Monthly Archives: January 2014

Justin Bieberren gehiegikeriak

Justin Bieberren izena sarri entzuten ari gara azkenaldian, baina ez musika arloan lortutako arrakastengatik, poliziarekin izandako liskarrengatik baizik. Badirudi zoro samar dabilela abeslari kanadarra.

19 urte baino ez dituen arren, oso gazte zela iritsi zitzaion ospea, eta badirudi ez duela behar bezala kudeatu. Orain dela pare bat aste jakin genuenez, atxilotu egin zuten Miamin, legez kanpo auto-lasterketa batean parte hartzen harrapatu zutelako, edanda eta drogaren eraginpean, gainera.

Fidantza ordaindu eta kartzelatik irten ostean, Panama aldera joatea erabaki zuen, “atseden hartu” eta indarberritzeko. Ondoren, Torontoko komisaria batean aurkeztu zuen bere burua, abenduaren 30ean gizon bati eraso egin ostean, poliziaren aurrean erantzuteko.

Hori guztia nahikoa ez balitz, artista polemikoaren diru-kontuen berri eman dute zenbait hedabidek. Antza denez, milioi bat dolar gastatzen ditu astero, festak eta gainerako gutiziak ordaintzeko. Beraz, badirudi orain arte lortutako irabaziak galtzen ari dela, apurka-apurka.

Ez dakigu zer-nolako etorkizuna izango duen gazte kanadarrak baina, oraina, behintzat, nahiko beltza du, oraingoz.

Justin Bieber. Argazkia: Getty

Justin Bieber. Argazkia: Getty

Gwyneth Paltrowk eta Chris Martinek Gaztela-Mantxan etxea erosi nahi dute

coldplayTalavera de la Reinako hiritarrek adi ibili beharko dute. Izan ere, litekeena da aurki Gwyneth Paltrowrekin eta Chris Martinekin kaletik topo egitea.

Dirudienez, aktore estatubatuarrak gustuko du Espainiako Estatua, eta batez ere, Talavera de la Reina.

Paltrow han bizi izan zen gaztetan, eta orain herrimina omen dauka. Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Gaztela-Mantxan lursailen bat erostekotan dabil Hollywoodeko bikotea.

Horrenbestez, Chris Martin, Gwyneth Paltrow eta haien semeak (Moises eta Apple) Euskal Herritik gertu ikus ditzakegu laster

Halere, Paltrow zuhur azaldu da gai honi buruz galdetu diotenean.

Elsa Patakyk bikiak espero ditu

Urrezko Globoen sari-banaketan ikusi ahal izan genuen azken aldiz Elsa Patakyk eta Chris Hemsworthek osatutako bikote ospetsua. Haurdun dagoela bagenekien, baina ez bikiak espero dituztela. Udaberrian, beraz, bi senide gehiago izango ditu India Rose txikiak, eta familia ugaria izango dira.

Hilabete gutxi barru gertatuko dena ikusita, etxe berria erosi dute bi aktoreek Los Angelesen, Malibun. Bost logela eta sei komun ditu etxeak, 600 metro karratutan, eta Paul Hogan aktoreak saldu die.

Lan-proiektuei dagokienez, Mody Dick nobelan oinarritutako pelikula grabatzen aritu da Chris Hemsworth Kanariar Uharteetan. Han izan dira Elsa Pataky emaztea eta India Rose alaba zenbait aste pasatzen.

Elsa Pataky eta Chris Hemsworth

Elsa Pataky eta Chris Hemsworth

Neymar ez omen da leiala

neymarBrasilgo komunikabideetan azken egunotan zabaldutako berria dugu hau. Badirudi Neymar futbol jokalariak eta Bruna Marquezine telenobeletako 18 urteko aktoreak zuten harremana bukatu egin dela. Arrazoia? Bartzelonako jokalaria beste neskaren batekin oheratu omen dela.

En familia telesail brasildarraren grabazioan piztu ziren ustezko maitasun krisiaren gaineko lehenengo zurrumurruak. Dirudienez, Marquezinek negarrari ezin eutsita ematen zituen orduak, eta horrek grabazioa etengabe eten behar izatea ekarri zuen.

Egoera horri azalpen bat bilatu nahian, Brasilgo komunikabideak bikotea bizi zuen krisiaren inguruko informazioa zabaltzen hasi ziren. Antza denez, Gabonak Brasilen igaro behar zituen Neymarrek, baina bidaia baino egun batzuk lehenago, pare bat opor egun Bartzelonan eman zituen futbolariak, eta oso konpaini onean gainera. Hainbat iturriren arabera, Bartzelonako etxean bi emakumerekin egon zen egun horietan, eta horrek eztabaida piztu zuen Neymarren eta Marquezineren artean.

Eztabaida horrek bultzatuta, Gabon festak banatuta pasatu zituzten, eta haien harremanari buruzko adierazpen ofizialik ez dagoen arren, litekeena da Neymarren eta Marquezineren harremana amaituta egotea. Hori da behintzat, kazetariek azkan egunotan eskuartean darabilten albistea.