerikusia egunorokotasuna harmonia ederrean mantentzeko!

Beyonce eta Jay-Z, bikote boteretsuena

Iaz zerrendako bigarren tokian geratu ziren Forbes aldizkariak egiten duen zerrendan, baina aurten lortu dute: munduko bikote boteretsuena osatzen dute Beyonce eta Jay-Z artistek. 78 milioi euroko ondarea pilatzea lortu dute, orain arte egindako ibilbide profesionalari esker.

Beyoncé eta Jay-Z. Argazkia: Getty

Atzean geratu dira Gisele Bündchen eta Tom Brady, lau urte sailkapenaren lehen postuan egon ostean. Jarraian, David eta Victoria Beckham daude, hirugarren.

Podiumetik kanpo, Brad Pitt eta Angelina Jolie aktoreek dute laugarren postua. Azkenaldian, ezkontza prestatzen lanpetuta dauden arren, arrakastatsu ari dira zineman lanean.

Azkenik, orain arte zerrendan indartsu zeuden zenbait bikote ez dira boteretsuenen artean agertzen, elkarren arteko harremana etetea erabaki dutelako: Tom Cruise eta Katie Holmes, eta Demi Moore eta Ashton Kutcher, besteak beste.

Lady Gaga eta bere pasioa

Lady Gaga eta Taylor Kinney. Argazkia: ladygaga.com

Lady Gagak ia egunero kontatzen dizkigu bere gorabeherak sare sozialetan. Gehienetan, kontu profesionalei buruz hitz egin ohi digu; gaur, ordea, maitasun-kontuak izan ditu hizpide.

Taylor Kinney eta biak ageri dira igerileku batean elkarri musu emanez. Itxura guztien arabera, New Yorkeko artista biluzik dago, uraren mugimenduak eta bikotearen posturak ez baitu ikusten uzten bikinia jantzita duen ala ez.

Hala, beraz, bizi duen une zoriontsua islatu nahi izan du eta argazki bidez egitea erabaki du. Urte bete igaro da bideoklip bat grabatzen elkar ezagutu zutenez gero, eta harremana sendotu egin dela dirudi. Ibilbide profesionalari dagokionez, munduan barrena dabil une honetan azken diskoa promozionatzen. Gainera, azaroan Argentinan kontzertua eskainiko duela iragarri berri du.

Taylor Swiftek mutil-lagun berria ote du?

Taylor Swift eta Connor Kennedy. Argazkia: yahoo

Hainbat hedabidek azken egunotan argitaratu dituzten argazkiek agerian uzten dute Taylor Swift abeslari eta aktoreak lagun berria duela. Itxura guztien arabera, gainera, oso gustura daude elkarrekin; beraz, litekeena da bien arteko istorioa adiskidetasun hutsa baino gehiago izatea.

22 urteko artista estatubatuarrak ez du edonor aukeratu ibilbide berri horri ekiteko. Connor Kennedy da argazkietan ageri den mutila, Robert F. Kennedy zenaren biloba, hain zuzen ere. 18 urte bete ditu oraintxe eta primeran moldatzen direla dirudi.

Bikote berriak ez du elkarren arteko harremana ezkutatzen. Kennedy sendiak Massachussets estatuan duen etxean igaro dituzte hainbat egun. Horrez gain, argazkilariek sarri harrapatu dituzte batera azken asteotan.