Monthly Archives: February 2012

Jay-Z, Rihannarekin kezkatuta

Astean zehar, polemika handia egon da Amerikako Estatu Batuetan Rihannaren eta Chris Brownen arteko hurbilketaren inguruan. Izan ere, bi abeslariek duela hiru urte elkarrekin izan zuten amodio kontua oso era txarrean bukatu zen Chris Brownek Rihanna jipoitu zuenean.

Orain, abesti bi prestatzeko lankidetza bati ekin diote eta Rihannaren inguruko pertsona asko kezkatuta daude. Horien artean dago Beyonceren senarra, Jay-Z ekoizlea. Horren lagun baten arabera, Jay-Z Rihanna eta bere mutil-lagun ohiaren arteko harremanaren aurka azaldu da.

Ekoizlea oso penatuta omen dago, ez duelako ulertzen gizon bati nola bururatzen zaion emakume bat jipoitzea. Gainera, ez zaio batere eredugarria iruditzen Rihanna bere jarraitzaileei erakusten ari den jarrera. Horren ustez, tratu txarrak jaso dituen emakume bat jo duen gizonarekin bueltatzea oso larria eta arriskutsua da.

Dirudienez, Beyoncerekin neska txiki bat izan zuenetik, emakumeak babesteko behar handia sentitzen du ekoizleak, eta horregatik adierazi nahi izan du bere iritzia, Rihannaren mesedetan.

Pete Dohertyk haurra izan du

Kate Mossen bikotekide ohiak badu zer ospatu. Aisling izeneko haurra izan du Lindi Hingston modelo hegoafrikarrarekin. Oraingo honetan badu aitzakia parranda egiteko.

Babyshambles taldeko buruak ez du izan haurra ezagutzeko aukerarik, ordea. Izan ere, Hegoafrikara sartzeko baimenik ez du lortu fidantzapeko askatasunean dagoelako. Dena den, Hingstonek Doherty “pozez zoratzen” dagoela adierazi du.

Kate Mossekin behin betiko moztea ekarri zuen Libertines taldeko kide ohiak modelo hegoafrikarrarekin izan zuen amodioak. Nahiz eta guraso bihurtu  berri diren, maitasun harreman eten dute. Hala ere, lagun onak izaten jarraitzen dute.

Aisling txikia ez da Dohertyren lehen haurra. Lisa Moorish artistarekin Astile izeneko umea izan zuen 2003an eta horren izena darama lepoan tatuatuta.

Beyonce 20 kilo argaldu da hilabeteko epean

Beyonce oso pozik dago urtarrilaren 7an jaiotako Ivy Blue Carter alabarekin eta bizitza aldatu diola aitortzen badu ere, gorputzari dagokionez, haurdunaldia atzean utzi, eta lehengora itzuli nahi du artistak. Eta buru-belarri dabil horretan. Hilabeteko epean 20 kilo argaldu da.

Horretarako, gogor ari da lanean Beyonce. Entrenatzaile pertsonala kontratatu du artistak, izarrak entrenatzen iaioa den Marco Borges entzutetsua, alegia. Harekin, egunero entrenamendu gogorra egiten du eta dieta zorrotz bati ere jarraitzen dio. Helburu bat dauka orain kantariak: 58 kiloko pisua izatea.

Naomi Campell, gorputza zaintzeaz arduratuta

Nazioarteko modelo ospetsuenetakoa izan da eta zeresana ematen jarraitzen du oraindik ere. Ebanozko jainkosak erreportaje baterako posatu du eta bertan bere inguruko hainbat mito gezurtatu ditu. Bere burua inoiz ez duela top bezala ikusi adierazi du: “Nik ez daukat superbotererik”.

Ibiltokietako mito bihurtu da eta, 41 urte izan arren, modelo ederrenen artean dagoela argi dago. Nahiz eta ofizialki erretiratuta egon, lirain mantentzeko, bere elikadura asko zaintzen duela aitortu du.

Dieta zorrotza egiten du Naomik: “Niretzat karbohidratoak gutizia dira”. Eder egoteko lurrunezko bainuak egiteaz gain, azala leun mantentzeko “ahal den guztia” egiten duela adierazi du.

Modelo garaietan harro esaten zuen gorputza ez zuela askorik zaintzen. 1999an, haren ibilbideko gorenean, argi utzi zuen: “Inoiz ez dut dieta egin. Erre egiten dut eta baita edan ere. Inoiz ez dut entrenatzen”. Hala ere, “gogor” lan egiten zuela adierazi zuen.

Orain, 40 urteak pasatuta, Naomik gehiago zaintzea erabaki duela dirudi; izan ere, egiten duena “maite” duela onartu du. Aldatzen eta eboluzionatzen jarraitzeko unea dela uste du: “Aldaketa, birsortzea eta aldakor hitzak gustatzen zaizkit. Ez dut gogoko aurrez jakin daitekeena”.

Robert Pattinson, emakumeekin paregabea!

Twilight filmeko banpiro erakargarriak Bel Ami oraindik estreinatu ez den lanean emakume andanarekin oheratu dela adierazi du, eta guztiak neska katxarroak direla. “Tonaka” neska izan dira, Robert Pattinsonen arabera.

Nerabeen idolo eta aktoreak esan duenez, pelikularen grabaketan emakume erakargarri ugari zeuden. Filmean parte hartu duten gainerako aktoreez aritu da Pattinson: “Christina Ricci, Uma Thurman,  Kristen Scott Thomas… Guztiekin oheratu naiz”.

George Duroy antzeztu du Bel Ami-n, pobreziatik irten eta gizarteko klase altuenetan sartzeko bere edertasuna erabiltzen duen gaztea. Britainiarrak Twilight filmeko Edward Cullen banpiroaren pertsonaiarekin batere antzik ez duen pertsonaia bat gorpuztu duela azaldu du: “Dirua lortzeko emakumeak erabiltzen dituen gizon bat interpretatu dut. Edwardek ez luke onartuko”.

Zer pentsatuko du Kristen Stewartek adierazpen horietaz?

Ospetsuen haurdunaldiak, zorionak denei!

Aurreko urtean aktore eta abeslari ospetsu pila batek izan zuen haurra. Beyoncerena izan zen, beharbada, sonatuena. Aurten ere bide beretik goazela ematen du.

Angelina Jolie eta Brad Pitten klana haziz doa. Sei seme-alaba zituzten zaintzeko eta laster zortzi izango dituzte. Bai, zortzi. Angelina bikiz haurdun dago eta udan erdituko duela aurreikusten dute. Hainbeste urte elkarrekin izan ostean, ezkontzeko aitzakia aurkitu al dute?

Ez da haurra izango duen bikote ospetsu bakarra Angelina eta Bradena. Sienna Miller aktorea ere haurdun dagoela baieztatu du bere ahizpak. Jude Lawekin izandako harremana hautsi ostean Tom Sturridgerekin azkar aurkitu du maitasuna.

Nena Daconte taldeko Mai Meneses kideak Twitter bidez eman du berria. Eduardo Baeza eta biek haurra izango dute laster. Bikotea aurreko urteko azaroan ezkondu zen eta ez dute luze jo harremanean beste pausu bat emateko.

Orain dela aste batzuk blog honetan aurreratu genizuen bezala, Elsa Pataky umedun dago. Hirukote ederra osatuko dute txikiak, aktoreak eta Chris Hemsworth bikotekideak.

Horrez gain, Eva Longoriaren ingruruko zurrumurruak zabaldu dira Hollywood aldean. “Desperate Housewives” telesaileko aktore ezagunak Eduardo Cruzekin, Penelope eta Monica Cruz aktoreen anaiarekin, maitasun harremana du. Azken egunetan Evari sabela pixka bat hasi zaiola konturatu dira asko. Aktoreak ez du adierazpenik egin horren inguruan. Haurdun egongo ote da edo gimnasiora joatea utzi du?

Beyonce, unibertsitateko ikasgai

Lady Gaga izan zen lehena unibertsitate bateko ikasgai bihurtzen, eta, orain, New Jerseyko Rutgers Unibertsitateak Beyoncerekin ere hala egin du. Ez aljebra, ez kimika organikoa, ez geografia; abeslari ospetsuak dira interesgarriak programazio akademikoan.

Esaten dutenez, Beyoncek garai honetako kultura markatu du eta politikan ere eragin du, izan ere, Obamaren hauteskunde kanpainan hartu zuen parte. Horregatik gehitu dute ikasketa eskaintzara “Beyonce politizatzen” izeneko ikasgaia. Emakume eta Genero Ikasketen Departamentuak emango du eta dagoeneko ikasle askoren jakin-mina piztu du.

Unibertsitateko arduradunen arabera, artista gizarte-eragiletzat hartuko dute ikasgai horretan, horren irudi publikoa aztertzeko. Beyonceren bideoak eta abestien hitzak analizatu eta beste afroamerikar ospetsuekin alderatuko dute, betiere genero ikuspegia galdu gabe.

Abeslariaren anatomia aztetuko al dute ikasgaian zehar?