Tag Archives: Virginia Berasategi

Joaquin Achucarro, pianista eta gizon prestua

Joaquin Achucarro Leioako etxeko aldapa igotzen. J. L. Nocitoren argazkia.

Bere lanerako/pasiorako bizi den jendea miresten dut. Horren adibidea dira Virginia Berasategi, Benito Lertxundi, Lucia Lacarra eta baita Joaquin Achucarro ere. Hobetzeko asmoz edo lortutako mailari eusteko, eguneko ordu guztiak ematen dituzte praktikatzen. Baina, gainera, Joaquin Achucarrok ia 80 urte ditu eta oso gizon aktiboa da. Igeri egiten du, bizikletaz ibiltzen da, Dallasen eskolak ematen ditu, kontzertuak eskaintzen ditu, CDak grabatzen ditu, eta horrez gain, teknologiari dagokionez den-dena daki. Hori bai, esan zidanez, inoiz ez du telebista ikusten. Normala denez, zenbait gauza baztertu behar izan ditu.

Joaquin Achucarrori elkarrizketa egin nionean, Leioan duen etxean zegoen, Emma emaztearekin. Dallasetik etorri berriak ziren eta hurrengo egunean Sevillara abiatu behar ziren, bertan kontzertua eskaini behar zuen eta. Ez da gelditzen. Elkarrizketa irakurtzen baduzue ikusiko duzue zelako agenda duen; aipatzen entzutea soilik nekagarria da. Baina ez zion elkarrizketari ezetzik esan, asko hitz egiten du eta gizon zintzoa da. Zer gehiago eska dezaket?

Virginia Berasategi eta emakume kirolarien krisia

Virginia Berasategi Hawaiin

Kalifornian harrapatu nuen Virginia, baina itzuli eta berehala elkarrizketa lotzeko emaila idatzi zidan. Virginia Berasategiri elkarrizketa egiten nion bitartean, bera Plentziako taberna baten terrazan zegoen, zerbait hartzen. Bere familiak pisu bat dauka Plentzian eta bertan eman izan ditu Virginiak udak. Erlaxatuta eta pozik sumatzen zitzaion. Baina etorkizunari buruz galdetu nionean, zera esan zidan: “Ai, ez galdetu horrelakorik, krisian nago eta”. Adin batera helduta, emakume kirolariek erabaki bat hartu behar dute: ama izan eta ibilbide profesionala utzi (tarte baterako edo behin betiko) edo amatasunari uko egin. Gogorra, ez?

Ideiak argi dituen neska iruditu zitzaidan; badaki zer gustatzen zaion eta badaki zeri egin behar izan dion uko kiroletik bizitzearen truke. Gainera, oso atsegina da. Zenbaitetan, elkarrizketa egiten duzunean igartzen duzu elkarrizketatua ez dagoela gustura, baina Virginiak lagun batekin egongo balitz bezala hitz egiten zuen, eta eskertzekoa da. Miribillan duen pisuan bizi da Virginia, entrenatzen da, Alemaniako txirrindulari batekin dabil eta bidaia asko egiten ditu. Bizitza sinplea du eta neska maitagarria da.