Monthly Archives: January 2015

Shakiraren eta Piqueren semea jaio da

UNICEFShakira abeslariaren eta Gerard Piqué Bartzelonako futbol-jokalariaren semea jaio da bart Kataluniako hiriburuko Teknon ospitalean.

Zesarea bidez erditu zen Shakira 22:00ak jota, ospitalean hiru ordu egon ostean.

Sacha izena jarri diote semeari, eta hiru kilo pisatu ditu.

Duela astebete Unicef Gobernuz Kanpoko Erakundearen aldeko baby showerra antolatu zuen bikoteak. Horixe bera egin zuten Milan (bikotearen lehendabiziko semea) jaio aurretik. Hori horrela, ongintzazko oparien zerrenda argitaratu zuten, diru-laguntzak jasotzeko asmoarekin.

Besteak beste, poliomielitisaren eta elgorriaren kontrako txertoak, haurrentzako arropak eta lehen sorospenetarako botikinak eskatu zituzten.

Bitxikeriak

Ebakuntza-gelan emakumeak soilik nahi zituen Shakirak, zirujau plastikoa salbu.

 

 

Nor da Cristiano Ronaldoren neska-lagun berria?

christianoCristiano Ronaldok eta Irina Shaykek harremana hautsi dutela jakin genuen duela astebete, eta orain futbolariak neska-lagun berria izan lezakeela zabaldu dute hainbat komunikabidek.

Hain zuen, Lucia Villalon kazetari ezagunarekin lotu dute Real Madrileko aurrelaria. 26 urteko aurkezleak Real Madril futbol-taldearen kate ofizialean egiten du lan.

Aurretik, TVE kateko albistegietan aritu zen Villalon, baina, dirudienez, kirolzale amorratua denez, oso pozik dago lan berriarekin.

Dena den, oraindik ez dugu jaio berri den ustezko harremanaren gaineko xehetasun gehiagorik. Begi-bistakoa da Shayken eta Ronaldoren arteko harremana apurtuta dagoela. Izan ere, futbol-jokalaria bakarrik agertu zen Urrezko Baloiaren galara.

Lucia Villalon, ostera, sari-banaketan izan zen, eta badirudi Ronaldok harekin ospatu zuela garaipena.

Gazteako “Paparazzi” txutxu-mutxuen blogean baieztapen ofizialaren zain geldituko gara.

Leonardo DiCaprio eta Rihanna, elkarrekin

rihannaAkabo Bakea‘ saioa entzun ostean jaso genuen atzo albistea, eta harrezkero aho zabalik gaude. Badirudi, Leonardo DiCaprio eta Rihanna elkarrekin agertu zirela asteburuan Playboyk antolatutako festan.

Biak daude ezkongai, eta arrakastaren bideko giltza poltsikoan daramate batak eta besteak. Badituzte, beraz, hainbat gauza komunean. Horregatik, litekeena da aurki harreman baten berri ematea.

Izan ere, aipatu festan egon ziren zenbait lekukok aitortu dutenez, luze eta zabal aritu ziren hizketan, eta aldiro elkar musukatzen ere ikusi zituzten.

Besteak beste, Paris Hilton, Pamela Anderson, Naomi Campbell, Tobey Maguire eta Hilary Duff izan ziren gonbidatuak, eta horietako batek Twitter bidez zabaldu zuen DiCaprio eta Rihanna elkar musukatzen ari zirela. Dena den, handik gutxira iruzkina ezabatu zuen.

Dirudienez, jaia bukatutakoan 50 Cent musikariaren etxera Joan ziren biak, festan egon ziren gainerako gonbidatuekin batera.

Ez omen da aurreneko aldia aktorea eta abeslaria elkarrekin daudela. Bikote ona egiten duela deritzozue?

Cameron Diazen ustekabeko ezkontza

cameron

Cameron Diaz eta Benji Madden. Argazkia: People.com

Cameron Diaz ez da jada Hollywoodeko urrezko ezkongaien artean ageri. Izan ere, Good Charlotte taldeko Benji Maddenekin ezkondu zen astelehenean 42 urteko aktorea. Hala jakinarazi dio, behintzat, Diazen ordezkariak People aldizkariari, agiri baten bidez.

“Zoriontsu gaude abentura hau elkarrekin, lagunekin eta gure senitartekoekin hasi dugulako”, adierazi du bikoteak argitalpenean.

Zeremonia Los Angelesen duten etxeko lorategian egin zuten, asteburu osoa lagunekin igaro ostean. Besteak beste, Drew Barrymore eta Nicole Richierekin egon zen astebukaeran Cameron Diaz aipatu hiriko zenbait lokaletan.

Bestalde, ezkontzako ospakizunean Gwyneth Paltrow eta Reese Whitherspoon ere egon ziren, 90 gonbidatuen artean.

“Cameronek benetako zoriontasuna aurkitu du”, ziurtatu du People aldizkariak kontsultatutako iturri batek.

Bien bitartean, Diazen eta Madden arteko maitasuna berehalakoa izan zela hitzeman dute bikotearen lagunek. Dirudienez, ezkontzeari zion beldurra kendu dio aktoreari rock musikariak.