Monthly Archives: January 2012

Lady Gagaren mutil-lagunak “normalagoa” izateko eskatu dio

Nabarmenkerien erregina da Lady Gaga. Nork ez du gogoratzen haragi-xerraz egindako soineko hura? Askok maite dute Gaga bere ahotsarengatik eta egunez egun ematen dituen ikuskizunengatik. Beste batzuek, ordea, modernoegia eta bitxiegia deritzote.

Gainera, Stefani Germanotta (horrela deitzen da artista) bere pertsonaia bezala bizitzen eta arnasten hasi omen da egunean 24 orduz eta astean zazpi egunez. Hori ez du gogoko bere mutil-lagunak, Taylor Kinneyek. Berarekin dagoenean “normalagoa” izateko eskatu dio eta taula gainean interpretatzen duen pertsonaiaz ahazteko.

Jantzi bitxiak daramatzan eta adierazpen probokatzaileak egiten dituen artista baino zerbait gehiago da Gaga Taylorrentzat. Etxe barruan Stefani Germanotta nahi du eta ez Lady Gaga, artistak barruan duena maite baitu. Neska, dirudienez, bikotekidearen nahia betetzeko prest dago eta “humanoagoa” izango dela adierazi du.

Nork irabaziko du, ordea; maitasunak edo janzteko estiloak?

Britney Spears San Valentin egunean ezkonduko da Hawaiin

Britney Spears hirugarren aldiz ezkonduko da. mutil-lagunak lasaitasuna ekarri du kantariaren bizitzara, igarotako garai gorabeheratsuaren ostean. Artista ez-gai izendatu zutenez, haren aitaren esku utzi zuten bere erabaki-ahalmena apur bat lasaitu artean behintzat, eta orain, ezkontzeko, berriz eskuratuko du artistak bere bizitzaren lema.

Ezkontzeko eguna jada aukeratu du bikoteak. Eta ez nolanahikoa, gainera. Urteko egunik melengena: San Valentin eguna. Hori bai, otsailaren 14an hotzetik urrunduta ospatuko dute euren eguna, Hawaiiko Maui uhartea aukeratu baitute Britney Spearsek eta Jason Trawickek ezkon-leku.

Ez zaie askorik gelditzen beraz, egun handirako. Nola ikusiko ote dugu jantzita artista??

Gogora dezagun hirugarren ezkontza izango dela Britneyrentzat. 2004ko urtarrilean betiko adiskide batekin ezkondu zen, Jason Allen Alexander-ekin, Las Vegasen. Baina gehiegi mozkortu osteko erabakia izan omen zen hura eta, 55 orduren ostean, dibortziatu egin ziren.

2004ko irailean, berriz, Kevin Federline dantzariarekin ezkondu zen. Bi urteko harremanaren eta bi semeren ostean, banandu egin ziren.

Rihanna, zerrikeria-zalea!

Beti bikini antzeko jantziekin ikusi ohi dugu kontzertuetan eta sari-banaketa eta horrelakoetan ere sexy agertzea oso gustuko du Rihannak. Baina saioan mantentzeko ariketa fisikoa gogotik egin behar izaten du, nonbait, Barbado uharteetako artistak, haren ohiko dieta ez baita oso0 osasungarria.

Rihanna zerrikeria-zalea da. Oso zerrikeria-zalea. Eta hori argi gelditu da berriki egindako oporraldian. Hawaiiko etxetzar  pribatu batean zortzi egun eman ditu kantariak eta hantxe haren gustuko litxarkeriarik ez zeukanez, ondorengo guztiak helikopteroz bidal ziezazkioten eskatu zuen:  14 Oreo galleta-pakete, lau gaztadun patata frijitu poltsa, bederatzi Haagen-Daazs izozki-kaxa eta sei pizza handi.

Berriz ere gimnasioan erre beharko ditu Rihannak kaloria horiek guztiak.

Beyonceren lehengusinak haurdun itxurak egitea egotzi dio

Angela Knowlesek Beyonceren haurdunaldia iruzurra izan dela ziurtatu du. Artistaren lehengusinak oso argi utzi du. Beyoncek beste emakume bat kontratatu omen zuen bere ordez haurra izateko eta bederatzi hilabetez umedun zegoelako itxurak egin zituen.

Haurra izango zuela jakin genuenetik zurrumurru ugari izan dira, batzuen ustez haren sabela ez baitzen benetakoa. Oraingo honetan, familiako kide batek hitz egin du. Uste horiek Beyonce telebista-prgrama batean atera zenean hasi ziren. Saio horretan, sabela zimurtu egin zitzaion kuxin bat izango balitz bezala.

Dena den, hilabete batzuk geroago, bikiniarekin jantzita eta sabela agerian ikusi genuen abeslari estatubatuarra Jay Z senarrarekin batera. Bazirudien zurrumurruak hor amaituko zirela, baina lehengusinaren adierazpenek sua suspertu dute. Blue Ivy txikia alokatutako ama batek izan du, Angela Knowlesen arabera.

Egia izango balitz, Beyonce ez litzateke izango sistema hori erabiltzen ospetsu bakarra. Sarah Jessica Parkerrek, Nicole Kidmanek eta Ricky Martinek horrela izan dituzte beren haurrak, eta ezin zoriontsuago daude.

2012ko banatzeak

2012a hasi besterik ez da egin eta bikote ospetsu andana banatu da dagoeneko. Joan den urtea baino okerragoa izango al da hau bikoteentzat?

Seal eta Heidi Klum banatu egin direla jakin dugu gaur. Elkarrekin sei urte ezkonduta eman eta lau seme-alaba izan  ostean, amaitu da maitasun istorioa. Nork esango luke orain dela egun batzuk?

Hollywoodeko beste bikote ezagun batenak ere egin du. Johnny Deep eta Vanessa Paradis banatu egin dira “People” aldizkariaren arabera. Aktoreak eta artista frantziarrak ia 14 urte egin dituzte batera, Parisen, “maitasunaren hiriburuan”, bat-batean maitemindu eta gero.

Marc Anthonyk eta Jennifer Lopezek osatutako bikote mediatikoa duela sei hilabete zapuztu zen baina eskutik helduta ikusi ditugu aste bukaera honetan, biek elkarlanean ekoizten duten telebista programa baten aurkezpenean. Dena den, bakeak egin bai, baina ez dirudi berriz elkarrekin itzuliko direla. Izan ere, Anthonyk bikotekide berriaren omenez tatuajea egin du.

Ez du asko iraun Katy Perryren eta Russell Branden artekoak. Urte berriarekin batera dibortziatzea erabaki dute. Informazio fidagarria da, gainera; izan ere, artistak Twitterretik borratu du Brand, eta senarrak bideo bat grabatu du ezkontza eraztuna kentzen.

Denak ez dira berri txarrak, ordea. Avril Lavigne eta Brody Jenner banatu egin zirelako zurrumurruak entzun genituen duela egun gutxi. Gezurtatu egin du artista kanadarrak Twitter bidez.

Jennifer Aniston, haurdun?

Bonba-eztandaren parekoa. Zurrumurruen arabera, Jennifer Aniston haurdun dago. 42 urteko aktore ospetsua sei hilabeteko omen dago eta, gainera, ez dabil Justin Theroux  bikotekidearekin garai onenak pasatzen.

Orain dela ez asko, bikotea Coloradora joan zen oporretan, krisian zeudelako zurrumurru artean. Hala ere, Hollywoodlife webguneak aktorea haurdun egon litekeela argitaratu du. Horrez gain, bikotea banatzekotan dela eta gertatzen dena kontatzeko Jenniferrek Brad Pitti deitu ziola gaineratu dute.

Jennifer Aniston zeharo nahasita dagoela dirudi. Justin Therouxekin daukan harremana amildegiaren ertzean dagoela ematen duen arren, aktoreari azken erabakia hartzea kostatu egiten zaio.

Ama izateko nahia aspaldidanik izan du Jenniferrek eta Justinekin dabilenetik zurrumurru hori zabaldu besterik ez da egin. Harrigarriena Friends telesaileko aktorea triste sentitzen zela da. Horregatik deitu omen zion Brad Pitt senar ohiari.

Elkarrizketa horretan Bradek Angelina Jolierekin arazoak dituela aitortu zion, Hollywoodlife webgunearen esanetan. Ustez, Jenniferrek berekin bueltatzeko eskatu zion Bradi.

Jennifer Aniston hain etsita omen dago haur txiki batekin eta ezkongabe amaitzearen beldurragatik, ihesbide bakartzat Brad Pitt berreskuratzea jotzen du. Egia izango al da?

Britney Spearsen trapu zikinak, agerian

Abeslariaren bizkartzain ohia, Fernando Flores, berriz dator erasoan. 2010ean auzitara eraman zuen Spears sexu-jazarpenagatik eta oraingo honetan, zehaztasun guztiekin, bere nagusi ohia nola dibertitzen zen kontatzeko prest dago.

Aldizkari bat motz geratzen omen zaio eta, horregatik, liburu bat idaztekotan da,  artista horren bizitza pribatuaren inguruko guztiak kaleratzeko. Britney Spearsen trapu zikinak milioi bat dolarretan balioztatu dituzte, argitaletxeak diru hori ordainduko baitio bizkartzainari.

Floresen arabera, emakumeekin egindako orgiak abeslariaren galbidea ziren. “Sexu grina handia” omen zeukan eta biran zegoenean askatzen zuen bere alderik haragikoiena. Bizkartzainak ContactMusic webgunean adierazi duenez, “biretan dantzari gazte eta ederrak eramaten zituen eta gauzak bere onetik irteten ziren. Alkohola, drogak, festa hidromasaje bainuontzietan…”.

Bizkartzainak bere begiekin horrelakorik ikusi ez duela aitortu duen arren, orgia horietan gertatzen zen guztia Britneyk berak kontatzen ziola gaineratu du. Hala ere, behin abeslaria neska gehiagorekin jacuzzi batean ikusi zuela ziurtatu du. Nagusientzako film batekoa zirudien eszena horren aurrean, Spearsek esan omen zion: “Biran gaude eta hau eromena da”.

Zalantzarik gabe, ematen digun irudia gaur egunekoaren oso ezberdina da, abeslaria Jason Trawick managerrarekin ezkontzekotan baitago.

Elsa Pataky haurdun dago

Urte bat bete da Elsa Pataky eta Chris Hemsworth aktore australiarrarekin ezkondu zenetik eta ‘Hola’ aldizkariari emandako elkarrizketa esklusiboan iragarri du haurdun dagoela.

35 urteko aktorea Los Angelesen bizi da eta, baieztatu berri duenez, bera eta senarra zoriontsu daude albistearekin. Udaberrian jaioko da bikotearen lehen haurra. “Berdin zaigu neska edo mutila izan, osasuntsu etor dadila” esan du artistak eta, gaineratu duenez, ez dute jakin nahi zer izango den.

Patakik betidanik nahi izan du familia osatu eta, orain, “pertsona egokia” alboan duelako hartu omen du erabakia.

Aldizkari ezagunari emandako elkarrizketan ez da Chris Hemsworth agertu, ezkontza zela eta emandako esklusiban egin zuen moduan.  Bikotearen argazki askorik ere ez dago, australiarrak ez baitu gustuko horrelako kontuetan ibiltzea. Hori dela eta, askotan jarri da zalantzan bikotearen arteko maitasun harremana. Hori bai, aste honetan, en sari-banaketan elkarrekin agertu ziren eta jendearen zurrumurruak isilarazi zituzten.

Beyoncek espazioan grabatu nahi du bideoklip bat

Zurrumurruek astakeria hutsa badirudite ere, edo hain justu, agian horrexegatik, berehala zabaldu dira Interneten. Beyoncek eta Jay-Z haren senarrak espaziora joan nahi dute bideoklip bat 0 grabitatean grabatzeko.

‘The Sun’ egunkariari bikotearen hurbileko iturri batek adierazi dionez, kantari estatubatuarraren diskoetxea bideoklip bat espazioan grabatzeko negoziaziotan murgilduta dabil.

Arraroa badirudi ere, badirudi egia zain daitekeela hau guztia, bai Beyoncek, bai Jay-Z-ek harreman oso ona baitute Sir Richard Bransonekin, Virgin Galactic konpainiaren nagusiarekin. Konpainia horrek laster ekingo dio orbita barruko espazio-hegaldiak merkaturatzeari eta edonork izango du esperientzia hori bizitzeko aukera, ordain dezakeen heinean, jakina.

Justin Bieber-ek Michael Jackson berria izan nahi du

Justin Bieber kantari kanadarrak beti ematen du zeresana eta, oraingoan, urte berrirako dauzkan asmoek ekarri dute guztion ahotara. Adin orotarako egokia eta garbi-garbia izan nahi du artistak 2012rako, hain zuzen ere, adinez nagusitasuna emango dion urterako, martxoan beteko baititu 18 urte.

Berriki emandako elkarrizketa batean esan du ondorengoak direla bere helburuak: 30 urterekin izar izaten jarraitzea, ez sexuari eta drogei buruz abestea eta bere idoloa bezalakoa izatea, alegia, Michael Jackson bezalakoa.

Are gehiago, badirudi hiru erronka horiek lotuta daudela. Baieztatu duenez, Bieber gazteak ez du nahi jendeak izar nerabe huts gisa har dezan: “Michael Jacksonek egin zuena egiteko gai izan nahi dut: beti abesti zuriak abestu zituen… Ez dut drogei eta sexuari buruz abestu nahi eta ez ditut biraoak eta hitz itsusiak erabili nahi. Sekula ez nahiz bilakatuko haurrek eta gurasoek onartuko ez luketen norbait”.