Tag Archives: La Otxoa

La Otxoa Jose Antonio Nielfa da

Jose Antonio Nielfa jatorri umileko gizona da, eta nabarmena da hori. Bere naturaltasunean nabaritzen da, bere hurbiltasunean, eta baita hizkeran ere. Ia umea zela hasi zen lanean familiak eramaten zuen tabernan, Bilboko San Francisco auzoan. Garai horri buruz hitz egiten duenean malenkonia igartzen zaio. Azaldu zidanez, orduan, auzo guztia familia zabal baten modukoa zen. Abeslaria izan nahi eta Bartzelonara alde egin zuen. Bertan transformismoaren mundua ezagutu zuen, eta orduan konturatu zen nahiago zuela emakume moduan abestea gizon moduan baino. Gaur arte. Baina Jose Antoniok argi utzi zidan berak ez duela inoiz emakumea izateko nahia izan, La Otxoa bere alter ego artistikoa baino ez dela.

Jose Antonio Nielfa, La Otxoa

Bizitza osoa oholtzen gainean, baina baita barraren bestaldean eman ostean, laster utziko du bere pub ospetsua, Bilboko pertsonai ezagunen topagunea, eta Buenos Airesen duen etxean hartuko du erretiroa. Hala ere, esan zidanez, La Otxoak ez du inoiz erretiroa hartuko. Jose Antonio Nielfari elkarrizketa egin nionean familia gizona iruditu zitzaidan, oso langilea. La Otxoari elkarrizketa egiten diodanean, orduan kontatuko dizuet zer iruditu zaidan.