Monthly Archives: August 2013

Beyonce, ”garçon” erara

Beyonce, ilea moztuta. Argazkia: Instagram

Beyonce, ilea moztuta. Argazkia: Instagram

Joera berrienen arabera, oso modan dago ilea garçon erara moztu eta adatsa motz-motz uztea. Aktore, abeslari eta artista askok erabaki dute ile luzeari agur esatea: Rihanna, Miley Cyrus, Charlize Theron eta Alicia Keys, besteak beste. Horietako gehienek, gainera, sare sozialen bidez erakutsi digute itxura berria.

Moda horrekin bat egitea erabaki duen azkena Beyonce abeslaria izan da. Antza denez, arazo txiki bat izan zuen azken kontzertuan, ilea haizagailu batekin trabatu zitzaiolako. Halako ezustekoak saihesteko, arazoa errotik konpontzea erabaki du, eta Instagram bidez erakutsi digu emaitza.

Ez da orrazkera aldatzen duen lehen aldia; izan ere, kolore eta moldaketa ugari ikusi dizkiogu orain arte egindako ibilbidean. Oraingoan, ordea, zur eta lur utzi ditu jarraitzaile asko. Beraz, badirudi Beyonceren itxura berriak aldeko eta kontrako iritziak jaso dituela. Egingo al zenukete halako itxura aldaketa?

Kylie Minogue eta Andres Velencosoren artekoa, kolokan?

Kylie Minogue eta Andres Velencoso. Argazkia: yahoo

Kylie Minogue eta Andres Velencoso. Argazkia: yahoo

Azken boladan hedadutako zenbait daturen arabera, Kylie Minogue eta Andres Velencosoren arteko harremana kolokan dago. Zergatik? Antza denez, abeslari australiarra bakarrik joan da oporretara Italiara, Portofino herrira, eta jarrera serioa erakutsi du. Bestalde, modelo kataluniarrak Ursula Corbero aktorearekin oso harreman estua duela zabaldu da.

Beraz, badirudi bikotea ez dela une gozoak igarotzen ari. Izan ere, krisian daudela dioten zurrumurruak argitaratu diren bakoitzean, ezeztatu egin dute albistea; orain, ordea, ez batak ez besteak ez du ezer esan.

Maiatzean ikusi genituen batera azkenekoz, Canneseko zinemaldian. 2008an ekin zioten amodiozko istorio horri, Parisen ospatutako festa batean elkar ezagutu ondoren. Amaitu egin ote zaie maitasuna? Denborak soilik emango digu erantzuna.