Tag Archives: Benito Lertxundi

Joaquin Achucarro, pianista eta gizon prestua

Joaquin Achucarro Leioako etxeko aldapa igotzen. J. L. Nocitoren argazkia.

Bere lanerako/pasiorako bizi den jendea miresten dut. Horren adibidea dira Virginia Berasategi, Benito Lertxundi, Lucia Lacarra eta baita Joaquin Achucarro ere. Hobetzeko asmoz edo lortutako mailari eusteko, eguneko ordu guztiak ematen dituzte praktikatzen. Baina, gainera, Joaquin Achucarrok ia 80 urte ditu eta oso gizon aktiboa da. Igeri egiten du, bizikletaz ibiltzen da, Dallasen eskolak ematen ditu, kontzertuak eskaintzen ditu, CDak grabatzen ditu, eta horrez gain, teknologiari dagokionez den-dena daki. Hori bai, esan zidanez, inoiz ez du telebista ikusten. Normala denez, zenbait gauza baztertu behar izan ditu.

Joaquin Achucarrori elkarrizketa egin nionean, Leioan duen etxean zegoen, Emma emaztearekin. Dallasetik etorri berriak ziren eta hurrengo egunean Sevillara abiatu behar ziren, bertan kontzertua eskaini behar zuen eta. Ez da gelditzen. Elkarrizketa irakurtzen baduzue ikusiko duzue zelako agenda duen; aipatzen entzutea soilik nekagarria da. Baina ez zion elkarrizketari ezetzik esan, asko hitz egiten du eta gizon zintzoa da. Zer gehiago eska dezaket?

Benito Lertxundi, musikari eta poeta % 100ean

Benito gaixorik zegoela esan zidaten, baina ez nion ezer aipatu nahi izan. Hala eta guztiz ere, niri ez zitzaidan horrelakorik iruditu. Olatzek, bere emazteak, erantzun zuen telefonoa, eta berari pasatu zion. Berehala onartu zuen elkarrizketa eta luze hitz egin genuen. Ez zuen behin ere elkarrizketaren haria galdu, ezta antzekorik ere. Hori bai, bere munduan bizi den artista horietako bat dela iruditu zitzaidan. Ez du bere bizitza egiten eta ordu batzuk musikagintzan eman; musika bere bizitza da. Hortaz, Benito Lertxundiri elkarrizketa egiten ari nintzela, inoiz erretiroa hartuko ote duen galdetu nionean, ea orduan zer egingo zuen erantzun zidan.

Benito Lertxundi

Bere alabari buruz ere mintzatu ginen, musikarako ahalmen handia badu ere, lantzea ez du gehiegi gogoko, eta horrek Benito kezkatzen duela iruditu zitzaidan, baita pena eman ere. Orioko abeslariak suabe eta astiro hitz egiten du, eta bere munduan bizi dela ematen du, besteengandik aparte. Beste artista batzuekin harreman askorik ez duela esan zidan; nahiko bakartia dela. Bere lanean islatzen den poeta ukitu hori dauka. Benito musikarako eta musikagatik bizi da; bere abestiak entzuterik baino ez dago hori egiaztatzeko.