Monthly Archives: March 2013

One Directioneko abeslaria, maiteminduta

Jennifer Lawrence du gustuko Harry Stylesek. Argazkia: Getty.

Jennifer Lawrence du gustuko Harry Stylesek. Argazkia: Getty.

19 urte baino ez dituen arren, Harry Stylesek curriculum zabala du maitasun kontuei dagokionez. Kasu honetan, ordea, ez du gustuko neska hori lortu… oraingoz.

Duela gutxi Aktore Onenaren Oscar saria eskuratu duen Jennifer Lawrence antzezlea du gustuko One Directioneko abeslariak: “Oscarretan hitz egiten entzun, eta maitemindu egin zen”, azaldu dio abeslariaren lagun batek Daily Star egunkariari. Dirudienez, Jenniferren naturaltasunak Harryren arreta erakarri zuen.

Dena den, aurretik ere gustuko zuela pentsatzekoa da. Izan ere, Oscarrak banatu ziren gauean, aktoreari bere babesa erakutsi zion Twitterreko mezu baten bidez: “Jennifer Lawrencek Oscarra irabazi behar du gaur gauean”. Eta hori, filma ikusi gabe. Handik pixka batera ikusi zuen pelikula, eta orduan honakoa idatzi zuen Twitterren: “Silver Linings Playbook ikusi berri dut… benetan, gustuko dut”. Azken esaldi horretan ez dakigu ikus-entzunezkoarengatik ala aktorearengatik ari ote zen.

“Harryri neska dibertigarriak gustatzen zaizkio, eta bere ustez, dibertigarria izan zen sari banaketan erori zenean. Bestalde, argi dago, liluragarria dela”, gaineratu du Harryren lagunak.

Taylor Swift abeslariarekin egon eta gero, One Directioneko kideak ez du denbora galdu eta Emma Watsonekin eta Millie Bradyrekin ibili da. Oraingoz, Jennifer Lawrencek ez dio ezer erantzun, baina lortuko ote du Harry Stylesek Jennifer Lawrence maitemintzea?