Monthly Archives: March 2012

Jennifer Lopez, mutil-lagunaren esanetara

Argazkia: FameFlynet Pictures

Jennifer Lopez abeslaria Mexikon egon da “Follow the Leader” abestiaren bideoklipa grabatzen. Kanta Wisin eta Jandel musikarien lankidetzarekin prestatu du New Yorkeko abeslariak eta segur aski uda honetako abesti entzunenen artean egongo da.

Kantaren bideoklipa zuzentzearen arduraduna Casper Smart, abeslariaren mutil-laguna, izan da. Bideoa filmatzen zuten bitartean, oso maitekor azaldu dira biak; etengabeelkar  musukatzen eta besarkatzen.

Badirudi bien arteko harremana indartzen ari dela; izan ere, bideoklipa grabatzen hasi baino egun batzuk lehenago, Rio de Janeirora bidaiatu zuten egun batzuk elkarrekin pasatzeko. Hilabete hasieran, Rumorfix webguneak bikoteak Hawaiin ezkontzeko asmoa zeukala argitaratu zuen, baina Jennifer Lopezen agenteak berehala ezeztatu zuen albiste hura.

Megan Fox, haurdun?

Albisteak ez du inolako baieztapenik izan baina, Star aldizkariak iragarri duenaren arabera, Megan Fox eta Brian Austin Green aktoreak haur esperoan dira. Aldizkariak bikotearen hurbileko iturriren batetik jaso omen du albistea eta, haren arabera, bikotea ezustean harrapatu du berri pozgarriak.

Oraingoz, ez Megan Foxek, ez Brian Austin Greenek, ez dute albistea baieztatu, ezta gezurtatu ere, baina, aldizkariak argitaratu dutenez, “izugarri pozik daude“. Hori bai, oraingoz ez dute publiko egiteko asmorik, goiz xamar delako.Megan Fox (25 urte) eta Brian Austin Green (37 urte), 2010ean ezkondu ziren Hawaiin egindako ospakizun intimoan. 2004an ezagutu zuten elkar eta, bi urteren ostean, ezkontzeko konprometitu ziren. Hori bai, harremana eten zuten 2009. urtearen hasieran. Baina maitasunak desadostasunek baino indar handiagoa eduki zuen eta, harremanari berriz heltzeaz gain, ezkondu ere egin ziren.

Megan Foxentzat lehen haurra izango da; Brian Austin Greenek 10 urteko seme bat dauka, Vanessa Marcil aktorearekin izandakoa.

Shakirak eta Piquek luxuzko etxea erosi dute Bartzelonan

Argazkia: EFE.

Azken boladan krisian zeudelako zurrumurrua bazebilen ere, Shakira eta Piqueren arteko harremana indartzen ari dela ematen du. Bikote gazteak etxe handi eta dotorea erosi du Bartzelona kanpoaldean elkarrekin bizitzeko.

Une honetan, David Meca igerilariaren etxea alokatuta zeukan bikoteak, Bartzelonan; baina Shakirari ez zaio hirian bertan bizitzea gustatzen eta ondorioz, etxe berri baten bila hasi zen bikotea duela hilabete batzuk.

Dirudienez, aukeratutako etxea lursail erraldoi batean kokatuta dago, guztiz baztertuta. Intouch aldizkariaren arabera, etxebizitzak itxura modernoa dauka eta kristal tindatuak. Era horretan, pribatutasuna eta argazkilarien irismenetik kanpo egotea lortu nahi du bikoteak.

Shakira eta Pique pertsona ezagunak dira eta euren lanbidean arrakasta handia dute; beraz, ez da harritzekoa etxe garestia erostea. Gainera, abeslariak oso harreman ona omen dauka futbol jokalariaren familiarekin, eta horregatik erosi dute etxea Bartzelona inguruan, Piqueren familiaren etxetik hurbil.

Marilyn Manson eta Lana del Rey lagunak baino zerbait gehiago?

Argazkia: Target Presse

Marilyn Manson eta Lana del Rey artistak Berlinen egon ziren joan den astean. BZ alemaniar egunkariaren arabera, elkarrekin afaldu zuten biek, Mansonek Rammstein taldearekin kontzertua eman ostean.

Grille Royale jatetxean afaldu ondoren, bakoitza bere aldetik joan zen, baina, lekuko baten arabera, gero hotelean elkarrekin egon ziren. Dirudienez, biak batera sartu ziren igogailura Mansonen logelara joateko.

Albistea nahiko harrigarria da, Lana del Rey Barrie O’Neil musikari irlandarrarekin egon baita azken zazpi hilabeteetan. Kontzertu batean ezagutu zuten elkar, Lana del Reyren “Video games” kanta elkarrekin abestu zutenean.

Iker Casillas eta Sara Carbonero ezkontzekotan

2010an Hegoafrikako Mundu Txapelketan horien arteko harremana ezagun egin zenetik, komunikabideek etengabe hitz egin dute Iker Casillas eta Sara Carbonerori buruz. Joan den hilabetean kazetariak 28 urte bete zituen eta mutil-lagunak Cartier marka ezaguneko eraztun bat oparitu zion. Zurrumurru ugari egon ziren opariaren inguruan, eta ezkon-hitzeko eraztuna ote zen zabaldu zuten batzuek.

Oraingoan, bikotearen lagun batzuk izan dira informazio hori egiazkoa dela esan dutenak. Izan ere, Lecturas aldizkarian egindako adierazpen batzuetan, kazetaria eta atezaina uztailean ezkonduko direla ziurtatu dute.

Oraingoz, bikoteak ez du horren inguruan ezer esan, baina beti euren intimitatearekin oso diskretuak izan diren arren, egindako azken elkarrizketetan familia osatzeko gogoa dutela adierazi dute biek.

Rihannaren xelebrekeriak

Rihanna Armani Jeansen kanpainan.

Aski ezaguna da pertsonaia ezagunek mania eta kapritxo bereziak dituztela. Oraingoan, Rihannak bere azken bideoklipa grabatzeko lanetan egindako eskakizunei buruz arituko gara.

Abeslaria Erresuma Batuan zegoen “Where Have You Been” kantaren bideoklipa grabatzen bere eskaera bitxietako bi egin zituenean. Lehenik eta behin, bere inguruan bananarik ez egotea exijitu zuen. Dirudienez, kantariak fruta hori gorrotatzen du eta asko haserretzen da baten bat ikusten duenean.

Horrez gain, bideoklipa grabatzen ari zen lekuan ohe erraldoi bat jartzeko eskatu zuen. Filmazioan egondako iturri baten hitzetan, askotan gertatzen den bezala, aurreko egunean ere berandu arte egon zen parrandan Rihanna. Hala ere, abeslariari ez zaio gustatzen hitzordu profesionalak ezeztatzea eta bideokliparen eszena baten eta beste baten artean lo-kuluxka egiteko ohe erraldoi bat eskatu zuen.

Imajinatu dezakezuenez, hauek ez dira izan kantariaren xelebrekeria bakarrak. Azken hilabetean milaka dolar gastatu zituen bere ile-apaintzaile pertsonala Los Angelesetik Londresera eramateko.

Bruno Marsen ilerako sekretuak: patata frijituak, zukuak eta margarina

Bruno Mars kantaria ibilbide oparoa osatzen ari da. Aski ezagun egin da “Just the way you are”, “Grenade” eta “The lazy song” kantuei esker, besteak beste, eta bere itxurari dagokionez, oso ezaguna da orrazten duen tupea.  Eta, agian, are ezagunagoa egingo da orain, baina ez diogu berdin begiratuko bere ileari.

Ba al dakizue nola lortzen duen orrazkera mantentzea? Bada, ez du lakarik eta antzerakorik botatzen. Margarina, zukuak eta barbakoa  zaporedun patata frijituak erabiltzen ditu orrazkerari eusteko. Gainera, kantariak aitortu du ilea ez duela askorik garbitzen eta lehorrean garbitzeko xanpuak erabiltzen dituela.

Ospea, sariak eta dirua izango ditu Bruno Marsek, baina, hau da hau narratsa!

Madonna, mutil-lagunarekin ezkontzekotan

Daily Mail egunkari britainiarraren arabera Brahim Zaibatek, Madonnaren mutil-lagunak, berarekin ezkontzeko eskatu dio. 24 urteko dantzari gaztea eta abeslari estatubatuarra urte batez egon dira elkarrekin.

Zaibatek duela hiru aste egin omen zion Madonnari eskakizuna, Kabalaren zentro batean, New Yorken. Biek praktikatzen dute erlijio hau eta unea aprobetxatu zuen mutilak galdera egiteko. Hala ere, abeslariak pentsatzeko denbora behar zuela erantzun zion. Izan ere, 2008an Guy Richierekin dibortziatu zenean, abeslariak oso ziur adierazi zuen ez zela berriz ezkonduko.

Artista ezagunaren lagunek adierazi dutenaren arabera, Madonna oso pozik dago Zaibatekin. Hala ere, haiek ez dute uste ezkontzeko prest dagoenik: “Asko gustatzen zaio mutil gazteekin egotea, berari ere gazte sentitzen laguntzen diotelako eta bakarrik egoteak asko beldurtzen du, baina benetan maiteminduta dagoelako ezkondu beharko zuen”.

Baietza ematekotan abeslariaren hirugarren ezkontza izango zen hau eta estatubatuarrak oso ziur egon nahi du erabakia hartu aurretik. Aipatu beharra dago bikotekideen arteko adin ezberdintasuna 29 urtekoa dela.

Angelina Jolieren eta Brad Pitten ezkontza, arriskuan

Hollywoodeko bikote sendoena osatzen dute Angelina Joliek eta Brad Pittek eta horren erakusgarri dira izan eta adoptatu dituzten haurrak eta espero dituzten beste biak. Baina, hala ere, Angelina Jolie jeloskor jartzen da eta, oraingoaz, ezkontza atzeratzea erabaki du.

Eta noren eraginez jarri da jeloskor Angelina? Bada, jakina, Jennifer Anistonen eraginez.

Kontua da Brad Pitti haren emazte ohiari buruz galdetu ziola Maddox semeak eta hark ezer ezkutatu gabe kontatu ziola harekin ezkonduta egon zela. “Jennifer asko maite nuen eta harekin ezkonduta egon nintzen”, esan zion Pittek. Eta Joliek dena entzun zuen.

Bada, horren eraginez, Angelina oso jeloskor jarri da eta ezkontzako prestakuntza lan guztiak geldiarazi ditu. Bikoteak ez du orain dela gutxi arte ezkontzeko asmo handirik izan eta orain, haserrealdi honen ondorioz, krisia sortu da bikotean.