Monthly Archives: August 2011

Justin Timberlake eta Jessica Biel, berriro elkarrekin?

Justin Timberlakek eta Jessica Bielek martxoan hautsi zuten lau urteko harremana, baina orduz geroztik askotan ikusi dituzte elkarrekin. Duela hilabete bat afaltzen ikusi zituzten eta atzerriko prentsak Justinen eta Jessicaren arteko hurbilketa bat posible zela adierazi zuen. Hala ere, bikoteak oraindik ez du baieztapenik egin, eta bakoitzak bere bidea egiten jarraitzen duela dirudi.

Justinen eta Jessicaren arteko erlazioa oso sendoa zela nabarmena da, eta bananduta jarraitzen duten arren, oso lagun onak dira. Izan ere, arrazoi profesionalak direla eta Justin Timberlake Torontora doan bakoitzean bere bikotekide ohia bisitatzen du (pelikula bat grabatzen denbora luzea darama hiri horretan). Eta ez dago zalantzarik, datu hori oso susmagarria da.

Prentsa estatubatuarraren arabera ez zen bizikleta ibilaldi bat soilik izan, eta hainbat aldiz kafea hartzera eta asteburuan zehar afaltzera atera ziren.

Bikotea banandu zenetik, asko izan dira Justinek beste aktore batzuekin izandako harremanen zurrumurruak, eta horietako batzuk izan dira Mila Kunis eta Olivia Wilde.

Kylie Minoguen ipurdia munduko onena da

Kylie Minoguen ipurdia da munduko onena da, Erresuma Batuan egindako inkesta baten arabera. Inkestatutakoen artean, emakumezkoen %20arentzat eta gizonezkoen %25arentzat australiarrak ipurdi ezin hobea du. Abeslariak lehenengo postua kendu dio Pippa Middletoni, Cambridgeko dukesaren ahizpari. Azken honi emakumezkoen %18ak eta gizonezkoen %20ak eman diote botoa.

Bestalde, bere musikarekin pertsonaia oso garrantzitsua izaten jarraitzen du artistak. Aphrodite izeneko bere azken lanarekin lehenengo postua lortu du bosgarren aldiz Billboard Dance zerrendan, “Put Your Hand Up (If You Feel Love)” abestiari esker.

Ez dakigu zerrek egin dion ilusio gehiago abeslariari, baina, zorionak eman behar dizkiogu!

Brad Pittek eta Angelina Joliek Malibun duten luxuzko-etxea salgai jarri dute

Brad Pittek eta Angelina Joliek Malibun duten luxuzko-etxea salgai jarri dute berriro. Jennifer Anistonekin zuen harremana hautsi ondoren erosi zuen etxea aktoreak 2005ean, eta duela hiru urte Jolie eta Pitt etxea saltzen saiatu ziren 12,5 milioiren truke. Hala ere, ez zuten arrakastarik izan eta ez zuten etxea saltzea lortu.

Etxeak bi eraikin aske ditu eta Ozeano Pazifikora ematen du bistak. Lau logela, lau bainugela, sukalde handi bat, banbuzko lurzorua eta hiru tximini ditu etxeak eta Christopher R. Sorensonek diseinatu du goiko aldea.

Gainera, igerileku bat, teniseko pista bat, lorategi handiak eta hondartza pribatu baterako sarbidea ditu.

Bikoteak denboraldi luzeak ematen ditu mundutik bidaiatzen. Hala ere, une hauetan Los Angeleseko Hollywood Hillseko ekialdeko zonaldean dute euren bizileku nagusia.

Espainiar batek 2,4 milioi euro ordaindu ditu Christina Aguilera kontzertuan ikusteagatik

Diruarekin gauza asko lor daitezke, eta diruari esker espainiar batek Christina Aguilera kontzertu pribatu batean ikusi ahal izango du. Abeslariak berarentzat bakarrik abestuko du eta lau abesti eskainiko dizkio.

Artistak jarraitzaile leial asko izaten jarraitzen ditu, eta dirudienez, horietako bat abeslaria hurbil izateko edozein prezio ordaintzeko prest dago. Blog batean, PerezHilton izenpean jakinarazi du pertsona anonimo batek Aguilerak onartu egin duela, eta Espainiara joango dela kontzertu pribatu bat eskaintzera. Espainiarra 2,4 milioi euro ordaintzeko prest dago artista ikusteko.

Ia isilpeko bidaia izango da, eta oso azkarra. Izan ere, ez da bidaiaren data zehatzik eman, ezta ze hiri espainiarretara joango den ere. Baina, oso azkarra izango dela baieztatuta dago, lau abesti soilik abestuko ditu eta.

Jarraitzaileak Christinak ze abesti kantatzea nahi duen ondo pentsatzea espero dugu, kantu bakoitzeko milioi erdia ordaindu beharko baitu.

Famatuek ere ‘bullying’ jasan dute

Gaur egun, zoritxarrez, ume askok jasan behar izaten dute “bullying”a, eta pertsonaia ospetsuen bizitza ezin hobea dela pentsatzen dugun arren, famatu batzuen bizitza ez da izan hain zoriontsua.

Rihanna, Lady Gaga, eta Tokio Hoteleko Bill Kaulitz izan dira “bullying”aren biktima batzuk, eta euren adierazpenen berri izango dugu hemen.

Rihanna musikaren munduko izar handietako bat da egun, baina bere haurtzaroa ez da batere samurra izan. Bere azal kolorea bere gelako kideena baino argiagoa zelako erasoak jasan zituela adierazi du duela gutxi elkarrizketa batean. Hauek izan ziren artistaren hitzak: “Azal argiagoa izatea ez zen arazo bat izan nire etxean, baina eskolara joan nintzenean oso nahastua sentitu nintzen. Eskolako azken eguna arte etengabe zirikatzen ninduten”.

Lady Gagaren jantzi bitxiak, bere makillajeak eta jarrerak ikusiz ukiezina dela dirudi, baina dena ez da ematen duen bezala, eta umea zenean eskola pribatu batera joaten zenean, burlak jasan zituela adierazi du duela egun batzuk: “Sudur handia, ilea oso kizkurra eta gehiegizko pisua nuen. Gauza asko zituzten nitaz barre egiteko”. Baina, lanak eta bere musika talentuak aurrera egiten lagundu ziotela esan du artistak.

“Bullying” jasan zuen beste musikari batzuk Tokio Hoteleko Bill eta Tom Kaulitz anaiak izan dira. Hauen arabera, desberdinak zirelako euren atzetik ibiltzen ziren eskolako kideak. Eskolara joaten zirenean jendeak barre egiten zuen beraietaz, eta horrela adierazi du Billek: “Nire haurtzaroa borrokaz betea egon zen. Eskolara joateko autobusean jo eta kritikatu egiten zidaten. Tom eta ni beste planeta batekoak izango bagina bezala sentitzen ginen. Batzuetan gure ugazaita autobus geltokira gure bila etortzen zen txakur eta beisboleko bate batekin”.

Jay-Zk 250.000 dolar gastatu ditu xanpainetan

Jay-Z, Beyonceren senarra, oso gizon eskuzabala da. Izan ere, Watch the Throne lan berria kaleratu duela ospatzeko, lagunak gonbidatu ditu.

Rap abeslariak 250.000 dolar (ia 175.000 euro) gastatu ditu xanpainatan, Miamiko (AEB) luxuzko hotel batean, eta 50.000 dolarreko (ia 35.000 euro) eskupekoa utzi du, People aldizkariaren arabera.

Gainera, “milaka dolar” gastatu ditu hoteleko jatetxe italiarrean. Bertan, pasta afaldu zuten rap abeslariak eta bere lagunek, eta, horrekin batera, tekila txupitoak hartu zituzten, aipatutako aldizkariak jakinarazi duenez. Hauek izan dira aldizkariaren hitzak: “rap abeslaria oso ondo portatu zen otorduak iraun zuen bitartean”.

Hoteletik atera ondoren, festan jarraitu zuten gaueko klub batean. Bien bitartean, Beyonce kontzertuak eskaintzen ari da egun hauetan, New Yorken.

Rihannaren kizkurrek asteroko 16.000 euroko kostua dute

Gutizi ugari egon ohi dira, eta bakoitzaren gustuen arabera, bat edo bestea aukeratzen dugu. Baina, Rihannaren gutizia ez da edonolakoa. Kosmetika tendentziei dagokienez, abeslariak moda jarraitzen duela argi dago, eta bere ile-orrazkera mantentzeko izugarrizko gastua du.

Artista orrazkera ugarirekin ikusi ahal izan dugu orain arte, baina, ziur aski beste orrazkerek ez zuten bere kizkurren kostua izango. Izan ere, bere kizkurrak historiako garestienak izan daitezke. Agian Ursula Stephenek, izarren estilistak, diamantezko kizkurrekin orrazten dio edo izarrek asko estimatzen dituzte bere eskuak. Ez dakigu zein den kostu horren arrazoi zehatza. Dena den, Rihannak diru-sarrera harrigarriak ditu eta prezioak ez dio arduratzen, horrelako gastuei aurre egitea berarentzat posible baita.

Daily Mail aldizkariaren arabera hauek dira datu zehatzak: estilistak eguneko 2000 euro baino gehiagoko soldata du, hau da, 16000 euro irabazten ditu astero Rihannaren ilea zaintzeagatik.

Txutxu-mutxuak: Shakira eta Pique, bikote higuingarriena

Aurreko urtean Shakira eta Pique elkarrekin agertzen ziren argazkiak bilatzen zituzten kazetari guztiek. Aurten, ordea, gauza dexente aldatu dela dirudi. Izan ere, EFE agentzia espainiarraren inkesta baten arabera, goragalea eragiten dute Shakira abeslariak eta Gerard Pique futbolariak.

Inkestatuen %73,4aren arabera abeslariak eta kirolariak osatzen dute bikote higuingarriena, askotan agertzen direlako komunikabideetan eta komunikabideek bikotearen elkartze bakoitza asko zabaltzen dutelako. Facebook eta twitter sare-sozialetan euren argazkiak igotzea ere aspergarria egiten zaie inkestatuei.

EFE agentziak eginiko inkesta honetan Iker Casillas futbolaria eta Sara Carbonero daude bigarren postuan (%11), eta ondoren, Penelope Cruz eta Javier Bardem (%4,9) daude.

Inkesta hau alde batera utzita, esan beharra dago higuingarritasunari dagokionez, beste bikote batzuk ere ez direla atzean geratzen. Hauek dira horietako batzuk: Justin Bieber eta Selena Gomez, Brad Pitt eta Angelina Jolie, eta Tom Cruise eta Katie Holmes.

Hemen aipatutako bikote guztiez gain, beste bikote higuingarririk dagoela uste al duzu?

Miley Cyrusen tatuaje berriak polemika piztu du

Miley Cyrusek berdintasun zeinua duen tatuaje bat egin du, eta argazki hori igo du twitterrera. Izugarrizko polemika piztu da gaztearen tatuaje berriarekin, izan ere Amerikar Estatu Batuetan sexu berdina duten pertsonen arteko ezkontza 50 estatutik 6 estatutan soilik onartzen da. Bere jarraitzaile askok homosexualen eskubideak ez lituzkeela babestu behar uste dute. Beraz, bere jarraitzaileen artean orain eztabaida da nagusi.

Bere jarraitzaileetako batek galdera hau egin zion twitter bidez: “Bibliako zein zatitan esaten da homosexualitatea zuzena dela?”. Artistak, beste galdera batekin erantzun zion: “Bibliako zein zatitan esaten da besteak epaitu daitezkeela? Ez da horrelakorik agertzen. Jainkoa da epaile bakarra, eta jainkoa maitasuna da”.

Dena den, abeslaria lehenago ere azaldu da homosexualen alde. 2010eko martxoan Parade izeneko aldizkari estatubatuarrari adierapen hauek egin zizkion: “Ezkontza homosexualean sinisten dut, denok elkar maitatzeko eskubide berberak ditugula uste dudalako”.

Polemika pizteko asmoarekin egingo al zuen Cyrusek tatuajea?

Enrique Iglesiasek munduko zakil txikiena dauka

Izenburu horrek gordin xamarra dirudi baina Enrique Iglesiasek berak egin du aitorpen hori Melbournen emandako kontzertuan. Artistak zakil txiki-txikia omen du eta ahal izango balu aldatu egingo luke.

Australian ematen ari zen kontzertuan lore ugari jaso zituen agertoki gainean zegoen artistak eta, orduan, Iglesiasek, milaka zaleren aurrean, bere sekretu txikia argitu zuen: “Gizonkote espainiar ona izateko zakilaren tamaina garrantzitsua ote den? Bada, nik agian espainiar itxura izango dut baina munduko zakilik txikiena daukat. Benetan. Oso-oso txikia da. Ahal izango banu aldatu egingo nuke. Sekula ezin izaten dut nire tamainako preserbatiborik topatu”.

Enrique Iglesias lasai eta gustura zebilen agertoki gainean eta sexu harremanak izan zituen lehen aldiaz hitz egin zuen: “Egia esango dut, 17 urte eta erdi nituen eta hamar segundoko iraupena izan zuen”.

Ohiko konkistatzaile itxura atzean utzi nahiko al du artistak?