Monthly Archives: April 2018

Barbara Goenaga, haurdun

Barbara Goenagak eta Borja Semperrek albiste onak dakartzate. Aktore gipuzkoarrak Diez minutos aldizkariari jakinarazi dionez, haurdun dago. Hala, bikoteak bigarren umea izango du elkarrekin. Goenaga, bere aldetik, Aranen ama da. Duela urte batzuk Oscar Jaenada aktorearekin izandako harremanetik jaio zen Aran. Gainera, Borjak Pablo izeneko haurra dauka (bere lehenengo emaztearekin izan zuen Pablo).

Bikoteak ez zeukan albistea emateko asmorik, baina haurdunaldiaren berria kuxkuxeroen ahotik atera baino lehen, nahiago izan dute haurdun daudela eta guztia bide onetik doala iragarri.

Lagun batzuren bitartez ezagutu zuten elkar 2014an, Donostian, baina hilabete batzuk geroago hasi zuten harremana. Hasiera batean askorentzat sorpresa izan zen Goenagaren eta Semperren arteko harremana, baina urteen joan-etorrian elkarrekin oso pozik daudela adierazi dute behin baino gehiagotan.

Haurdunaldiari dagokionez ere, “oso pozik” agertu da Goenkaleko aktore ohia.

Mariah Careyk nahasmendu bipolarra pairatzen du

Kezka eragin du jarraitzaileen artean Mariah Carey abeslariaren osasun egoerak. People aldizkariari kantariak berak aitortu dionez, nahasmendu bipolarra pairatzen du, 2001az geroztik.

Hasiera batean ez zuen sinetsi nahi izan, eta jarrera ezezkorra erakutsi zuen Careyk sendagileen diagnostikoaren aurrean. Nolanahi dela, urte zailak igaro ostean, tratamendua hastea izan zen aukera bakarra. “Duela gutxira arte ez nuen onartu nahi, isolamenduan bizi nintzen eta sekulako beldurrarekin”, adierazi du aipatu elkarrizketan. Hartara, konponbide bat bilatzen saiatu zen “zama handiegia zeukalako gainean eta ezin nuelako musikarik egin”.

Gaur-gaurkoz tearpia egiten eta botikak hartzen dabil bera, depresio eta hipomanía tarteak nozitzen dituelako. Horrek guztiak suminkortasuna, loezina eta hiperaktibitatea eragiten dio. “Oreka aurkitzea garrantzitsuena da, horretarako medikamenduak hartzen ari naiz, eta ez naute nekatuta sentiarazten”, ziurtatu du.

La Oreja de Van Gogh taldeko Leire Martinez banandu egin da

Ezer gutxi dakigu Leire Martinez abeslari gipuzkoarraren bizitza pribatuari buruz. Nolanahi dela, La Oreja de Van Gogh taldeko kantariak banandu egin dela iragarri du Twitter bidez, jarraitzaile guztiak aho bete hortz utzita.

“Espekulazioak saiheste aldera, eta batik bat nire semea babesteko, banandu egin naizela jakinaraztea erabaki dut. Dibortzioa bideratzen gabiltza orain”, aitortu du Leire Martinezek. “Bizitzen ari garen une zailak kontuan izanda, komunikabide eta jende guztiari eskertu nahi diet nire bizitza eta nire semearena errespetatzea, orain arte egin duzuen bezala”, bukatu du.

2015ean jaio zen bere semea

2014an ezkondu zen Jacobo Rodriguez Bustamanterekin Donostian. Urtebete geroago haien semea jaio zen.