Tag Archives: txutxumutxuak

Miley Cyrusen ezkontzako xehetasun guztiak

Miley Cyrus eta Chris Hermsworth. Argazkia: hola.com

Hainbat hilabete igaro dira Miley Cyrus abeslariak Liam Hemsworth aktoreak ezkontza iragarri zutenez gero. Bikoteak ez zuen, ordea, ospakizunari buruzko xehetasunik eman.

Azken egunotan kantari estatubatuarrak berak aditzera eman duenez, 2013an ezkonduko dira. Gainera, bat nahikoa ez izanda, hiru jai antolatuko dituztela esan du, bakoitza hiri batean: Los Angeles, Tennessee eta Melbourne.

Eta, noski, soinekoak ere hiru izango dira! Hasi omen da diseinatzaileekin lanean, dagoeneko, eta 775.000 euroko aurrekontua duela esan du jantzietarako. Gonbidatuen zerrendari buruz ez dute oraindik ezer aurreratu, baina, lehen datu horiek ezagututa, argi dago ez dela nolanahikoa izango! Hasi soinekoak eta trajeak prestatzen 2013ko ezkontza nagusienerako!

Justin Timberlake eta Jessica Biel ezkondu egin dira

Justin Timberlake eta Jessica Biel. Argazkia: Reuters

Bikotea asteburu honetan ezkondu da, Italiako opor zentro batean. Bost urteko erlazioaren ostean, aurrerapauso bat ematea erabaki dute aktoreek, eta senar- emazte dira dagoeneko.

Aktore bikoteak Borgo Ernazia Resort hotela aukeratu du ezkontzarako, eta lagunarteko zeremonia bat ospatzea erabaki zuten. Opor zentroa San Dominico golkoan dago, eta leku ezin hobea da ezkontzak ospatzeko, haien esanetan.

Berriaren esklusiba People aldizkariarentzat izan da, eta bikoteak oso zoriontsu daudela iragarri du, ohar baten bitartez: ”Ezkonduta egotea zoragarria da, ospakizuna bikaina izan zen eta lagunekin eta familiarekin partekatzea, are hobea”.

Justin Bieber, nekeak jota

Justin Bieber. Argazkia: twitter

Nekeak eta estresak jota omen dago Justin Bieber abeslari kanadiarra. Hori jakinarazi du Twitter sare sozialaren bidez. Agenda erabat beteta du, bidaiak, promozio ekitaldiak eta kontzertuak baititu ia egunero. Estresagarria, benetan!

Hori dela eta, atseden hartzea erabaki du, eta oporrak behar dituela iragarri du. Hori bai, ez omen du parrandarik egiteko asmorik, indarberrituta itzuli nahi baitu lanera laster.

Ez da garai lasaia artista gaztearentzat; izan ere, Selena Gomezekin duen harremana ere hizpide da azken egunotan mundu osoko hedabideetan. Joan den astean, bere bikotekidearekin ezkontzeko asmorik ba ote zuen galdetu ziotenean, barrez hasi zen, urduri. Erreakzio horrek zalantza asko eragin ditu amodio istorio horren inguruan.

Rihannaren tatuaje berria

Amona omentzeko era berezia aukeratu du Rihannak. Izan ere, tatuaje berria egitea erabaki du bularraren azpian. Isis jainkosa egiptoarraren irudia aukeratu du, eta twitter sare sozialaren bidez zabaldutako argazkian erakutsi digu.

Rihannaren tatuaje berria. Argazkia: twitter

Uztailean hil zen Grand Dolly, minbizia ezin gaindituta. Zenbait kontzertu bertan behera uztea erabaki zuen Barbadoseko abeslariak, oso triste sentitzen zelako. Orduz gero, oporretan ibili da munduan barrena, eta bere nondik-norakoen berri eman digu sare sozialen bidez.

Musika arloan, Talk That Talk Tour biran murgildu da berriz ere. Horrez gain, “We found love” kantaren bideoklipa urteko bideorik onena aukeratu zuten MTV Video Music Awards sarietan. Amodio kontuetan ere ari da zeresana ematen Rihanna. Askok diotenaren arabera, Chris Brownekin zuen harremanari berrekin dio, joan den astean MTV galan elkarri musu eman ziotelako.

Dani Martin abeslaria, bakarrik

Dani Martin eta Huga Rey. Argazkia: Europa Press

Artista madrildarrak Huga Reyrekin zuen harremana bertan behera uztea erabaki du. Zur eta lur utzi gaitu guztiak, askok baitzioten elkarren arteko ezkontza prestatzen ari zirela urte amaierarako. Usteak, ordea, erdia ustel.

Antza denez, Huga oporretan da Madriletik kanpo; Dani Martinek, ordea, lanean jarraitzen du disko berria prestatzen. Ez batak ez besteak ez du albistea baieztatu, beraz, ez dago informazio gehiago.

El Canto del Loco taldeko abeslari ohia Twitter sare sozialeko erabiltzaile sutsua den arren, ez du momentuz ezer esan zurrumurruaren inguruan. Hainbat hedabideren arabera, isiltasun horrek indarra eman dio berriari. Itxaron egin beharko dugu, hortaz, kontua zertan geratzen den jakiteko.

Justin Bieberren sekretuak arrakastari aurre egiteko

Justin Bieber. Argazkia: Steve Granitz, Getty

Milaka eta milaka jarraitzaile ditu mundu osoan barrena abeslari kanadiarrak, 2009an lehen kanta argitaratu zuenez gero, gora egin baitu bere ospeak etengabe. Gazte askok idolotzat ere jo dute. Edonora joanda ere, fan andana izaten du zain.

Nola egin aurre arrakasta neurgabe horri? Justin Bieberrek badu erantzuna, eta orain dela egun batzuk ezagutarazi du elkarrizketa batean. Bere iritziz, familia eta betiko lagunartea gertu izatea da gakoa; izan ere, oinak lurrean mantentzen laguntzen diote.

Argi du, hortaz, nola jokatu behar duen kontrola ez galtzeko. Selena Gomez bere neska-lagun lirainak ere izango du zerikusia egunorokotasuna harmonia ederrean mantentzeko!

Lady Gaga eta bere pasioa

Lady Gaga eta Taylor Kinney. Argazkia: ladygaga.com

Lady Gagak ia egunero kontatzen dizkigu bere gorabeherak sare sozialetan. Gehienetan, kontu profesionalei buruz hitz egin ohi digu; gaur, ordea, maitasun-kontuak izan ditu hizpide.

Taylor Kinney eta biak ageri dira igerileku batean elkarri musu emanez. Itxura guztien arabera, New Yorkeko artista biluzik dago, uraren mugimenduak eta bikotearen posturak ez baitu ikusten uzten bikinia jantzita duen ala ez.

Hala, beraz, bizi duen une zoriontsua islatu nahi izan du eta argazki bidez egitea erabaki du. Urte bete igaro da bideoklip bat grabatzen elkar ezagutu zutenez gero, eta harremana sendotu egin dela dirudi. Ibilbide profesionalari dagokionez, munduan barrena dabil une honetan azken diskoa promozionatzen. Gainera, azaroan Argentinan kontzertua eskainiko duela iragarri berri du.

Lady Gagaren gorabehera sentimentalak

Lady Gaga

Abeslari estatubatuarrak bihotza lanpetuta duela dirudi; izan ere, Taylor Kinnev bere mutil-laguna gurasoei aurkeztea erabaki du. Daily Mail egunkari britainarrak argitaraturikoaren arabera, bere aitak New Yorken duen jatetxean bildu ziren guztiak elkarrekin afaltzeko.

Beste hainbat iturrik esan dutenez, ordea, beste mutil bat ezagutu du Grezian. Giovanni omen du izena eta Plakako jatetxe baten jabea da. Orain dela gutxi jakin dugu etxe berria eraikitzen ari dela Mediterraneoko herrialde horretan.

Hori dela eta, sarri joan behar izan du lanak gainbegiratzera. Bide batez, amodio kontuetarako tartea ere atera du egonaldi horietan. Nor aukeratuko ote du azkenean? Denborak baino ez digu zalantza argituko.

Rihanna, lagunekin oporretan

Rihanna. Argazkia: twitter

Uda garaian murgilduta gaude bete-betean, eta pertsonaia ospetsuen oporrak dira albiste egunotan. Rihannaren txanda dugu oraingoan. Lagunekin egun batzuk lasai igarotzea erabaki du. Hainbat zurrumurruren arabera, Drake bere mutil-lagun ohiarekin zen oporretara joatekoa.

Azkenean ordea, Kosta Urdina eta bere lagunak aukeratu ditu Barbadoseko abeslariak azken asteotan bizi izandako une latzak gainditzeko. Erabaki egokia izan dela dirudi, eta horren berri eman nahi izan digu twitter sare sozialean igotako argazki baten bidez.

Bertan, luxuzko yate eder batean ikus dezakegu Rihanna, bikinia jantzita. Itxura guztien arabera, opor zoragarriak igarotzen ari da. Litekeena da, gainera, egonaldia luzatzea. Ez da ez terapia makala!

Shakira eta Pique, elkarrekin oporretan

Zurrumurru ugari entzun ditugu azken asteotan bikote famatu honen inguruan. Shakira haurdun dagoela diote batzuk. Elkarren arteko harremana eten egin dutela esan duenik ere bada. Ez batak ez besteak, ordea, ez du ezer esan.

Shakira eta Pique oporretan. Argazkia: twitter

Ohikoa den moduan, sare sozialak aukeratu dituzte oraingoan ere beraien bizimoduaren berri emateko. Gerard Pique Bartzelonako futbol-jokalariak argazki berri bat ipini du twitteren duen profilean. Bertan, paddleboarding izeneko kirol-jarduera egiten ikus daitezke.

Hala, beraz, txutxumutxu guztiak ezeztatu, eta biak batera zoriontsu bizi direla argi utzi nahi zan dute.