Monthly Archives: July 2012

Lady Gagaren gorabehera sentimentalak

Lady Gaga

Abeslari estatubatuarrak bihotza lanpetuta duela dirudi; izan ere, Taylor Kinnev bere mutil-laguna gurasoei aurkeztea erabaki du. Daily Mail egunkari britainarrak argitaraturikoaren arabera, bere aitak New Yorken duen jatetxean bildu ziren guztiak elkarrekin afaltzeko.

Beste hainbat iturrik esan dutenez, ordea, beste mutil bat ezagutu du Grezian. Giovanni omen du izena eta Plakako jatetxe baten jabea da. Orain dela gutxi jakin dugu etxe berria eraikitzen ari dela Mediterraneoko herrialde horretan.

Hori dela eta, sarri joan behar izan du lanak gainbegiratzera. Bide batez, amodio kontuetarako tartea ere atera du egonaldi horietan. Nor aukeratuko ote du azkenean? Denborak baino ez digu zalantza argituko.

Zurrumurruak faltsuak ziren: Penelope Cruz ez dago haurdun

Joan den astean, Penelope Cruzen balizko haurdunaldiaren inguruko zurrumurruen berri eman genizuen; hala ere, informazio hori faltsua dela adierazi du Antonio Rubialek, aktorearen ordezkariak.

Prentsa ohar labur eta zehatz batean ezeztatu du Antonio Rubialek aktorearen inguruko zurrumurrua: “Penelope Cruz ez dago haurdun”.

‘Espejo Publico’ telebista saioaren arabera Cruzek hiru hilabete zeramatzan haurdun, eta urte amaierarako bigarren seme-alaba bat izango zuen.

Rihanna, lagunekin oporretan

Rihanna. Argazkia: twitter

Uda garaian murgilduta gaude bete-betean, eta pertsonaia ospetsuen oporrak dira albiste egunotan. Rihannaren txanda dugu oraingoan. Lagunekin egun batzuk lasai igarotzea erabaki du. Hainbat zurrumurruren arabera, Drake bere mutil-lagun ohiarekin zen oporretara joatekoa.

Azkenean ordea, Kosta Urdina eta bere lagunak aukeratu ditu Barbadoseko abeslariak azken asteotan bizi izandako une latzak gainditzeko. Erabaki egokia izan dela dirudi, eta horren berri eman nahi izan digu twitter sare sozialean igotako argazki baten bidez.

Bertan, luxuzko yate eder batean ikus dezakegu Rihanna, bikinia jantzita. Itxura guztien arabera, opor zoragarriak igarotzen ari da. Litekeena da, gainera, egonaldia luzatzea. Ez da ez terapia makala!

Shakira eta Pique, elkarrekin oporretan

Zurrumurru ugari entzun ditugu azken asteotan bikote famatu honen inguruan. Shakira haurdun dagoela diote batzuk. Elkarren arteko harremana eten egin dutela esan duenik ere bada. Ez batak ez besteak, ordea, ez du ezer esan.

Shakira eta Pique oporretan. Argazkia: twitter

Ohikoa den moduan, sare sozialak aukeratu dituzte oraingoan ere beraien bizimoduaren berri emateko. Gerard Pique Bartzelonako futbol-jokalariak argazki berri bat ipini du twitteren duen profilean. Bertan, paddleboarding izeneko kirol-jarduera egiten ikus daitezke.

Hala, beraz, txutxumutxu guztiak ezeztatu, eta biak batera zoriontsu bizi direla argi utzi nahi zan dute.

Penelope Cruz haurdun dago

”Espejo Publico” telebista saioaren arabera, Penelope Cruzek eta Javier Bardemek beste seme-alaba bat izango dute laster.

Dirudienez, aktore ezagunak hiru hilabete daramatza haurdun, eta urte amaierarako izango du bigarren seme-alaba. Albistea bikotearen hurbileko lagun batzuek eman dute, eta duela gutxi Madrilen Peneloperekin iragarki bat grabatu zuen aktore batek egiaztatu du.

Javier Bardemek eta Penelope Cruzek 18 hilabeteko seme bat dute dagoeneko, Leo, eta orduan ia amaitu arte ez zuten haurdunaldiaren berri eman.

Lenny Kravitz, maiteminduta?

Lenny Kravitz eta Elisabetta Canalis. Argazkia: omg

Abeslari ezagunak bikote berria duela dioten zurrumurruak zabaldu dira azken egunotan. Nor ote da? Antza denez, Elisabetta Canalis aurkezle italiarra da Lenny Kravitzen konkista berria.

Horixe baieztatu du Daily Mail egunkariak. Izan ere, elkarrekin ikusi zituzten 123 Ibiza Festival jaialdian, oso jarrera maitekorra zutela. Hedabide britainiarrak helarazi duenaren arabera, biak batera iritsi ziren eta, ondoren, Naomi Campbell eta bere senargaiarekin elkartu ziren.

Lenny Kravitzek neska-lagun ospetsu ugari izan ditu: Nicole Kidman, Adriana Lima eta Gisele Bündchen, besteak beste. Elisabettak, bestalde, harreman luzea izan zuen George Clonney aktorearekin.

Oso garestia da Jennifer Lopez engainatzea

Ez dakigu egia ote den, baina zurrumurruek diote Jennifer Lopezek engainuen aurkako neurriak hartzea erabaki duela.

Abeslariak Casper Smartekin daukan harremana gero eta serioagoa da; hala ere, ezkontzean pentsatu aurretik baldintza bat ezarri omen dio Lopezek mutil-lagunari: fidela izango dela ziurtatzen duen kontratu bat sinatzea. Horren arabera, Casper Smartek milioi bat dolar baino gehiago ordaindu beharko dio abeslariari, noizbait engainatu egiten badu.

Casper Smart dantzaria da, eta, Jennifer Lopezen azken bideoklipean agertu zenetik, gero eta ezagunago egiten ari da: urtebetean 480.000 dolar irabaztera iritsi da. Neska-laguna engainatzekotan, kontratuak dioena ordaintzeko diru nahikoa izango ote du dantzari gazteak?

Perretxiko haluzinogenoak onuragarri?

Adam Levineren ustez, perretxiko haluzinogenoak onuragarriak izan daitezke. Hala adierazi du Maroon 5 taldeko abeslariak Q aldizkarian eskainitako elkarrizketa batean.

Levinek adierazi duenez, perretxiko haluzinogenoekin izandako esperientzia onuragarria izan zen berarentzat: “Neure buruari buruz pentsatzea eragin zidaten, eta beste era batean ulertuko ez nituzkeen gauzak konprenitzen lagundu zidaten”. Gainera, txikitan izaten zituen zenbait sentimendu horiei esker berreskuratu zituela azpimarratu zuen abeslariak.

Perretxiko haluzinogenoak probatu dituen arren, estatubatuarrak oso argi dauka droga guztiak direla arriskutsuak: “Noizbehinka droga horiek probatzea onuragarria iruditzen zait, baina gehiegi erabiliz gero maniako psikotiko baten antzera bukatzeko arriskua dago”.

133.075 dolarreko soineko bat erosi du Lady Gagak

Askotan hitz egin dizuegu Lady Gagaren janzkera bitxiaren inguruan; duela gutxi, abeslariak labezomorroz egindako txapel bat erosi nahi zuela jakinarazi genizuen.

Ohitura horri jarraituz, historiako soinekorik garestienetako bat erosi du Lady Gagak, Alexander McQueen diseinatzaile zenak 2008ko udazkenean aurkeztutakoa.

WWD webgune estatubatuarraren arabera, Londoneko Christie’s enkante-etxeak jarri zuen salgai soinekoa, eta abeslariak telefonoz hartu zuen parte enkantean. 133.075 euro ordaindu zituen jantzia eskuratzeko.

Soinekoa zetazkoa da, marfil kolorekoa, eta Daphne Guinnes artista britainiarrarena zen, 2010ean bere buruaz beste egin zuen Alexander McQueenek diseinatu zuen, eta ‘’The Girl Who Lived in the Three’’ izeneko bildumaren parte zen.

Lady Gaga McQueenen lagun izan zen denbora luzean, eta hura hil denetik abesti eta sari ugari dedikatu dizkio.